Gurelurrek salatu du Ilundaingo fauna babesteko zentroak ez dituela artatzen sai arreak: «Ez dira legea betetzen ari». Nafarroako Gobernuak erantzun du 2020. urtetik 81 putre hartu dituztela.
Edurne Elizondo
Bizirik zen abisua eman nuenean, baina hiltzen utzi zuten. Hagitz krudela da”. Juan Arbeloa Oibarko nekazariarenak dira hitzak. Duela hilabete eskas, sai arre bat aurkitu zuen bere lurretan, eta 112ra deitu zuen, Ilundaingo fauna babesteko zentroko kideek arta zezaten. “Ez zuten saia zentrora eraman, ordea; ondoko sarraski zokoan utzi, eta han hil zen”.
Arbeloaren kontakizunak bat egin du Gurelur talde ekologistak salatutako egoerarekin: herrialdeko talde politikoei gutun bana bidali die, azaltzeko Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentua ez dela legea betetzen ari. “Ilundaingo fauna babesteko zentroak ez ditu zaurituta edo gaixo diren sai arreak artatzen; hau da, ez da bere zeregina betetzen ari”, erran du Gurelur taldeko kide Toño Munillak.
Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuak ez du bat egin ekologisten salaketarekin, eta zehaztu du 2020ko urtarriletik orain arte 81 sai arre hartu dituztela Ilundainen. Aitortu du, dena den, deia jaso duten kasu gehienetan hegaztiok sarraski zoko batera eraman dituztela.
Abisua Gurelurreko kideei
Habia utzi eta gero, eta esperientziarik ezaren ondorioz, kableekin, antenekin edo eraikinekin kolpeak har ditzakete sai arre gazteek. Halako egoera batean aurkitzen dituztenean, bi hilabete inguruko prozesua behar izaten dute berriz ere beren kabuz hegan egin eta elikatu ahal izateko. “Horretarako dago Ilundaingo zentroa”, oroitarazi du Munillak.
Kontua da saiak ez direla zentrora iristen ari, Gurelurrek salatu duenez. Arazoa, gainera, ez da oraingoa. “Ganasak Ilundaingo zentroa kudeatzen duenetik gertatzen ari da”, azaldu du talde ekologistako ordezkariak. Aurretik —1999. urtera arte, zehazki—, Gurelurrek zuen zentro hori kudeatzeko ardura.
Ilundainen Ganasak egiten du lan orain, baina Gurelurreko kideek segitzen dute herritarren deiak jasotzen, eta dei horien bidez baieztatu ahal izan dute Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentua ez dela “bere lana” egiten ari.
Arbeloarena da adibide bat. Nekazariak nabarmendu du oraingoa ez dela bere lurretan sai bat aurkitu duen lehen aldia, eta “aurreko esperientziagatik” erabaki zuela azken horretan lehendabizi Gurelurreko kideei deitzea. “Ez nuen nahi aurreko batean gertatu zitzaidana berriz gertatzea; sai bat aurkitu, 112ra deitu, eta artatu beharrean sarraski zokoan utzi zuten”.
Arbeloak zehaztu du Ganasako kide bat agertu zela hegaztiaren bila, eta kaiola batean sartu eta gero autora igo zuela. “Baina, bat-batean, berriz atera zuen. Erran zigun nagusiak agindu ziola saia Ilundainera ez eramateko, eta uzteko sarraski zokoan”. Gauza bera gertatuko zen beldurrez, Gurelurreko kideengana jo zuen. Legez, baina, 112ra jo beharra dago, eta hori egiteko eskatu zioten talde ekologistako kideek. “Deia jaso zuten, baina berriz ere sarraski zokoan utzi zuten animalia, han hil arte. Ahul zegoen, eta ez zen gai bere kabuz jateko”, kontatu du Arbeloak.
Laguntza, jan ahal izateko
Toño Munillak azaldu du sai arre gazte bat hartzeko aukera izateak erakusten duela animalia ez dagoela ongi. Habiatik zortzi kilo ingururekin ateratzen dira, eta bost inguru izaten dituzte aurkitzen dituztenean. Koipea galtzen dute lehendabizi, elikatzeko aukerarik ez dutenean. Gero, giharra galtzen hasten dira. Ondorioz, animaliok erreskatatzea lortzen denean, premiazkoa da behar duten arreta eskaintzea. “Ezin dute bertzerik gabe jaten hasi; horrek kalte egiten ahal die, eta heriotza eragin”, nabarmendu du Gurelurreko kideak
Ondorioz, Munillak argi eta garbi erran du ez duela “zentzurik” gaixo aurkitutako sai arre gazteak sarraski zoko batera eramateak. “Ez du deusetarako balio. Han uzten dituzte, agonia luze batean”, salatu du.
Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuak erantzun dio Gurelurrek egindako salaketari, eta nabarmendu du Ilundainen “sai arre ugari” artatzen dituztela. 2019ko datuen arabera, 2.682 bikote ugaltzaile daude herrialdean. Departamentuko teknikariek zehaztu dute 2020ko urtarriletik orain arte sai arreen inguruko 604 dei jaso dituztela. Gehienak “sarraski zoko batera eraman edo jasotako ingurunean utzi” dituzte: “403 denera. Ilundaingo zentrora, berriz, 81 putre eraman ditugu”. Sarraski zokoan “hegaztiek zer jan” badutela erantsi dute Ingurumen Departamentuko teknikariek.
Gurelurreko Toño Munillak berretsi du hori ez dela nahikoa. “Denbora batez jan gabe egon den animalia batek ezin du bere kabuz berriz jaten hasi”. Arbeloak kontatu duena jarri du ekologistak arazoaren adibide: “Animalia sarraski zokora eraman, baina han hil egiten da. Eta ez da batere heriotza samurra. Ezin dugu ahaztu saia babestutako espezie bat dela”.
Goiko argazkia: Gurelur.