“Dena zalantzan jartzeko nahia piztu behar du arteak”

Altsasuko Artebide elkarteak antolatutako erakusketa etzi arte ikusi ahal izanen da, herri horretako Iortia kultur etxean. Eskualdeko zenbait artistak egin dute bat Artebiden, saretzeko; Helena Santano da haietako bat.

Edurne Elizondo

Sakanako arte azoka abian da, 11. aldiz, Altsasun. Lehen erakusketa egin eta gero, Artebide elkartea sortzea erabaki zuten parte hartzaileek, elkarri laguntzeko, eta egiten zuten lanaren berri zabaltzeko. Helena Santano Sakanako Artebideko kidea da (Altsasu, 1970), eta landa eremua defendatu nahi izan du, hiriarekin batera, arte plastikoen esparrutzat. Elkartearz eta bide propioaz mintzatu da. Etzi amaituko da erakusketa.

Sakanako artisten elkartea da Artebide. Nola sortu zenuten?

Duela 11 urte, erakusketa bat egitea erabaki genuen. Altsasuko feriarekin bat egiteko antolatu genuen, artearen esparrutik ere zer erakutsi bagenuela azaltzeko; landa eremuan ere arte garikideak tokia baduela aldarrikatzeko.

Behar hori bazenuten?

Bagenuen gure herrian sortzeko beharra; eta bagenuen errebelde izateko beharra ere, eta landa eremua erdigunean jartzekoa. Zergatik ez dugu, bada, arte garaikidea sortuko landa eremuan?

Erakusketa egin eta gero sortu zen Artebide elkartea?

Bai. Bospasei artistak egiten genuen bat, urtero, eta elkartea sortzea erabaki genuen. Iruditu zitzaigun euskarri bat izan zitekeela, laguntzak eskatzeko, gure berri zabaltzeko, eta artisten sarea handitzeko ere bai.

Erakusketan ere egiten duzue sarea handitzeko ahalegin bat, baita Sakanatik kanpo ere, eskualdetik kanpoko artistek ere parte hartzen baitute.

Bai. Urtero zenbait artista gonbidatzen dugu erakusketan parte hartzera. Aurten ditugu Iabel Sanchez, Asun del Pozo, Cabeza de Artista, Zorione Mendez Martin, Asun Requena, Ana Martinez de Eulate eta Estibalitz Alvarez. Urtetik urtera, handitzen joan da erakusketaren oihartzuna. Denera, 34 artistaren lanak bildu ditugu. Ez da gutxi!

Sakanan, beraz, artearen esparruan bada giro?

Bai, zalantzarik gabe. Nik uste dut errebelde izateko behar horrekin duela lotura; anitzen kasuan, sormenarekin egin du bat izaera errebelde horrek. Mugimendu handiko eskualde bat da gurea, eta uste dut horrek ere baduela eragina.

Errebelde izateko arrazoiak badira beti?

Beti. Nik uste dut artearen helburua ez dela erantzunak ematea, baizik eta galderak sortzea herritarrei. Gogoetarako eta dena zalantzan jartzeko nahia piztu behar du arteak.

Altsasuko gazteen auziak eman du aukera gauza anitz zalantzan jartzeko eskualdean. Artearen esparruan ere bai?

Sekulako bidegabekeria izan zen. Niretzat, polita izan zen ikustea hagitz jende ezberdinak bat egin zuela salatzeko gertatu zena. Artebidetik ere egin genuen ekarpen bat. Ikusi genuen herriko eta inguruko musika taldeek antolatzen zituztela elkartasuna agertzeko gauzak, baina arte plastikoen esparrutik ez zela proposamenik; horregatik erabaki genuen urte horretako erakusketak Altsasu auzia hartzea abiapuntu gisa, eta parte hartzaileek bidegabekerien inguruan egitea haien lanak. Hagitz interesgarria izan zen. Lehen aldiz gaia guk eman genuen, baina horrek ere eman zion koherentzia erakusketari.

Arteak konpromiso soziala izan behar du?

