Komunitatea eratzeko eguna

Komunitatea eratzeko eguna

Zenbait erakundek eta norbanakok Iruñerriko Mundialito Antirrazista antolatu dute; urriaren 1ean eginen dute, Iruñeko Biurdana institutuko pistetan. Saretzea da asmoa.

Edurne Elizondo

Baloiak prest dira. Futbola eta saskibaloia aitzakia bat bertzerik ez dira, halere: Iruñerriko Mundialito Antirrazista antolatu dute, nonahi jaio eta Nafarroan bizi diren herritarrek elkar ezagutzeko aukera izan dezaten kirolaren bidez. “Komunitatea eratzea da kontua”, erran du Martin Zamarbide antolatzaileak. Urriaren 1ean eginen dute, Iruñeko Biurdana institutuko pistetan.

Katakrak liburu dendaren inguruan sortu da arrazakeriaren aurkako ekinaldi hori egiteko ideia. Bilbon seigarrenez egin berri dute aurten mundialito antirrazista, eta antolatzaileek iaz Iruñean egindako hitzaldi baten bidez erein dute egitasmo horren hazia Nafarroan. “Bilera ireki batera deitu zuten Katakraken; zenbait erakundek eta norbanakok egin dugu bat, eta denon artean ari gara urriaren 1eko besta antolatzen”, kontatu du Marga Ramosek.

Ikaskide elkartekoa da Ramos; haur eta gazteekin egiten dute lan. Haietako anitz dira migratzaileak. Ikaskidek Iruñeko Alde Zaharrean du egoitza, eta auzoko karriketan agerian gelditzen da, oraindik ere, “zenbait muga gainditzea zaila” dela. “Auzoko haurren jatorria askotarikoa da, baina ez dute bat egiten; nor bere taldearekin egoten da jolasean”.

Irudi hori aldatu nahi dute mundialitoaren antolatzaileek. Ospatu nahi dute arrazakeriaren aurka lanean ari diren erakundeen ekarpena, eta elkarrekin sarea sortu izana; gainera, jendeari topagune bat eman nahi diote elkar ezagutzeko; hori guztia, kirolaren bidez.

Partidak eta bazkaria

Irailaren 26ra bitarte dago mundialitoan izena emateko aukera; banaka edo hirunaka egin daiteke bat. “Zazpi laguneko taldeak osatuko ditugu guk; ideia da genero, adin eta jatorri ezberdinetako pertsonak elkartzea”, kontatu du Zamarbidek. Urriaren 1ean, 10:00etan hasiko da mundialitoa, eta parte hartu nahi dutenek aurretik ere eman ahal izanen dute izena, egun horretan. Euria eginen balu, Arrotxapeko Compasion ikastetxera mugituko lukete mundialito antirrazista. Goizez eginen dituzte partidak, eta, amaitu eta gero, Haritu Sareak prestatutako bazkaria dastatuko dute. Musika lagun izanen dute egun osoan.

Haritu Sarea, Haziak, Itaka Escolapios, Ikaskide, Katakrak, Kontseilu Sozialista Lantxotegi eta Siñarzubi dira Iruñerriko Mundialito Antirrazista antolatzen ari diren erakunde nagusiak. “Ahoz ahokoak funtzionatzen du gure artean; harremana badugu batzuek eta bertzeek”, zehaztu du Ramosek. Ondorioz, bertze elkarte eta talde anitz ere inplikatu dira proiektuan.

Ramosek autokritika egin nahi izan du, eta aitortu du badela lana egiteko oraindik ere. Mundialitoa antolatzeko prozesua jarri du adibide: “Toki anitzetako jendea egon gara batzarretan. Sumatzen dut migratzaileentzat zaila dela hitza hartzeko urratsa egitea; elkarteetan bide bat egina dugunok saiatzen gara zer nahi duten galdetzen, baina kontua da paternalismoz jokatzeko arrisku handia dagoela”.

Ez dute hori nahi, eta bilatzen ari dira espazio horietan ere berdinen arteko dinamikak bultzatzea, garbi baitute arrazakeriaren aurkako borrokan zapalkuntza sufritzen dutenak direla nagusi eta gidari.

Oztopoak bazter uzteko ari dira lanean Zamarbide eta Ramos, mundialitoa antolatu duten gainerako erakunde eta norbanakoekin batera. Aurtengo ekinaldiari segida emateko bokazioz sortu dute urriaren 1eko besta, gainera. Urtean behineko mundialiatoz gain, elkarrekin bertzelako egitasmoak babesteko edo egiteko aukera ere ez dute baztertzen. Topagune bat izan nahi dute, eta komunitatea eratu.

Argazkia: Iñigo Uriz / Foku