Olatz Azpirotz Larzabal
Nahiak eta beharrak asetzen dituzten edukiak aldakorrak eta behin-behinekoak izan ohi dira; orain lasaitzen eta betetzen gaituenak aldatu edo desagertuko delako, eta era horretara, seguruenik, ez delako bihar egonen.
Iraungitze data produktuetan egoteaz gain, proiekzioetan ere badagoela argi antzeman dut azkenaldian. Are gehiago, erabateko iraungitze data eta bortxazko desagerpen horrek arrakala bat sortu duela deritzot, bai gugan, eta baita belaunaldi ezberdinen artean ere.
Gaur egungo haur askok ez dute beste askoren haurtzaroan bidaide izandako marrazki bizidun eta kolorez zipriztindutako abentura euskaldunak ikusteko aukerarik eduki. Are gutxiago gure lurraldean, non zenbait haurrek gaur egun, oraindik, ez duten Euskal Telebista ere ezagutzeko aukerarik.
Bestalde, bideo aparailuek ganbaretan diraute, Oskorri taldearen zinta guztien azpian, irmo. Teknologiaren bide azkar, berri eta globalizatuei errua bota ohi diegu, aurreko hilabetean Amazonek euskarazko azpidatziekin telesail bat atera zuen arte.
Egia da, euskaldun garen heinean, aisialdiko egoera asko gure hizkuntzan aurrera eramateko, zoritxarrez, ez daudela baliabide asko, eta hori horrela delarik, askotan eremu pribatua bihurtzen dela hizkuntza berriz hartzeko eta ahoratzeko esparru. Espazioa gurea egiten saiatzen gara, baina ez dugu beti lortzen; kontua da, oro har, askotan, etxeko aisialdi planak aurrera eramateko beste hizkuntza batzuetan eginiko ikus-entzunetara jo behar izaten dugula. Gure hizkuntzan, euskaraz, edozein ikus-entzun ikusteko eskubidea badugula uste dut nik.
Ordea, globalizazioa eta hizkuntza hegemonikoak bultzatzen dituen erakunde zein enpresetan gure behar eta nahiaren pisu osoa jartzeak kontraesankorretik baduela uste dut.
Ni, behintzat, ez naiz haiekin euskaraz hitz egiten hasi eta euskaraz hitz egiten hazi, bai ordea Euskal Telebistarekin; urteak igaro ahala gaztelaniazko edukiak gertuarazi eta euskarazko edukiak gutxitzen dituen heinean gaztelaniazkoak areagotzen dizkidan Euskal Telebista horrekin.
Halere, euskaraz telebistan egon zen azken filma edo dokumentala zein izan zen oroitu ezin gabiltzala, ikus-entzunezko plataformek sortutako euskarazko azpidatziak bihurtu ditugu gure hizkuntzaren helduleku eta berme, eta askorentzat etxean sortutako hutsune behartu hori betetzeko aukera den euskal zinemari ez diogu garrantzi bera eman nahi izan.
Agian gu ere teknologia bezain azkar gabiltza gaur egun, eta agian guk ere, teknologiaren gisara, helburuak sinplifikatu egin ditugu. Halere, aitortu beharra dago bertan dirauten hutsuneez beteriko bideak ez duela askorik balio.
Horregatik, agian, oraina gure hizkuntza sisteman dauden hutsuneak eta gabeziak behar diren moduan egituratu, bete eta gauzatzeko momentutzat har dezakegu.
Horregatik, agian, ganbarako hautsak estaltzen duen hori oroitzapen urrun ez bilakatzeko ahalegin sendoa egin beharko genuke.