Niretzat artea lengoaia bat da, komunikatzeko bide bat. Finean, errateko duzun hori adierazteko bide bat da. Bide horretan, nik gauza ezberdin anitz egin dut.

Diziplinen arteko solasaldia maite duzu?

Nik margotu izan dut DJ bat zuzenean ari den bitartean. Halakoetan, bertzeen aurrean biluzi egiten zara. Nire asmoa zen ahalik eta jende gehien ukitzea, unean unekoa den ekinaldi batean. Musikaren eta arte plastikoen artean, gainera, harremana badela uste dut: koloreak baditu notak, eta notek kolorea badute.

Bertzelako euskarriak ere baliatu dituzu. Ikertzea gustatzen zaizu?

Bai. Egin ditut collageak, performanceak, argazkigintza landu dut… Gauza pila bat. Unearen araberako beharrak bultzatzen nau euskarri baten edo bertze baten alde egitera. Orain, adibidez, objektu artistikoa eta objektu horren inguruko fetitxismoa bazter uzten ari naiz, neurri handi batean, eta soinuaren bidez ari naiz artea sortzen. Soinuak ematen dit espazio bat betetzeko aukera, espazio hori okupatu gabe. Hori ari naiz lantzen.

Irakasle lanetan ere ari zara. Zaila da artea bizibide bilakatzea?

Artea bizibide bilakatzeko denbora anitz eskaini behar diozu, eta, batez ere, saltzen jakin behar duzu. Ni ez naiz arteaz bizi, baina artearekin bizi naiz.

Zure lana saltzen jakin behar duzu?

Zure lana, bai eta zeure burua ere.

Hau da, zuk egin nahi duzunari uko egin behar izatea?

Bai. Nik hori uste dut. Niretzat, sortzea izan da beti lehentasuna. Txikitatik, beti maite izan dut eskuekin gauzak egitea. Corellako Batxilergo Artistikoko nire ikasleei ere erraten diet berezkoa eta barruan dugun gaitasun horri eutsi behar diogula.

Maite duzu irakaskuntza?

Gozatzen dut irakasle lanarekin. Uste dut artearen alde apustu egiteagatik ausartak direla, eta lehen eskola, hain zuzen, haiek zoriontzeko aprobetxatzen dut. Arte Ederrak ikastea da gauza berezi bat, ikasketak amaituta ez baituzu curriculuma bidaltzeko toki bat. Nik, behintzat, Leioako [EHUko] fakultatetik atera nintzenean, hori pentsatu nuen! Nik uste dut gizartea ez dagoela prest sortzeko prozesuei merezi duten garrantzia emateko, eta, horregatik, gazteek artearen alde egiten segitzen dutela ikusteak, biziki pozten nau.

Leioan ikasi, baina Parisen ere izan zinen. Nolakoa izan zen esperientzia?

Erasmus egitera joan nintzen Parisera, eta hiru hilabete egon nintzen han. Hagitz esperientzia polita izan zen. Artista anitz ezagutzeko eta haiekin lan egiteko aukera izan nuen. Lehen mailako artistak ziren.

Ez zenuen han gelditu nahi?

Pentsatu nuen, eta aukera hori ere eman zidaten, baina itzultzea erabaki nuen. Herriko emakumea naiz ni! Parisen, Matilde Ferrerrekin ari nintzen, Esther Ferrerren ahizparekin. Erraten zidan hiriaz gozatu behar nuela, eta izanen nuela gero sortzeko denbora.

Eta itzuli zinen. Ez zara damutu?

Ez. Nik itzuli nahi nuen, eta herrian lan egin, herrian sortu. Hiritik kanpo ere arteak badu bere tokia, eta nik beti jarri nahi izan dut hori erdigunean. Hemen egiten duguna hemendik kanpo ere erakutsi nahi izan dugu, gainera. Artebideren erakusketa Marokora eraman genuen behin; Tangerrera, adibidez. Aukera hori sortu zen, eta aprobetxatu genuen. Esperientzia aberasgarria izan zen denontzat.