Iritzia: Dantzatzen den herria

Iritzia: Dantzatzen den herria

LohizuneAmatria

Istiluak izan direla badiote. “Iruñeko udaltzainek eta foruzainek esku hartu behar izan dute agenteen aurkako erasoen aurrean”. Egunkari eta agerkari digital guztiek festa legez kanpokoa zela badiote. “Kontrolik eza goizaldean, baimenik gabeko DJ baten kontzertu batean”. Justifikatutzat joko dituzte denek zigorrak.

Gaurkotasunak Iruñeko Iturrama auzoko jaietara garamatza atzera. 2.000 euroko isuna ezarri diote DJ Reimyri, joan den maiatzaren 22an Gaztelugibelean gertatutakoagatik. Hiru pertsona atxilotu zituzten, autoritateari atentatua egotzita; eta beste zenbait identifikatu, Poliziaren esanetan, “desordena publikoa eragiteagatik”.

Festa hartan laurehun pertsona bildu zirela irakurriko zenuen komunikabide gehienetan, edota arduraduna “pandemia betean” Vergeleko zubiaren azpian “botila festa erraldoia” antolatu zuen pertsona bera dela. Horrengatik 60.000 euroko zigorra ezarri diotela ere ikusiko zenuen, nahiz eta benetan mila euro ordaindu dituen, administrazio auzitegiak hari arrazoia eman ostean. Poliziaren oharretik hartutako hitzak bere egin dituzte hedabideek, herritarrekin hitz egin gabe, eta egun horietan zabaldu ziren argazkiei erreparatu gabe. Ez baitira egia ez bata, ez bestea.

Behin txosna gunea ixten denean, ohitura da Iturramako festetan, ospakizunekin jarraitzeko, Gaztelugibelera joatea. Eta hori badakite udaltzainek. Gazteek diotenez, “bizilagunak ez molestatzeko asmoarekin” biltzen dira harresien artean, eta hala egin zuten pandemiaren osteko lehenengoetan. Hamarnaka zauritu izan ziren, ordea, goizalde hartan Iturraman. Bortizki oldartu ziren udaltzainak eta foruzainak festazaleen aurka, eta borren eta pilotakaden ingeradak atzeman zitezkeen gazteen gorputzetan. Hori ez zenuen, baina, irakurriko.

Dantzatzen eta ongi pasatzen ari ziren herritarren aurka egitea agindu zieten. Ez hori bakarrik. Auzolanean, antolatzeko gai diren herritarren kontra egin zuten. Beste behin. Tamalez, kolpeak ez dira-eta eraso bakarrak. Ederki dakite hori Iturrama auzoan.

Iruñeko Udalak auzoei jarritako oztopoak ez dira nolanahikoak izan aurten. Komunik ez du jarri Alde Zaharrean, indarkeria matxistaren aurkako protokolorik ez du garatu auzoetarako, baimenak eskuratzea zamatsua izan da… Orain arte 2.700 euro jasotzen zituen auzo bakoitzak jaiak antolatzeko. Aurten, ezer. Diru laguntzetan, 2019an, 80.000 euro banatu zituen guztien artean. Aurten, erdiarekin konformatu behar izan dira. Edo ezta horrekin ere.

Sakabanaketaren kontrako leloa zuen irudi bat aitzakia gisa hartuta, Navarra Sumak diru laguntzarik gabe utzi nahi du Jaiberri jai batzordea. Ordaindutako iragarkia zen, legezko elkarte batek jarria, legezko ekitaldi bat iragartzeko, ostegunero Alde Zaharrean egiten duten elkarretaratzea, alegia. Baina egitarauan “ETAko hiru presori babesa emateko ekitaldi bat” sartu dutela badiote, jarduera aurkeztutako proiektuan jaso ez zutela badiote, justifikatutzat joko dute denek zigorra. Helegitea jarri du batzordeak dagoeneko; ikusiko dugu arrazoia ematen badiote, irakurtzen ote dugun.