Kazetaria, idazlea eta ikerlaria. Hitz horiekin osatu du Olga Rodriguez Franciscok bere biografia txikia. Nazioarteko hamaika gatazkaren lekuko izan da. Bazter utzitakoak eraman nahi izan ditu beti erdigunera.
Edurne Elizondo
Madrildik etorri da Olga Rodriguez Francisco (Leon, Espainia, 1975) Iruñera. Donostian ere egon da berriki, Zinemaldian: En los márgenes filmeko gidoia idatzi du. Kazetaria da, halere, bokazioz. 1990eko hamarkadan hasi zen lanean. Lanbidea maite du, baina ez du maite botereari men egiten dion kazetaritza. Gertatzen denaren zergatia bilatu du idatzitako erreportajeen eta liburuen bidez, eta zapalduen alde lerratu da beti. Bazter utzitakoen alde.
Julian Assangeren auziak ekarri zaitu Iruñera, haren abokatu Renata Avilarekin hitzaldi bat egitera. Zer lezio ikasi duzu auzi horrekin?
Kazetaritza baztertu beharreko zerbait bilakatzen dela botereari men egiten ez dionean. Estatuko eta nazioarteko hedabide nagusiek txalotu eta ospatu egin zuten Wikileaks hasieran, baina hedabide horiexek estigmatizatu egin dute gero, gustuko ez zituzten edukiak publikatzen hasi zenean. Assangeri gertatu zaionak agerian uzten du muga non dagoen, noraino iker dezakegun. Gaizki informatutako gizarte bat erraz manipulatu daiteke.
Kontua da nork erabakitzen duen zertaz eta nola hitz egin?
Kazetaritzaren lana da hori. Arazoa da kazetaritza mertzenario bat ari dela zehazten zertaz eta nola hitz egin. Horrek min handia egiten du. Zarata izugarria sortzen du. Azken hamar urteotan, adibidez, erabat normalizatu dira eskuin muturreko diskurtsoak, eta zenbait hedabidek rol bat bete dute normalizazio horretan. Mezu arrazistak, gorrotozko mezuak zabaldu eta normalizatu dituzte.
Salatu izan duzu botere ekonomikoa erredakzio handi anitzetan sartu dela, eta informazioa salgai bilakatu dutela. Egoera horretan, zer rol betetzen dute kazetariek?
Nik sinetsi nahi dut informazioa oinarrizko eskubide bat dela. Nik ikuspuntu horretatik egiten dut lan. Horrek erran nahi du giza eskubideen kultura batetik jorratu behar dugula beti informazioa, ardura handiz. Nik nahiago dut lanbidea aldatu, informazio bat manipulatu edo zerbait ikertzeari uko egin baino. Giza eskubideen inguruko kulturarik eza nabarmena da erredakzioetan.
Erdigunean egon beharko luke?
Bai, zalantzarik gabe. Giza eskubideek izan beharko lukete kazetarion obesio. Hamaika aldiz erabaki dut nik kazetaritza uztea. 1990eko hamarkadan hasi nintzen lanean, eta tarteka bertze gauza batzuk egin ditut, baina behin eta berriz itzuli naiz kazetaritzara, konpromiso bat eta behar bat sentitzen dudalako.
Ez duzu esperantza galdu nahi kazetaritzaren egoerak hobera egingo duela?
Beti badira kazetaritza proiektu zintzoak, beti badira botereak ezarritako ildo horri ihes egiten dioten profesionalak. Nire kasuan, gertatu izan zait egun batean norbaitek deitzea zerbaiten berri emateko, eta zabaltzeko behar horrek eraman nau kazetaritzara, berriz ere. Gai anitz ezkutuan gelditzen ari dira, oinarrizkoak izan arren.
Bazter gelditzen den horretan jarri behar du begirada kazetariak?
