Tania Gonzalez eta Jared Andino ekintzaileak LGTBI mugimenduaren erronken inguruan mintzatu dira asteburuan Iruñean egindako ‘Mariburuari ekin bazterrean’ jardunaldietan.
Olaia L. Garaialde
Bizipenak, ekarpenak eta aldarrikapenak; helburua: LGTBI agenda sortzea. Horretaz mintzatu dira Iruñean asteburuan egindako Mariburuari ekin bazterrean LGTBI jardunaldien lehen solasaldian. EGHAM-Nafarroak antola ditu, eta, besteak beste, Fenix eta Kukuluak taldeetako zenbait kidek hartu dute parte. Espazio seguruak sortzeko beharra jarri dute agendako lehen lerroan.
Tania Gonzalez Kukuluak taldeko kideak hartu du lehen hitza. Duela hiru urte Erriberan sortu zuten LGTBI eragile bat da Kukuluak, eta landa eremuaren ikuspegitik jorratzen du gaia. Tuteran biltzen dira, eta bi ardatz lantzen ari dira nagusiki: “Espazio seguruak sortu, eta ikusgaitasuna lortu nahi dugu”.
18 urte zituela, Tuteratik Mexikora joan behar izan zuen Gonzalezek. Ez da kasu bakana harena; nabarmendu du Erriberako gehienek pairatzen dutela sexilioa: “Alde egin behar izan nuen herrixka batekoa izatea zaila delako, baina herrixkakoa eta bollera izatea, kontuan hartuta 1980ko hamarkadan jaio nintzela, are zailagoa delako”. Behin ahaldunduta, Tuterara itzuli zen, eta kolektibo bat sortzeko beharra ikusi zuen: “Espazio seguruak sortu nahi nituen; ez nuen nahi jendea ni bezala sentitzea eta kanpora joan behar izatea”.
Migratzaileen egoera
Tuterako egoera soziopolitikoa “oso zaila” eta “konplexua” dela esan du: “Jende asko ez da seguru sentitzen lagunekin eta familiarekin”. Ekintzailearen ustez, orain arte jarraitu duten borroka ildoa “bide txarretik” zihoan: “Geure buruari galdetzen genion zer egin jendea mobilizatzeko, galdetu beharrean nola sortu espazio seguruak”.
Espazio seguruak sortzea ere bada Jared Andino Fenixeko kidearen kezka; hark hartu du azken hitza jardunaldian. LGTBI migratzaileen eta errefuxiatuen eskubideen alde borrokatzen da Fenix, eta, gauza askoren artean, asiloa behar duten migratzaile eta errefuxiatuen alde borrokatzen dira. Andinok nabarmendu du etengabe frogatu behar dutela sexu-genero disidenteak direla: “Asiloa eskatzen dudanean, nire jaioterrian mehatxatu nautelako, argudiatu behar diot eta justifikatu behar diot estatuari bisexuala naizela. Nola frogatzen da hori?”.
Horrekin batera, azpimarratu du 168 herrialdek ez dituztela onartzen sexu bereko pertsonen arteko ezkontzak. “Nola frogatuko dugu administrazioan bikote garela? Gainera, gizarte langile batzuen ezagutza faltarengatik, etengabe argudiatu, justifikatu edo azalpenak eman behar ditugu”.
Egoerari aurre egiteko, zenbait proiektu dituzte esku artean; horien artean, migratzaile eta errefuxiatu sexu-genero disidenteentzako harrera etxe bereziak sortu nahi dituzte. Fenix elkartearen helburua da erakunde sozialek eskaintzen dituzten etxeetan pairatzen duten indarkeria bazter uztea. “Jatorriko herrialdean jasaten duten indarkeriatik ihesi etortzen dira, eta hemen berriz ere jazartzen dituzte”. Andinok azpimarratu du babesean hartzen dituzten erakundeek ez dietela inolako irtenbiderik eskaintzen: “‘Hau da dagoena’, esaten dute”.
Gaineratu du pandemia baino lehen martxan jarri zuten Ireki zure etxea, ireki zure bihotza egitasmoa berrabiarazteko asmoa daukatela. Egitasmo horren bidez, hain zuzen, hiru egunez pertsonei “espazio seguru” bat bermatu nahi diete. Gakoa da gela edo sofa-ohe bat daukatenek hiru egunez pertsona horri lo egiteko leku bat eskaintzea. “Txandakatzen ibili nahi dugu asiloa lortu arte, modu horretan, kultur trukaketa sustatzeko”.
Argazkia: Iñigo Uriz / Foku