Amets Aranguren Arrieta
Kuadrillako batek etxea du Iruñetik hego-ekialdera dagoen 30 biztanle erroldatuko herri txiki batean. Autoz, hogei minutu inguru. Asteburuan jaiak zirela-eta, kuadrillakoak joateko gonbita egin zigun abuztu bukaerako asteburu batez, eta bueltan baiezkoak jasotzeko esperantza handirik gabe.
Esan beharra dago berak ere ez zigula plana oso ongi saldu; ez da berak etxerik izanen ez balu joanen ginatekeen herri bat, ez da gure girokoa. Ez galdetu zergatik, baina kasualitatez-edo, uda osoan kuadrillakook elkarrekin egiten genuen planik jendetsuenetakoa izateko itxura hartzen hasi zen. Eta noiz joan zer eraman autoa nork itzultzeko zein plan eta hori dena itxi eta gero, bagoaz.
Bitan zatitzen da herria jaietan: lehenengo egunean herriaren erdiak (zortzi etxek edo) antolatzen du merendua, ronda copera deritzona, eta bigarren egunean, beste erdiak. Akordeoi-jotzaile batekin lagunduta egiten da etxez etxeko ibilbidea arratsaldean, eta jana eta edana prestatu eta ateratzen du etxe bakoitzeko jendeak, herritarrak pasatzen direnerako.
Lehendabiziko bizpahiru etxeetan, albokoarekin begirada eta komentario dexente: nor etorri den eta norekin, nola aldatu den ez dakit nor, zenbat seme-alaba izan dituen besteak azkenaldian, nor falta den… Helduenak elkarri zer moduz?-ka eta gazteenak beste gazte batzuk fitxatzen. Oraindik, halere, giroa pixka bat hotz eta lotsati.
Zazpigarren etxera heltzerako, herri osoa (kanpokook barne) da familia bat, besoak elkarren sorbaldetan jarrita …con dinero y sin dinero, hago siempre lo que quiero… hirugarren aldiz elkarrekin kantatzen.
Rondaren ondotik orkestra bat izaten da tartetxo batez herriko plazan, gero gauez ere jaia girotuko duen berbena orkestra horietako bat. Hiru gizon heldu eta neska gazte bat. Hiru beltzez jantziak: bat atzean dago teklatuan, bestea ondoan ordenagailuan, eta azkena, berriz, aurrean, showaren gidari.
Laugarrena zuriz dago jantzita, gona motzez, kantuan eta dantzan. Uste dut badakizuela zein den zein.
Afaltzeko etxera itzultzeko ohitura badute herrian (etxez etxekoa gutxi izan balitz bezala), beraz, programazioa hiru orduz-edo eten egiten dute, bakoitzak bere etxean afaltzen du, eta buelta afaldu eta gero, berriz, elizpeko plazara.
Gogoz heldu da jendea gaueko dantzaldira, baita gu ere. Eta dantzatu gara No rompas más, mi pobre corazón… kantuarekin eta abestu ditugu La camisa negra, La chica yeyé, El chacachá del tren eta abesti horiek denak, eta kongetan ere parte hartu dugu, nola ez. Gelditu gabe, eta barrezka.
Eta bat-batean: klik. Bat-batean, kanpotik ikusi dut neure burua. Eta egin dizkiot galdera batzuk: Amets, zenbateraino ari zara dantzan, kantuan eta barrezka modu ironikoan? Zenbateraino ari zara jokatzen nagusitasun sentimendu batetik, giroari trufa eginez bezala, pentsatuz bezala, gaixoak, hau da jaia haiendako (beste gauza erabat diferentea direlako gure erromeria taldeak)? Zenbateraino ari zara gainontzekoei sorbalda gainetik begira?
Argazkia: Iñigo Uriz / Foku