Isiltasun anitz urratzeko

Nafarroako Gobernuak hitzaldi sorta bat antolatu du suizidioaren auziaz hitz egiteko eta gaia erdigunean jartzeko. Tuteran egin dute lehenengoa, eta azarora bitarte bertze sei izanen dira, Lizarran, Elizondon, Zangozan, Tafallan eta Iruñean.

Edurne Elizondo

Hitz egin dezagun suizidioari buruz”. Horixe erran du Nafarroako Gobernuko Osasun zuzendari nagusi Carlos Artundok, Tuteran egindako mahai inguru batean. Nafarroako Gobernuak hitzaldi sorta bat antolatu du horretarako, hitz egiteko: auzia “karrikara” atera nahi dute, eta suizidioaren inguruko estigmari aurre egin. Tuteran joan den astean egin zutena izan da zikloko lehenengo saioa; hurrengoa irailaren 29an eginen dute (Lizarran), eta gainerakoak, berriz, urriaren 20an (Elizondon), urriaren 27an (Zangozan), azaroaren 10ean (Tafallan), eta azkena azaroaren 19an (Iruñean).

Artundorekin batera, Nafarroan jarrera suizidak prebenitzeko eta jarrera horiei aurre egiteko baliabideak koordinatzeko erakunde arteko batzordeko bertze zenbait kidek hartu dute hitza Tuteran: Besarkada elkarteko Paco Carcavillak; Adriana Goñi psikologoak; Eduardo Sainz de Murieta foruzainak, eta Nafarroako Itxaropenaren Telefonoko zuzendari tekniko Alfonso Etxabarrik.

Besarkadako Pacp Carcavilla.

Carcavillak badaki gertuko norbaiten suizidioari aurre egitea zer den: 19 urteko bere semeak egin zuen bere buruaz bertze, 2020. urtean. Heriotza horrek eragindako minak eraman zuen, ia berehala, Besarkada elkartearekin bat egitera. Beren burua hil dutenen senideek eta lagunek osatzen dute elkartea, eta han aurkitu zuen Carcavillak behar zuen babesa.

Nafarroako Gobernuak suizidioaz hitz egiteko antolatu du hitzaldi sorta, eta bat egin du mezu horrekin Carcavillak. Ontzat jo ditu administrazioak martxan jarritako baliabideak —haietako zenbait Besarkadak proposatutakoak—, baina garbi utzi du oraindik “lan handia” dagoela egiteko. “Besarkadak eman dit niri behar nuen babesa; haiek gabe, bakarrik egonen nintzateke. Gure etxean gure kabuz egin dugu aurrera”. Carcavillak administrazioari egin nahi izan dio kritika hitz horien bidez, Nafarroako Gobernuak kezka duela eta gaia jorratu nahi duela onartu arren.

Adibide bat jarri du erdigunean: telefonoz jaso zutela emazteak eta biek semearen heriotzaren berri. “Biok bakarrik ginen etxean, eta telefono dei baten bidez erran ziguten gure semeak bere buruaz bertze egin zuela. Hori ez da posible; hori ezin da horrela egin. Horrelako berri bat ezin da telefonoz eman”.

Eduardo Sainz de Murieta foruzainak entzun eta jaso ditu Carcavillak errandako hitzak, eta aitortu du foruzainek “huts” egin zutela. “Gauzak ez ziren ongi egin; horrelakoak konpondu behar ditugu”.

Prestakuntzaren beharra

Eduardo Sainz de Murieta foruzaina.

Kontua da duela zortzi urtera arte suizidioaren inguruko inolako prestakuntzarik ez zutela jasotzen Foruzaingoko kideek. “Ez zegoen deus”, erran du Sainz de Murietak. Orain ere, behar baino gutxiago, oraindik ere. Erakunde arteko batzordea osatu eta suizidioa prebenitzeko eta jorratzeko protokoloa onartu eta gero, gaia lantzen hasi dira foruzainen artean, bai eta Nafarroan dauden gainerako polizia taldeetan ere. “Suizidio bat gertatzen denean, legez hor egon behar dugu. Gure lana da, gutxienez, familiak eta hurbilekoek une horretan bizi duten egoera are zailago ez bilakatzea”.

Adriana Goñi psikologoa.

