Multinazionalak Nafarroako Gobernuari eskatu dio urgentziazko prozedura onar dezala, Zangozan Muga proiekturako lurrak eskuratzeko. Jabeek «prezio justu bat» exijitu dute.
Edurne Elizondo
Geoalcali multinazionalaren Muga proiektuak aurrera jarraitzen du. Lantegia Zangoza ondoan eginen dute; meatze ahoa, berriz, Aragoiko Undues de Lerga herrian (Espainia). Aragoiko herri horretako lurrak bere esku ditu Geoalcalik, eta meatze ahoa egiteko lanak ere hasiak ditu; Zangozan, berriz, lantegia egiteko behar dituen lurrak eskuratzeko bidean da enpresa. Lurrak lortzeko erabili duen prozedurak desjabetu nahi dituzten nekazarien haserrea eragin du, halere, Geoalcalik urgentziazko prozedura onar dezala eskatu baitio Nafarroako Gobernuari.
Enpresak iazko uztailaren 1etik du gatza eta potasa ustiatzeko baimena. Espainiako, Nafarroako eta Aragoiko gobernuek sinatu zuten baimen hori, Muga proiektuak Nafarroako eta Aragoiko (Espainia) lurrak ukitzen dituelako.
Zangozan meategiko lantegia egin ahal izateko, hiru nekazariren lurrak behar ditu Geoalcalik. Orain arte akordiorik ez dute lortu, ordea. “Ez digute prezio justurik proposatu; gure lurrei esker bizi gara, eta ezin dugu edozer gauza onartu”, nabarmendu du Antonio Remonek, desjabetu nahi dituzten hiru nekazarietako batek.
Lurra galduko dutela onartua dute hirurek, baina ez dira prest “multinazional bati mesede” egiteko. Izan ere, Remonek salatu du Geoalcalik eskatutako urgentziazko prozedura onartzeak hori ekarriko lukeela: “Urgentziazko prozeduraren zentzu bakarra da enpresari mesede egitea, lurra merkeago lor dezan”.
Remonekin bat egin du Aitor Boneta nekazarien abokatuak. “Urgentziazko prozedura onartzen ohi da interes orokorraren alde; kasu honetan, baina, prozedurak ez dio inolako kalterik egiten ustezko interes orokor horri. Proiektua berdin egin dezakete, lurrak desjabetzeko prozedura urgentziazkoa ez bada ere”.
Aldatzen den gauza bakarra da nekazariek beren lurren truke jasoko dutena. Izan ere, premiazko prozedurarik gabe, bi aldeek negoziatu behar dute lurrak emateko prezio bat; urgentziazko prozedurarekin, berriz, prozedura hori onartu eta berehala sar daiteke enpresa desjabetutako lurretan, fidantza baten truke. “Kalte ordainaren %5 inguru ordaintzea nahikoa litzateke; horrek erran nahi du nekazariek beren diru iturriaren zati handi bat galduko luketela, eta bizpahiru urtez ez luketela, gainera, kalte ordainik jasoko”, azaldu du abokatuak.
Sos del Rey Catolico herrikoa da (Zaragoza, Espainia) Remon, baina Zangozan ditu lurrak; garia, garagarra eta koltza ekoizten ditu, bertzeak bertze. “Nire lurren %30 galduko ditut. Bertze bi nekazarien egoera are okerragoa da, beren lurren erdiak galduko baitituzte. Batek, gainera, desjabetuko dituzten lurretan du biltegia, eta, ondorioz, ezinen du erabili”, kontatu du Remon nekazariak. “Guk ez daukagu meategirik nahi; proiektuaren aurkako plataforman gaude. Garbi dut espekulazioa dela proiektuaren asmo nagusia. Halere, meategia eginen balute ere, ezin dugu onartu gure etorkizuna baldintzatzea, multinazional batek gutxiago ordain dezan”, salatu du.
Irailaren 27an amaitu zen urgentziazko prozeduraren aurka alegazioak aurkezteko epea. Nekazariek egin dituzte. Gainera, sinadurak biltzeko kanpaina bat hasi dute sare sozialen bidez. Nafarroako Gobernuak hiru hilabeteko epea du orain erabaki bat hartzeko.
Lan baimenaren zain
Meategia ustiatzeko baimena badu Geoalcalik; meategia eraikitzekoa ere beharko du, eta lan baimen hori Zangozako Udalak eman behar dio. “Nafarroako Gobernuak erran digu jada udal plana moldatu beharko dugula enpresari lanak egiteko baimena eman ahal izateko”, aipatu zuen Zangozako alkate Lucia Etxegoienek, 2021eko udan. Izan ere, meategiko lantegiak hartuko lituzkeen lurretan Zangozako udal planak babestutako zenbait baso eremu daude.
Iaztik, baina, egoera aldatu da: “Nafarroako Gobernuak orain ez du argi plana aldatu beharko ote dugun; zenbait txosten osatzen ari da, plana aldatu behar ote dugun erabakitzeko. Plana aldatu behar bada, egin arte ezin izanen dugu lan baimenik eman”, zehaztu du Etxegoienek.