Iritzia: Ez-lekuak

Iritzia: Ez-lekuak

Amets Aranguren Arrieta

Espazioaren zati jakina da lekua, Euskaltzaindiaren arabera, tokia-ren gisara. Zerbait ukigarria, hortaz. Nire ezjakintasun eta aurreiritziez blaitutako argudioak alde batetik, eta bertan bizi diren batzuek nire ideiak konfirmatuta (azken hau autoritate argudio gisa erabiltzeko aprobetxatuko dut, bai), esanen dut Hendaia dela ez-leku entzuten dudanean burura etortzen zaidan lehenengo ez-espazio zati jakina.

Ingurukoekin mintzatu naiz, eta Londres da A-rendako ez-leku nabarmenetako bat, berezko edo bertako kulturarekin topo egiteko zailtasunak topatu zituelako (berezko eta bertako hitzak ez gaizki ulertu, faborez). Bakardadea eta beldurra sentitu zituelako, ez zuelako bere tokia aurkitu, hain zuzen ere. Aipatzen du posible dela sentsazio hori errepikatu izan den espazio guztiek komunean izatea pobreziarekin loturaren bat, inork bizi nahi ez duen hori, hain zuzen ere, baina ez daki ziur afera hori den ala beste baten bat.

Nik, berriz, kontrakoarekin lotzen ditut askotan ez-lekuak: aberatsen jabetzak, jauregiak, kargu-handidunen etxebizitzak… Bizia badagoela ikusarazten dizuten arrasto horiek ere (mugimendua, desordena minimo bat) ez dituzten lekuak dira niretzat, hain zuzen.

G-k dio iruditeria jakin batean edo bere inguruan bizi/jarduten den giza kolektiboaren gehiengoarentzat ezer adierazten ez duten guneak direla, emoziorik sortzen ez dutenak, askotan ezezagutzagatik bada ere. I-k deserosotasunarekin lotzen du ez-lekua, egoera arrotzekin espazioarekin baino gehiago. Eta X-rendako autobideetako atsedenguneak dira ez-leku.

Zerrenda egiten hasi naiz ni, eta etorri zaizkit gogora industrialdeak, merkataritza guneak, tren eta autobus geltokiak, aireportuak eta aireportuetako hegazkinentzako pistak eta, batez ere, kartzela barruetako ate batetik besterako tarteak; bigarrena irekitzeko lehenengoa itxi eta bi ateren artean geratzen den laukia, bisitari guztiek konpartitzen dutena. Denona eta inorena ez, aldi berean.

Ez-lekuetan hotz egiten du askotan, edo bero handiegia bestela. Haietan jende guztia da desberdina, eta iguala, aldi berean. Denak pasatzen gara haietatik, baina ez da inor hor bizi, ez da inor bertakoa (bai, Hendaiakoa bai, badakit). Baina nago ez-lekuak ez-espazio baino gehiago, ez-momentuak direla. Aipatutako adibide denak izan dira pasatzeko lekuak eta ez geratzekoak. Gure lekua egiteko edo zein den ulertzeko denborarik gabe bisitatzen ditugun espazio horiek izan daitezke ez-leku edo, hobe esanda, espazio horietan pasatutako uneak.

Etengabe bere existentzia demostratzeko beharra duen norbanakoz osaturiko jendartean bizi garela entzun nion aurrekoan László Krasznahorkai idazle hungariarrari. Existentzia hori erakutsi ahal izateko, ezinbestekoa da espazioa: izan kalea, sareak, hurbilekoak ala mundu zabala.

Horren ondorioz, besteren artean, gero eta gehiago dira euren burua bera ez-leku gisa bizi dutenak, eta barrenean tokirik topatzen ez dutenak. Hain azkar doan mundu honetan barrurako denborara utzi ezean, mundua bihurtuko dugu ez-leku.