Prestakuntza behar dela nabarmendu dute Tuterako mahai inguruan parte hartu duten guztiek: prestakuntza jarrera suizidak dituztenak artatzeko, bai eta jarrera horiek identifikatzeko eta prebenitzeko ere. Osasun mentaleko zerbitzuen ikuspuntutik aritu da Adriana Goñi psikologoa, eta garbi du sistemak suizidioaren auzian trebatutako adituak behar dituela.

Ez ditu nahikotzat eman egungo baliabideak. Ez hori bakarrik: “Herrialdean beren buruaz bertze egiten dutenen erdiak baino gehiago dira osasun mentaleko zerbitzuetako erabiltzaile suizidatzen direnean, eta datu hori txarra da”, azaldu du Adriana Goñik. Batetik, sistemak ez duelako sufritzen ari diren pertsona anitzen berri; eta, bertzetik, sistemaren barruan egoteak ere ez duelako bermatzen erabiltzaileek behar duten heldulekua aurkitu ahal izatea. “Faktore askok eragiten dute suizidioaren auzian; gai konplexua da”, erantsi du psikologoak.

Carcavillaren semeak ez zuen osasun mentaleko inolako diagnostikorik. Besarkadako kideak bat egin du Goñirekin, eta garbi du faktore askok eragiten dutela pertsona batek bere buruaz bertze egiteko erabakia. Atzera bota du begirada, eta aitortu du orain “detaile txikiak” identifikatu dituela. “Orain dakidanarekin, akaso ez nuen lortu izanen semeak bere buruaz bertze ez egitea, baina bertze modu batera jokatu izanen nuke”.

Senideen dolua

“Suizidioarena arazo sozial bat da; gizarte osoarena”, nabarmendu du Paco Carcavillak. “Nire semea suizidioak eta isiltasunak hil dute”, erantsi du: “Bere mina barruan gorde zuen, eta sufrimenduak gora bertzerik ez zuen egin. Denok egon behar dugu adi, eta ondokoak laguntzen saiatu, sufritzen ari direnean”. Beren buruaz bertze egin dutenen senideek ere “sufrimendu ezezagun” bati egin behar diote aurre: “Sentitzen dugun minaren intentsitatea hain da handia, erotzen ari ote garen pentsatzen baitugu. Min hori ezagutzen dutenen babesa ezinbertzekoa da”.

Besarkadan aurkitu du babes hori; gizartean lan handia bada egiteko, ordea, Carcavillaren ustez: “Jendeak ez du ulertzen gure dolua; dolua gainditzeko presioa sentitzen dugu, eta horrek are okerrago sentiarazten gaitu. Jendeak ulertu behar du gurea ez dela ohiko dolu bat, eta luzeagoa dela suspertzeko behar dugun denbora”.

Itxaropenaren Telefonoko Alfonso Etxabarri.

Mina arintzeko suizidioari buruz hitz egin behar dela errepikatu du Carcavillak, behin eta berriz. “Auziak gizartean egon behar du, denoi eragiten baitigu”. Itxaropenaren Telefonoko Alfonso Etxabarrik ere bat egin du Carcavillarekin, eta gaineratu du “funtsezkoa” dela “ondokoak laguntzeko eta entzuteko prest” egotea. “Erortzen bazara, sare bat behar duzu azpian”, erran du.

Carlos Artundo Osasun zuzendari nagusia.

Herritar guztiek ez dute, halere, babes sare bat. Itxaropenaren Telefonoa “helduleku” bat dela azaldu du Etxabarrik. “Jasotzen ditugun deietako anitzek badute harremana jarrera suizidekin; trebatutako lantalde bat dugu dei horiek artatzeko”. Hezkuntza emozionalaren beharra aipatu du Etxabarrik ere, eta ideia hori nabarmendu du Carlos Artundok ere. “Kezkatuta gaude; zerbitzuak behar dira, bai eta komunitate osoa adi egotea ere”.

 

ZENBAIT URRATS

Nafarroako Gobernuak bide bat egin du suizidioaren gaiaren inguruan azken urteotan, eta lan horren emaitza da, bertzeak bertze, egun indarrean den protokoloa. Gizarte eragileen bultzada funtsezkoa izan da martxan jarri dituzten zenbait zerbitzu garatzeko.