Nik uste dut baietz. Kazetaritzak dena jarri behar du zalantzan. Boterearen diskurtsoa jarri behar du zalantzan. Gizartean dauden desberdinkeriak, zapalkuntzak eta gehiegikeriak jarri behar ditu kazetaritzak erdigunean.
Bada arriskua zapalduen alde ari den kazetaritza aktibismoarekin nahasteko?
Joera hori dago, giza eskubideak erdigunean jartzen dituen kazetaria ekintzailetzat jotzekoa, zentzu txarrez. Nik uste dut kazetariaren funtsezko zeregina dela giza eskubideen alde egitea. Arazoa da kazetari batzuk bertzelako kontuekin konprometitzen direla, bertzeak bertze [Espainiako] Estatuaren estoldekin. Baina, tamalez, giza eskubideen alde ari direnen lana bazter uzten da, eta bertze kazetaritza hori da goraipatzen dena.
Bazterrera begiratzen duen kazetaritza horren lana da zergatiak azaltzea?
Hori da oinarria, nire ustez. Testuingurua eman behar dugu; zergatia ulertzeko gakoak. Kontua da denbora behar dela horretarako, eta gaur egungo erredakzioetan dagoen dinamika, hain justu, kontrakoa da. Kazetariak beti aritu behar du ikasten eta ikertzen, zergatiak azaldu ahal izateko. Gaur, halere, zaila da.
Prekaritateak zailtzen du kazetariaren lana?
Bai. Eta prekaritateak errazten du, era berean, kazetariok geurezkoa beharko genukeen espiritu kritiko hori hutsean gelditzea. Erredakzio anitzetan ez dute horrelakorik nahi, eta prekaritatea baliatzen dute jendea kanporatzeko.
Pablo Gonzalez kazetariak zazpi hilabete daramatza atxilotuta Polonian. Zer deritzozu?
Gure lanbidea erabat konprometitua dago boterearekin, eta informazio askatasunarekin konprometitzen diren kazetariak, berriz, estigmatizatu egiten dituzte. Pablo Gonzalezen auzia kazetari guztion ardura da, eta, halere, ez da mobilizazio handirik sortu haren alde. Gogorra da.
Bertze kazetari batek are garestiago ordaindu du informazio askatasunaren prezioa: Israelgo armadak maiatzean hil zuen tiroz Xireen Abu Akleh palestinarra.
Laguna nuen. Kazetariak hiltzen dituzte, eta ez da deus pasatzen. Ez, behintzat, hiltzaileak aliatuak direnean. Xireen [Abu Akleh] ikur bat zen palestinarrentzat, eta kanpotik ailegatzen ginenok laguntzeko prest zegoen beti.
Iraken, 2003an, bertze bi kazetariren heriotzaren lekuko izan zinen: Jose Couso eta Taras Protsyuk hil zituen AEBetako armadak.
Errudunak auzipetzen saiatu gara, baina bagenekien noren kontra ari ginen. Ondorioz, egindako urrats orori eman behar diogu balioa, nire ustez. Baina etsigarria da ikustea kazetariak horrelako zigorgabetasunez hiltzen dituztela. Iraken gertatu zenak bizitza aldatu zidan niri: mundua nolakoa den erakutsi zidan.
Zinemaren esparruan sartu zara orain, Juan Diego Bottok zuzendutako En los márgenes filmaren gidoigile gisa. Zer moduzkoa izan da esperientzia?
Niri idaztea gustatzen zait, eta horregatik sartu naiz. Nik idatzitako erreportaje batzuk irakurri eta gero hasi zen Juan [Diego Botto] filmaren ideia mamitzen. Egungo sistemaren dinamika da onartzea gero eta jende gehiago biziko dela bazterrean, eta bazter utzita. Hori onartzen ari gara; ikaragarria da.
Bazter utzitako horiek erdigunera eraman nahi izan dituzue?
Zinemak hori egin dezake, eta hori da filmaren helburua, hain zuzen. Eta kazetaritzarena ere bai. Horretan ahalegintzen naiz.
Argazkia: Iñigo Uriz / Foku