“Andreengan ez dute sinesten, edo ez dute nahi”

“Andreengan ez dute sinesten, edo ez dute nahi”

Galiziako Intersección jaialdiak Olatz Ovejero zinemagilearen dokumentala aukeratu du festibalean lantzeko. ‘Iruñea, mon amour’ izenpean, Maria Luisa Elioren bizitzan jarri du arreta lanak, «merezi baitu», Ovejeroren ustez.

Uxue Rey Gorraiz

Albistea jaso zuenetik, poza disimulatu ezinean da Olatz Ovejero zinemagilea (Barañain, 1995). Galiziako Intersección Ikus-Entzunezko Arte Garaikidearen Jaialdi entzutetsuak Ovejero egiten ari den dokumentala aukeratu du festibalean parte hartzeko. Lanak Iruñea, mon amour du izena, eta Maria Luisa Elioren bizitza du ardatz. Ovejerok nekez ezkuta dezake emakume horrek eragiten dion lilura. Pasioz ari da lantzen.

Zer moduz zaude?

Oso pozik. Batez ere, jaialdi honek balio duelako ideiak marrazteko, zinemagileekin egoteko, haiekin hitz egiteko, iritziak aditzeko, ideiak konpartitzeko, eta, hala, forma ematen hasteko.

Zer neurritan da inportantea besteen iritziak aditzea?

Niri oso garrantzitsua iruditzen zait halakoak egitea. Jaialdi batera joan, eta ematen du soilik besteek egin dutena aditzera zoazela, baina, inkontzienteki, ikusten eta entzuten duzunak beti du eragina zure lanean. Gainera, niri pila bat gustatzen zait nire ideiak besteei azaltzea.

Zergatik, zehazki?

Zeure burua behartzen duzulako gauzak goraki esplikatzera, eta azalpenak ahots gora emate hutsak dagoeneko laguntzen duelako gauzei forma ematen.

Maria Luisa Elioren erretratu bat egin nahi duzu Iruñea, mon amour-en. Nor da andre hori?

Familia dirudunekoa zen Maria Luisa Elio. Aita Barañaingo jabea zen, adibidez. Gerra zibila hasi zenean, erbestera joan zen, Mexikora, eta, dagoeneko han zela, bi liburu idatzi zituen. Pelikula bat ere egin zuen, orduan senar zuen Jomi Garcia Scotekin: En el balcón vacío. Ni lan horri buruz ikertzen hasi nintzen, aztertzeko Eliok benetan zer garrantzi izan zuen film horretan.

Zer dago hor argitzeke?

Ofizialki, esana da Scot dela zuzendaria. Nire master amaierako lanak helburu zuen hori hustea eta erakustea Maria Luisa Elioren arrastoa filmaren alderdi guztietan dagoela. Pentsa: ideia harena zen, haren bizitza da istorioaren muina, hark jartzen du ahotsa, hura ere ibili zen muntaketan, edizioan… Ohartu nintzen oso interesgarria zela, eta argi ikusi nuen merezi zuela hari buruzko dokumental bat egitea, ez baitzegoen deus ere.

Zuk nola deskubritu zenuen?

Nahi gabe ezagutu nuen, ezagutu ditudan emakume guztien moduan. Bat-batean, nolabait. Barañaingo liburutegiak haren izena du, eta handik abiatuta hasi nintzen bilaketan. Dena dela, Maria Luisa Eliorekin daukadan harreman zuzenena beste bat da: nire etxetik harena ikusten da.

Eta, hain justu, zure etxeko balkoitik atera gabe ari zara guztia grabatzen. Zer dakar horrek?

Alde batetik, asko gustatzen zait hala izatea. Hiru plano erabiltzen ditut beti, beti berberak. Uste dut horrek oso ongi funtzionatzen duela. Gainera, ederra da handik ikustea nola aldatzen den paisaia. Ikustea nola dagoen parajea elurtua, edo nola eguna eguzkitsu dagoen. Ikustea nola garai batean zelaia zegoen tokian eraikin garaiak dauden orain. Izan ere, artxiboko irudiak ere erabili ditut.

Zer egiten zaizu zailena?

