Nafarroako Gobernuak martxan jarri ditu Artziko Jauregia zaharberritzeko lanak. Madrilek egin behar zituen berez, Itoizko urtegiak eragindako kaltearen ordainean.
Edurne Elizondo
Oraindik ez dira zauri guztiak sendatu; oraindik ere, mina eta amorrua sumatzen dira herritar anitzen hitzetan, Itoizko urtegiaren aurkako borrokak ibarrean utzi duen arrastoari buruz mintzatzen direnean”. Horixe nabarmendu du Mabel Cañadak, Itoitzekiko Elkartasuna taldeko kide ohiak. Artzibarko Udaleko zinegotzia da orain, eta tristuraren gainetik “ibarra berreraikitzeko” gogoa nagusi dela erantsi du, halere. Gogo horren adibide, Cañadak ospatu egin du Nafarroako Gobernuak Artziko Jauregia zaharberritzeko lanak hasi izana. “Eraikina ikur bat da guretzat; berritu eta gero, ibarreko kideok bat egiteko behar dugun espazioa lortuko dugu, azkenean”.
Izan ere, jauregia berritzeko proiektuak bide luzea egina du, eta badu harremana Itoizko urtegiarekin. Berez, Espainiako Gobernuari zegokion eraikina konpontzeko ardura, azpiegitura horrek eragindako kaltearen ordainean. “Madrildik, baina, ez dute deus egin. Urte luzez aritu gara presioa egiten, baina ez dugu deus lortu”, salatu du Cañadak.
Ibarraren “ikur”
Madrilen deus lortu ez zutenez, Artzibarko Udaleko arduradunek Nafarroako Gobernuko atea jotzea erabaki
zuten, eta erakunde horretan aurkitu dute, azkenean, behar zuten babesa. Zehazki, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoen Departamentuaren bidez garatu dute egitasmoa. “Izan dadila jauregi hau eskualde bat biziberritzeko ikur; izan dadila aukera bat tokiko eragileentzat eta gazteentzat”, erran zuen departamentu horretako Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusi Ruben Goñik, Artzin, obren hasiera iragartzeko ekinaldian, irailaren 15ean.
Gobernuaren babesa eskertu du Cañadak, funtsezkoa izan baita. Zehazki, 2,4 milioi euroko proiektua da jauregia zaharberritzeko obra —Maldadia etxeak eginen du—, eta diru hori Europako funtsen bidez lortu du Nafarroako Gobernuak. Jauregia Artziko Santa Maria elizaren babes eremuaren barruan dago. Eliz hori, hain zuzen, 1983tik da Kulturarako Interesa duen Ondare. Artziko Jauregia XII. mendeko lehen erdiko eraikin bat da; U itxura duten hiru eraikinek osatzen dute. Zati bat behera bota beharko dute, hagitz hondatua dagoelako. Asmoa da eraikina erabilera anitzeko gune bilakatzea. Kultur jarduerak garatu ahal izanen dituzte, bai eta aisialdiarekin lotutakoak ere.
Nafarroako Gobernuaren bultzadarekin batera, Artzibarko Udaleko ardura izan duten “talde guztiena eta herritarrena” nabarmendu du Mabel Cañadak. “Egitasmo hau ez da oraingoa, eta udaleko arduradun guztiek egin dute lan; herritarrek ere bai. Martxan jarri ditugun parte-hartze prozesuetan anitz inplikatu dira”, kontatu du Artzibarko zinegotziak.
“Urte luzez, bazter utzitako ibar bat izan da gurea”. Oraingo ilusioak ez du bazter uzten bertze garai bateko tristura. “Ibarreko kideok ez dugu bat egiteko inolako espaziorik; bertze edozein herrik dituen azpiegiturak ez daude Artzibarren”, kritikatu du.
Oztopoen gainetik, Artzibar “ibar bizi bat” dela erantsi du Cañadak. “Gazteen eskutik ari da ibarra berpizten, neurri handi batean”, erran du. Kattalin eta Maddi Barber ahizpen kasua jarri du erdigunean, kasurako: “Maddi Barberrek zenbait film egin ditu Itoitzi buruz, adibidez; pena da ibarrean, oraindik ere, lan horiek behar bezala ikusteko tokirik ez izatea. Kattalin Barber, berriz, Artzibarko herbarioa osatzen ari da”. Azaldu du, bertzalde, bertze gazte talde batek zerbitzu kooperatiba bat jarri duela martxan, ibarreko jendea laguntzeko eta artatzeko asmoz.
Bertze bi proiektu
Artziko Jauregia zaharberritzeko proiektua ez da ibarrean esku artean duten bakarra. Bertze bi daude mahai gainean: jauregiaren ondoko Ermitauaren Etxea berritzeko proiektua da bat. “Informazio gune bat egin nahi dugu, bizikletak eta gisakoak gordetzeko leku bat”, erran du zinegotziak. Zanduetan hutsik dagoen eraikin baten ingurukoa da bertzea. Gune horretan zer egin erabakitzeko, parte-hartze prozesu bat jarri dute martxan, Artzibarko bizilagunen iritziak jasotzeko. Elkarlanaren bidez egin nahi du ibarrak aurrera.