Euskara ahora eramateko bere proposamena egin du Yolanda Arrietak, Euskaltzaindiak Iruñean antolatutako jardunaldian. Hizkuntza emozioarekin lotzeko beharra nabarmendu du.
E. Elizondo
Urteak egin ditu Yolanda Arrietak (Etxebarria, Bizkaia, 1963) haur eta nerabeekin lanean. Iruñeko jardunaldian aritu da bere esperientziaz.
Xabier Olano, Amagoia Nuin del Rio eta Uxue Campos gazteak entzun dituzu. Harritu zaitu erran dutenak?
Ez. 30 urte daramatzat tailerrak egiten ikastetxez ikastetxe; ikusi dut zein izan den garapena, zer joera dagoen, eta gazteok esan dutena oso ohikoa da.
Zer dago atzean?
Nik uste dut ezagutzak ere huts egiten duela, neurri batean. Gramatika ez da dena, baina behar da. Nola hasiko zara sortzen tresnarik ez badago? Oinarriak huts egiten du leku askotan, eta laugarren mailatik aurrera.
Zer gertatzen da une horretan?
Nik uste dut Haur Hezkuntza dela idealena. Hor hizkuntzaren tratamendu orokor eta sistematiko bat dago, eta emozioari, oroimenari, irudimenari eta zentzumenei egiten zaie kasu. Gero hori galtzen joaten gara, letra idatzia, hitza sartzen denean. Orduan, ahozkoa gordetzen da, eta letrak hartzen du indarra, baina atzean gelditzen dira irudimena, oroimena, harremanak…
Hizkuntzarekin atxikimendua sortzeko behar direnak?
Hori da, eta atxikimendua funtsezkoa da. Hitza gorputzera ekarri behar dugu; buruan bakarrik badugu, ihes egingo digu.
Zer proposatzen duzu zuk, hizkuntzak ihes egin ez dezan?
Ahulguneak indargune bilakatu behar ditugu, euskarara hurbiltzeko. Landu behar dugu barruko nia, eta landu behar ditugu hari afektiboak eta harremanak. Umearen inguruan dauden helduak ahaldundu behar ditugu: gurasoak, hezitzaileak, aisialdi arautuan daudenak.. Horiek guztiek izan behar dute eredu umeentzat.
Lotsa ere aipatu dute gazteek.
Errealitatea hori da. Euskarak ez du prestigiorik. Balioa galtzen ari da, arnasguneetan ere bai. Arnasguneak ere elikatu behar baitira.