Aurretiazko borondateen agiria osatzera deitu dituzte herritarrak

Aurretiazko borondateen agiria osatzera deitu dituzte herritarrak

Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak kanpaina bat egin du bizi testamentua sustatzeko asmoz. Ia 14.100 agiri erregistratu dituzte herrialdean, 2003tik uztailera bitarte.

Edurne Elizondo

Nafarroako Gobernuak ez du sailkapenean behera egin nahi: Espainiako Estatuko erkidegoen artean, Nafarroak du bizi testamentu gehien, populazioaren arabera, eta, lehen postu hori ez galtzeko, Nik aukeratzea erabakitzen dudalako lelopean, Osasun Departamentuak kanpaina bat egin berri du herritarrak deitzeko bizi testamentua edo aurretiazko borondateen agiria osatzera.

“Inportantea da gaixoaren autonomia, eta inportantea da gaixoak askatasunez erabaki ahal izatea. Aurretiazko borondateen agiriak autonomia eta askatasuna hartzen ditu kontuan, eta hori egiten duen gizarte bat, zalantzarik gabe, aurrera begiratzen duen gizarte bat da”, nabarmendu du Nafarroako Osasun zuzendari nagusi Carlos Artundok.

Aurretiazko borondateen agiriak bizitzako azken etapak “duintzeko eta humanizatzeko” helburua du. Nafarroako Gobernuak 50 urte baino gehiagoko herritarrei eman nahi izan die atentzioa kanpaina berriarekin. Kontuan hartu du, gainera, iaztik eutanasia jasotzen duen lege bat dagoela indarrean, eta oroitarazi du bizi testamentua ere badela gaixoak auzi horri buruzko bere jarrera azaltzeko marko bat.

Espainiako Kongresuak iazko martxoaren 24an onartu zuen eutanasiari bidea eman dion legea, hain zuzen, eta urte bereko ekainaren 21etik dago indarrean.

Eutanasiaz harago, gaixoari egin nahi dituen urratsak zehazteko bidea ematen dio aurretiazko borondateen agiriak. 2003tik ia 14.100 agiri erregistratu dituzte herrialdean. Herritarrek ondokoak hartu behar dituzte kontuan.

ZER DA AURRETIAZKO

BORONDATEEN AGIRIA?

Aurretiazko borondateen agiriaren helburua da herritarrek idatziz jasota uztea zer-nolako osasun zaintza jaso nahi duten, beren borondatea azaltzeko gai ez direnean kontuan hartzeko. Agiria dagoenean, osasun profesionalek gaixoak azaldutakoaren araberako erabakiak hartu ahal izanen dituzte. Agiria egin eta gero, aukera dago hutsean uzteko edo aldatzeko. Ez da, beraz, agiri itxi bat.

NORK EGIN DEZAKE

BORONDATEEN AGIRIA?

Hiru baldintza bete behar dira aurretiazko borondateen agiria egiteko: 16 urte baino gehiago izatea (edo emantzipatutako adingabea izatea), osasun propioari buruzko erabakiak hartzeko gaitasuna izatea eta askatasunez jardutea.

ZER HELBURU NAGUSI DU

AGIRIAK?

Helburu nagusia da agiria egiten duenak idatziz jasotzea zer-nolako tratamenduak onartzeko prest dagoen, eta zer-nolakoak utzi nahi dituen bazter. Agiriak jasotzen ahal du, halaber, gaixoak zaintza aringarria nahi ote duen, organo emaile izan nahi ote duen eta eutanasiaren alde egin nahi ote duen, bertzeak bertze; legeak ezartzen dituen mugen barruan, betiere.

INPORTANTEA DA AGIRIA

EGIN DUZULA ZABALTZEA?

Komeni da aurretiazko borondateen agiria egitea erabakitzen dutenek erabaki horren berri ematea beren osasun etxean, adibidez, bai eta hurbilekoen artean ere. Agiriak, gainera, aukera ematen du ordezkari bat edo bi izendatzeko. Konfiantzazko pertsonak izan behar dute, 18 urte baino gehiagokoak, eta haien helburua da bitartekari lana egitea osasun langileen aurrean, gaixoak bere borondatea azaltzeko aukerarik ez duenean. Ordezkariek funtzio hori betetzeko prest direla jasotzen duen agiria sinatu behar dute.

ZER-NOLAKO AGIRIA

BETE BEHAR DA?

Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak oinarri gisa erabiltzen ahal den agiri eredu bat du bere webgunean (Navarra.es). Dena den, bertze zenbait erakundek ere badituzte eredu gisa baliatzen ahal diren agiriak; bertzeak bertze, Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkarteak badu berea. Herritarrek, gainera, beren agiri propioa egiten ahal dute. Agirian idazten ahal den edukia librea da, baina osasun langileek legez baimendutako erabakiak baino ezin izanen dituzte hartu, agiriari so egitean.

NOLA BALIOZKOTZEN AHAL

DA AGIRIA?

Derrigorrezkoa da aurretiazko borondateen agiria erregistratzea, kontuan hartu ahal izateko. Hori egin baino lehen, gainera, agiria baliozkotu egin behar dute herritarrek, argi gera dadin sinatu duen pertsonak bere borondatez egin duela, eta inolako bortxarik gabe, hain zuzen.

Batetik, agiria baliozkotzen ahal da hiru lekukoren bidez. Kasu horretan, lekukoek adinez nagusi izan behar dute, eta hiruretako bik, gutxienez, ezin dute familia harremana izan sinatzailearekin, ezta ondarearen bidezko loturarik ere. Bertzetik, herritarrek notario batengana jo dezakete, eta, hirugarrenik, osasun etxeko gizarte langilearengana joan daitezke.

ZER EGIN BEHAR DA

ERREGISTRATZEKO?

Derrigorrezkoa da agiria erregistratzea, behar izanez gero bizi testamentua kontuan hartu ahal izateko. Online egin daiteke urrats hori, edo Nafarroako Gobernuaren erregistrorako bulegoetara joan agiria erregistratzeko. Laguntza behar dutenek osasun etxeko gizarte langilearengana jo dezakete. Navarra.es helbidean daude argibide guztiak herritarren esku.

Argazkia: Nafarroako Gobernuaren kanpainako irudia.