Erabaki batzuk hartzea da zailena. Zenbait kasutan, konturatzen zara justu grabatzeko interesgarriena dena zure planotik kanpo dagoela, ez zarela jasotzen ari, eta orduan zalantzak sartzen zaizkizu. Zer eginen dut? Planoa mugitu edo bere horretan utzi? Kontua da badakizula planoa aldatuz gero filmak koherentzia galduko lukeela.

Sinopsian diozunez, kasik elkar ezagutzen ez duten bi pertsona jarri dituzu parez pare filmaren hari izateko. Nor dira?

Maria Luisa Elio eta ni nerau gara. Aitzakia moduko bat da, karta filmiko bat sortu eta hausnarketa bat sortzeko. Asmo nagusia, jakina, Eliori berari buruz hitz egitea da, baina, handik tiraka, beste gai batzuk ere lantzen dira.

Zein dira beste gai horiek?

Adibidez, emakumeen gaineko ikusezintasuna, aitortzarik eza eta paisaiarekin ditugun harremanak. Azken horri buruz, esaldi oso eder bat erabiltzen zuen Eliok: “Orduan, ohartu nintzen Iruñera itzultzea Iruñetik joatea zela”.

Horregatik izenburu hori?

Brometan, Maria Luisari ezizen hori jarri zioten: Pamplona mon amour, beti zuelako Iruñea buruan. Haren filmean ere, Eliok Iruñeaz hitz egin zuen. Urte mordoa egon zen Mexikon, eta, itzuli zenean, konturatu zen Iruñea ez zela buruan zeukan bezalakoa. Egia esan, hunkigarria da, ikusten baituzu erbestea zer den, zer gogorra den beharturik joan beharra eta bueltan ikustea itzultzen den pertsona hori ez dela alde egin zuen neskatila berbera.

Lana abiatu duzunetik, zuri aldatu zaizu hiriari begiratzeko era?

Egia esan, nik oso sentimendu sakona dut nire lurrarekin, lehendik ere bai, eta hunkitu egiten nau ikusteak beste bati lapurtu egin ziotela horretarako aukera. Erbesteratzeak harremana lapurtzen dizu, eta, beraz, identitatearen parte bat ere bai.

Lehenbiziko aldiz, bakarrik ari zara film bat ontzen. Zer moduz?

Oraingoz, oso ongi. Idazketa prozesuan naiz oraindik ere, txikitatik maite dut idaztea, eta asko ari naiz disfrutatzen. Filmak ikusten ari naiz, liburuak irakurtzen, olerkiei begira… Batzuetan, nonahi nagoela ideia bat okurritzen zait, eta desiratzen izaten naiz etxera iristeko eta idazteko.

Lan bakartia izateak, derrigor dakar babesgabe sentitzea?

Nire kasuan, ez. Asko aritzen naiz lagunekin eta familiarekin. Eta eskerrak. Oso inportantea da.

Emakume gehiago ibili ohi da dokumentalgintzan, fikzioan baino. Baduzu susmorik hori zergatik den horrela?

Dokumentalak askotan izaten dira produkzio lan txikiak, lantalde txikiek eginak, eta, sarri, norberak produzituak ere bai. Emakume izanda, uste dut bide hori errazagoa dela. Pelikulez ari bagara, bi talde bereiziko nituzke: industriakoa eta artistikoagoa. Industriaren barreneko horiek inoiz gutxitan izaten dira dokumentalak, ez dutelako saltzen, eta, beraz, industriari ez zaizkiolako interesatzen. Industrian, filmek diru asko mugitzen dute, eta diru hori gizonezkoei ematen zaie. Horrek sentiarazten dit emakumeengan ez dutela sinesten, edo ez dutela sinetsi nahi. Horrek ondorio argi bat du: emakumeak sistematik kanpo gaude.

Zer beste lan duzu esku artean?

Hiru bider du izena. Labur esanda, euskal emakume baserritarren historia kontatzen du. Hiru emakume dira: nafar bat, gipuzkoar bat eta ipar euskal herritar bat. Hiru erretratu egin ditut, euskal mitologiaren barrenean bilduta betiere. Baserria, matriarkatuaren mitoa eta ikusezintasuna lantzen ditu, adibidez.

Argazkia: Iñigo Uriz / Foku