Bihar eta etzi ospatuko dute aurtengo Nafarroa Oinez, Tafallan. Garces de los Fayos ikastolak hartuko du jaia, laugarrenez. ‘Erdian erein’ dute leloa; asmoa da euskara aurrerantzean ere loratzea erdialdean, ikastolako lehendakari Aritz Azkaratek nabarmendu duenez.
Uxue Rey Gorraiz
Euskararen baratze izanen da Tafalla asteburuan. Erdian erein lelopean, Nafarroa Oinez ospatuko dute herrian, Garces de los Fayos ikastolak antolatuta. Landatutakotik fruituak jasotzea espero dute antolatzaileek, eta balio izatea ingurua euskalduntzeko haziak ereiteko, hazten segitzeko. Ikastolako lehendakaria da Aritz Azkarate (Iruñea, 1981).
Zer moduz jaiaren atarian?
Oso pozik gaude, zoriontsu. Hau da hitza: zoriona. Sekulako gogoa dugu egindako lanaren fruituak jasotzeko eta jendeak nola gozatzen duen ikusteko.
Nolakoa da prestaketa aldia?
Lan handikoa. Lizarrakoek eman ziguten lekukoa, orain urtebete, eta ordutik ibili gara lanean. Ordurako, sortuak genituen Nafarroa Oinez antolatzeko batzordeak, eta ziztu batean jarri genituen martxan. Aldi honetan, gainera, festa ez da mugatu Nafarroa Oinez jaira, ez da mugatuko igande batera. Jarduera ugari antolatu dugu urte osoan: herri kirolen txapelketak, adibidez.
Zerk bultzatu du erabaki hori?
Ikastolak ez ditu soilik Tafallako ikasleak hartzen. Erdialdeko herri askotatik etortzen dira: Erriberritik, Artaxoatik, Orbaibartik, Miranda Argatik… Iruditzen zitzaigun herriek ikasleak ekartzen dizkiguten gisan, guk ere eman behar geniela zerbait bueltan.
Laugarren aldia da festa Tafallan eginen dela. Ikasten da, ala neurri berean da erronka gogorra?
Beti da nekeza. Jende askok parte hartzen du, eta denbora, indarra, ahalegina eta ilusioa behar dira. Gogoa ere bai. Pozgarria da laugarrenez antolatzea, baina, era berean, ideia bat ere badatorkizu burura: aurreko hiru aldietan ederki atera zen dena, jendea beti atera izan da pozarren, eta aurten, beraz, ezin gutxiago izan. Aurreko aldietan bezain ongi atera beharko da dena, gutxienez.
Igandean bakarrik ez, larunbatean ere izanen da festarik.
Musika izanen da herrian, eta tailerrak, eta eskulangileak, eta erraldoiak… Dena dela, antolatutakoak goiz bukatuko dira iluntzean. Nahi dugu igandea izatea egun handia. Jendeak ez dezala energia guztia bezperan gastatu!
Etziko egitarauaren gakoak?
Oinez festa oso urbanoa izanen da, herriko kaleetan oso sartua. Bi kilometro eskaseko zirkuitua da, lau eremu daude, eta horietatik bakarra dago herriaren kanpoaldean-edo, batez ere gazteentzat dena. Dena dela, biziki saiatu gara, eta nahi dugu festa adin guztietarako gozagarria izan dadila. Kontzertuak bai, baina baita puzgarriak ere, adibidez.
Ospakizunak beti izan ohi dira egun egokiak atzera begirakoetarako; mende erdia betea denean, zer esanik ez. Ez da hala?
Oso urte berezia da. 52 urte bete ditu Tafallako ikastolak. Orain dela bi urte bete genuen mende erdia, baina pandemiak ez zigun utzi ospatzen, eta orain ari gara horretan. Adibidez, ekainean mila lagunetik gora elkartu ginen bazkaltzera. Izugarriak dira halakoak, ikusten baituzu indarra sobran duzula oraindik. Eta, batez ere, ohartzen baitzara eginiko lanak merezi izan duela eta merezi duela lanean segitzea.
Nork erein zuen hazia Tafallako ikastola sortzeko?
Bereziki oroitarazi nahian gabiltza azken hilabeteotan: zortzi familia ausart izan ziren, Tafallan euskaraz aritzea aski zaila zen garai batean. Zer esanik ez zer zen orduan euskarazko eskola bat sortzea. Bada, saiatu ziren, baita lortu ere, eta, beraz, merezi dute aitortza. Ez haiek bakarrik, jakina. Gero, beste familia batzuk ere batu zitzaizkien, eta gauza asko lortu dira ondotik ere. Belaunaldi bakoitzak berea, hesiak saltatuz eta zangotrabak saihestuz.
Zein izan dira oztopo nagusiak?
Batetik, legeari lotutako kontuak. Zortzi familiak ikastola abiarazi zutenean, alegala zen. Eskola publikoko zuzendariak sinatu behar izaten zituen gure ikasleen aktak. Zorionez, hori erregularizatzea lortu zen gero. Bestalde, bazen beste oztopo bat: ikastolari etiketa asko jartzen zitzaizkion.
Zer gisatako etiketak ziren?
Aurreiritziak. Esaten zuten Tafallan ez zela egiten euskaraz, soilik ideia politiko batzuekin lotua zegoela; eta begira orain. Zorionez, orain onartuago dago, eta badago herria euskalduntzeko eta euskara berreskuratzeko nahia.
Zertarako behar duzue dirua?
2011ko Nafarroa Oinez festan bildutako diruarekin eraikin bat eraiki genuen, eta azpiegitura horiek ongi egokitzen dira XXI. mendeko hezkuntzara. Toki zabalak, argitsuak eta irekiak dira, ia hesirik gabeak. Sekulakoa lortu zen, baina horrek zulo sakonak egin zituen ekonomikoki, eta zail egiten ari zaigu zorrak ordaintzea. Zama hori arindu nahi dugu, eta ikastola egokitzen segitu.
Zertan datza egokitzapen hori?
Gaur egungo hezkuntzak deus gutxi du ikusteko orain dela hamar urtekoarekin, pedagogikoki. Eskolak ezin dira behar bezain ongi eman areto itxi-itxietan.
Tafallaldean zer rol betetzen dute guraso ez-euskaldunek euskararen sustapenean?
Oso inportantea, euskaraz jakin ez arren kontziente baitira gure hizkuntza eta gure kultura defendatzeak duen garrantziaz, eta hala transmititu nahi baitiete seme-alabei. Horregatik jotzen dute gure ikastolara, ziur baitakite hemen hala eginen dela. Zorionekoak gara horregatik.