“Beti azaldu behar da zergatik zauden zu hor, eta ez beste bat”

Udazkena garai bizia izan ohi da argitaletxeentzat. Liburu azokak begien bistara, liburuak bukatu eta aurkeztu dabiltza, jo eta su; uzta jasotzen eta erakusten. Iazko udaberritik editore ari da Uxue Razquin Olazaran.

Uxue Rey Gorraiz

“Beti liburu bat eskuan” dago idatzirik Uxue Razquin Olazaranen Twitterreko biografian (Iruñea, 1992). Erdi egia da: eskuan ez, baina motxilan bat dakarrela agertu da elkarrizketara. Beste asko buru barrenean ditu, bihotzean kargaturik beste hainbeste. Iruñeko alabak afizioa ofizio du orain urte eta erdi bat. Erein argitaletxeko editorea da ordutik.

Zer sentitzen duzu “inprentara!” esaldia ahoskatutakoan?

Batetik, plazera sentitzen dut, prozesu luze baten bukaera delako; eskuz aldatzea. Gainera, iazko udazken garaian, artean, agian, ez nintzen ohartzen liburu bat bukatu beharrak eskatzen duen lanaz, ez-dakit-zein datatara garaiz iritsi beharrak zekarren presioaz. Aurten, kontzienteagoa naiz, eta plazera diferentea da. Dena dela, hitz hori ahoskatzeak urduritasuna ere badakar. Hainbatetan komentatu dut: erratak, akatsak; horiek dira nire arerio nagusiak. Bairudi ez direla inoiz joaten. Liburua inprentara bidali, eta dudak: “Zuzendu genuen akats hori? Errepasatu nuen kontrazalekoa?” Inprentara bidali, lotaratu, eta, ohean ere, zalantzak.

Zer moduz editore lanetan?

Pozik. Oso gustuko dut, asko disfrutatzen dut edizio lana, maite ditut idazleekin sortzen diren harremanak, gustatzen zait psikologiari loturikoak haiekin praktikan jartzea. Baina, beste alderdi batzuei dagokionez, ohartu naiz lana espero baino zailagoa dela.

Zertan hartu duzu ustekabea?

Edizioari dagokionez, den bezalakoa imajinatzen nuen. Eskuizkribua jaso, baiezkoa emanez gero hori landu, idazlearekin testuak aztertu, moldatu… horretan, sorpresarik ez da izan ia. Beste gauza batzuk ez nituen espero, eta gazte eta emakume izatearekin dute zerikusia. Uste dut beste puntu batetik abiatzen naizela beti.

Atzeragotik?

Beheragotik. Beti behean egongo banintz bezala sentitzen naiz, eta guztia da zailagoa, eta nekagarriagoa. Beti azaldu behar duzu zergatik zauden zu postu horretan, eta zergatik ez beste norbait. Batzuek zera izango dute buruan: “Gaztea izanda, zer dakizu zuk nik ez dakidana?”. Gehiago demostratu behar duzu. Hori da topatu dudan hormarik handiena.

Editoreek etengabe hartu behar izaten dituzue erabakiak; ezetzak eman ere bai. Erraza zaizu?

Ezetz esatea beti da zaila, arlo guztietan. Idazleekin dudan hartu-emanetan hori da, agian, zailena. Haientzat ere zaila da, normala denez. Idazleak bere-berea den zerbait ematen dizu, barren-barrenetik ateratako zerbait. Haientzat, eman dizuten hori inoiz idatzi duten onena da, benetan uste dute, eta ego kontuak tartean daude. Ardura handia da guretzat, eta zaila izaten da.

Editorea gizona ala emakumea den, diferentea da ezetzaren aurrean izaten duten erreakzioa?

Erreakzioak askotarikoak dira. Batzuek ez dute onartzen, baina igual gauza bera erantzungo lukete editorea beste edonor izanda ere. Beste batzuetan, bai. Susmoa dut baietz, baduela eragina nor edo zer zaren. Dena dela, iruditzen zait, emakume izateagatik baino gehiago, horrek gazte izatearekin duela zerikusi handiagoa.