Txostena. 2014. urtean, 56 pertsonak egin zuten beren buruaz bertze Nafarroan. 2007. urtetik, hain zuzen ere, suizidioa da berezkoak ez diren heriotzen kausa nagusia, zirkulazio istripuena baino ugariagoa. Datuek Nafarroako Gobernuaren kezka piztu zuten, eta 2014an, 2010etik 2013ra bitar- teko suizidioei buruzko txoste- na argitaratu zuen, gerora garatu dituen planen oinarri.

Batzordea. Suizidioen auziari heltzeko asmoz, Nafarroako Gobernuak koordinaziorako batzorde bat osatu zuen 2014. urtean: Nafarroan jarrera suizidak prebenitzeko eta jarrera horiei aurre egiteko baliabide- ak koordinatzeko erakunde ar- teko batzordea. Batzorde horretan bat egin dute Nafarroako Gobernuko Osasun, Hezkuntza, Eskubide Sozialak eta Lehendakaritza eta Barne departamentuek; zenbait gizarte erakundek —Besarkada eta Itxaropenaren Telefonoa tartean—; polizia taldeen ordezkariek; kazetarien ordezkariek; larrialdietako zerbitzuko ordezkari batek, eta Auzi Medi- kuntzako Institutuko zuzendariak. Garaian garaiko Nafarroa- ko Gobernuko Osasun zuzendari nagusia da batzorde horretako lehendakaria.

Protokoloa. Batzordeko kideen lanetako bat izan da suizidioei aurrea hartzeko eta suizidioari lotutako jokaerak saihesteko protokoloa garatzea; 2015. urteko abuztuan onartu zuen Nafarroako Gobernuak agiri hori, zehazki. Besarkada. Protokoloa onartu zuten urte berean, Besarkada elkartea jarri zuten martxan beren burua hil dutenen senide-ek eta lagunek herrialdean. Suizidioaren inguruko estigmari egin nahi diote aurre, bertzeak bertze, eta senide eta lagunei behar duten laguntza eta babesa eskaini. Formakuntza eta aholkularitza ere eskaintzen dituzte.

Webgunea. Besarkada elkarteko kideek proposatuta, Nafarro- ako Gobernuak, suizidioari aurrea hartzeko batzordearen bidez, webgune bat jarri du martxan, herritarren esku suizidioaren inguruko informazio zehatza eta baliabideak jartzeko asmoz. Navarra.es atariaren bi- dez du sarbidea. Iazko irailaren 10ean jarri zuten martxan, eta, geroztik, 6.700 bisita baino gehiago jaso ditu. Besarkadak eskatuta, gainera, suizidio saiakeren erregistro bat egiten hasi da Nafarroako Gobernua.

Suizidio Kodea. Egun indarrean dago 2019-2023rako onartutako Osasun Mentaleko Plana, eta, horren barruan, Suizidio Kodea martxan jartzeko aukera dago jasota. Nafarroako Gobernuak 2020an eman zuen kode horren berri, baina oraindik ez dute martxan jarri. Kode horren asmoa da arrisku kasuak eta egoerak identifikatzea, eta kasu eta egoera horien jarraipena egitea. Osasun zerbitzuetako profesionalek telefono bidezko harremana ezarriko lukete, adi- bidez, zerbitzu horietako erabiltzaileekin. Prebentzioa lantzeko tresna garrantzitsua izan daitekeela uste dute adituek.

Suizidioari Aurrea Hartzeko Plana, Espainiako Gobernuarena. Beren burua hil dutenen senideak aspalditik ari dira Espainiako estatu mailako plan bat eskatzeko lanean, auzi horri are baliabide gehiagorekin aurre egin ahal izateko. Besarkadako kideak Espainiako Kon- gresuan eta Senatuan izan dira, plan horren beharra nabarmen- tzeko, hain zuzen ere. Espainiako Gobernuak eta Espainiako Kongresuak behin baino gehiagotan eztabaidatu dute gaia, baina, oraindik ere, plana ez da onartu.

 

58

IAZKO SUIZIDIOAK. Nafarroan 58 pertsonak egin zuten beren buruaz bertze 2021ean: 2020an baino %32 gehiagok.

14.000

TELEFONO DEIAK. Itxaropenaren Telefonoak 14.000 dei jaso zituen iaz Nafarroan; anitz, suizidioarekin lotutakoak.

024

LAGUNTZEKO ZENBAKIA. Espainiako Gobernuak 024 telefono zenbakia jarri du martxan, jarrera suizida dutenak laguntzeko.