Nola kudeatzen duzu hori?

Lantzen ari naiz. Sekulako maitasuna diot literaturari, eta nik idazleei lagundu egin nahi diet. Horretarako nago, eta hala gustatzen zait haiek ikustea ni.

Eskuizkribu batek zer ezaugarri behar du zure baiezkoa jasotzeko bueltan? Sekreturik bada?

Hasierak harrapatu egin behar nau, guztiz. Lehen esaldietan, lehenengo paragrafoetan, lehenengo bietan, gehienez jota. Normalean, lehen paragrafoetan aspertu egiten banaiz, utzi egiten dut pixka batean. Gero, berriz hartzen dut, eta hasten natzaio begiratzen tramari, horren originaltasunari, kontatzeko moduari, edo pertsonaiei, haien garapenari… Baina niri estiloak eman behar dit atentzioa, bereziki.

Zer estilok erakartzen zaitu?

Poetikoak, edo lakonikoak, edo beste batek. Kontua da literatura izatea.

Horrek zer esan nahi du?

Badago esaldi bat askotan aditu dudana testua euskarazkoa denean: “Ongi dago idatzita”. Nik zakarrontzira botako nuke esaldi hori. Gaztelaniazkoekin ez dute hori esaten, ez da hori goraipatzen, eta guk etengabe egiten dugu. Arauez harago, hizkuntzarekin jolastu egin behar da.

Literatura beltzaren eta polizia eleberrien zale zara. Gutxiespena dago bi genero horiekiko?

Bigarren mailako generoak dira jende askorentzat, eta ez dut ulertzen. Euskal literaturan denetarik behar dugu: eleberri errealistak, tragikoak eta gai potolo eta serioak. Baina baita hain gutxietsiak diren thrillerra, distopia, komedia erromantikoak ere. Eskaini egin behar ditugu horiek guztiak. Entretenitzea ez al da irakurle gisa dugun eskubide bat? Literaturak beti behar du hausnartzeko egina? Eta non dugu umorea? Fantasia? Beldurra diegu. Idazleek ere bai. Beldur dira ez ote diren ibiliko euskal literaturaren moldeetara egokitu ezinik.

Sareetan ere hitz egin ohi duzu lanaz. Humanoago azaltzeko?

Ez dakit horretarako den. Nik, adibidez, ez dut izenik aipatzen, baina uste dut lanbide honen inguruan beti egon dela sekretismo moduko bat eta jainkotu egin dela. Nik ez dut hala bizi, eta uste dut txioekin behintzat erakutsi daitekeela errealitatea. Batzuetan gordina da, eta ez dugu ikusi nahi.

Talentuak aurkitzeko ere balio du Twitterrek?

Bai, behin esan nuen: “Nor ausartuko da polizia eleberri bat idazten?”, edo “nor da Agatha Christie euskalduna?”. Horrelako zerbait. Jaso nituen mezu elektronikoak, eta Andoni Agirrezabala Izagirrerena izan zen bat. Laster aurkeztuko dugu haren lehenengo eleberria: Etxe berdea.

Euskal literatura bideratuegi dago Durangoko Azokara?

Egutegi aldetik, oso. Dena dela, badaude azoka gehiago, eta uste dut gero eta banatuago dagoela. Halere, Durangoko Azokak alarma berezia eragiten du, bai.

Zeu ere ari zara idazten. Zer?

Literatur kazetaritzari buruzko graduondokoan, Bartzelonan, gauza oso eder bat irakatsi zidaten: zatikako literatura. Asko-asko gustatu zitzaidan. Gainera, nire ama hil zenetik, buruan nuen horren inguruko zerbait idaztea, batez ere zentratuz bizirik gelditzen direnengan; horiek nola gelditzen diren azaltzean. Horretan nabil, eta, gainera, sekulako zortea dut. Izan ere, nire idazleak ditut editore lanetan: Irati Jimenez eta Nerea Loiola. Hortxe literaturaren magia.

Hasiera idatzia duzu?

Bai, eta ez dut aldatzeko inolako asmorik [barreak].

Argazkia: Iñigo Uriz / Foku