Ana Nagorek eta Maria Argiñanok Villa Mutilva etxea sortu dute; asmoa da zaharrei beste eredu bat eskaintzea: etxe berean bizitzea, bakardadeari aurre egin ahal izateko.
Olaia L. Garaialde
Gertutik ikusi dute Ana Nagorek eta Maria Argiñanok zer-nolako egoerak bizi dituzten zaharrek, eta bizitzeko beste aukera bat proposatu nahi izan dute. Horretarako, Villa Mutilva etxea sortu dute Mutiloagoitin. Zortzi pertsonarentzako etxe bat da, eta 60 urte baino gehiagokoentzako da. Helburua da bakardaderi eta isolamenduari aurre egitea. Igandean, hilaren 30ean, Villa Mutilva etxeko ateak irekiko dituzte, 17:00etatik aurrera, jendeak etxea ezagutu dezan.
“Askotan ikusi dut nola egoten diren zahar etxeetan: aspertuta eta ezezagunez inguratuta”, azaldu du Argiñanok. Hortaz, bizitzeko modu “askeagoak” aldarrikatu ditu: “Bizikidetza sustatu nahi dugu, eta, aldi berean, independentziari eutsi, betiere norbaiten babesa izanik”. Bertan biziko direnek autonomia izanen dute nahi duten erara ibiltzeko etxean, eta norberak bere giltzak izenen ditu. “Etxe bateko ohiko funtzionamendua izanen da”, azaldu du Argiñanok. Hala ere, langile baten laguntza izenen dute: “Langileak garbituko du etxea, kozinatuko du, eta sortzen diren beharretara egokituko gara”.
Sei pertsona abian jartzeko
Pisu edo etxe berean bizitzea gaztaroarekin lotzeko ohitura dagoela esan du Nagorek: “20 urterekin, erraz joaten gara lagunekin edo ezezagunekin bizitzera; hau gauza bera da, baina 60 urterekin”. Dena den, dio adin batetik aurrera kostatu egiten dela “aldaketa erradikalak” egitea. Bat egin du horrekin Argiñanok: “Zenbatetan esan dugu lagunekin joanen garela bizitzera? Baina, azkenean, beti kostatzen zaigu pauso hori ematea”.
Etxean biziko direnen arteko harremanaz eta kohesioaz arduratuko dira biak; horretarako, Nagorek esan du zenbait irizpide daudela etxean sartzeko: “Autonomoak izan behar dute, eta gauzak egiteko gogoz etorri”. Jendeak etxea ikusi ahala, elkarrizketak eginen dituzte, “talde polit bat” osatzeko asmoz. Sei pertsona lortzen dituztenean, martxan jarriko dute etxea, hain zuzen, eta aldez aurretik bilera bat eginen dute denek elkar ezagutzeko.
Horrez gain, taldearen zaletasunei lotuta zenbait jarduera antolatu nahi dituzte. “Horrek ez du esan nahi dena elkarrekin egin behar dutenik; agian, birekin edo hirurekin hobeto moldatzen dira, eta horiekin ibili nahi dute. Beste lagun batzuk eta familia ere etor daitezke etxera, noski”, azaldu du Nagorek. Jardueren helburua da prebentzioan laguntzea, ariketa fisikoaren bidez eta elikaduraren bidez.
Horrekin batera, pisukideen arteko harremana landu nahi dute bakartze sozialari aurre egiteko. “Oso ongi dagoen jendea dago, eta nahiz eta sare handia izan, etxean gotortu, eta bakartu egiten dira”, esan du Nagorek. Gertutik ikusi du hori amarekin: “Ama oso ondo zegoen, ia 100 urte zituen hil zenean, baina oso bakarrik zegoen bere urrezko kaiolan, eta hori oso gogorra da familiarentzat”.
Horregatik, bizikidetzan jartzen dute arreta, eta jakin badakite arazoak izanen dituztela, toki guztietan bezala, baina Argiñanok nabarmendu du ikasteko aukera bat dela: “Bizitzako etapa guztietan ikasten eta hazten da; daukagun onena ateratzeko eta emateko aukera bat da etxea”.
Azpimarratu dute askok ez dutela laguntzarik eskatzen, familiari lanik ez ematearren. Etxearen funtzionamenduari esker, “eroso” eta familiarentzat “zama” bat izan gabe bizitzeko aukera izanen dutela uste du Argiñanok: “Pertsona baten laguntza izanen dute, zerbait apurtzen bada gu arduratuko gara, ez dituzte gestioak egin behar, eta osasun arazorik balego —egonen dira—, hor egonen gara”.
Ondo kokatua
Lagunen eta profesionalen laguntzarekin eman diote forma bizitzeko prest dagoen Villa Mutilva etxeari. Argiñanok kontatu du etxea topatzea izan dela zailena, baina “zorte handia” izan dutela, azkenean lortu duten egoitza “oso ondo kokatuta” baitago: “Iruñetik gertu dago. Autobusa etxe ondotik ateratzen da, eta ibiltzeko leku asko daude inguruan”, kontatu du. “Irabazi asmorik gabekoa eta autogestionatua da; arreta etekinean jartzen baduzu, kalitatea eta arreta jaitsi egiten dira”, erantsi du Nagorek.
Etxeak hiru solairu eta igogailu bat dauzka. Gela bakoitzean, komun bat, ohe artikulatu bat eta telebista bat dago. Horrez gain, lasai egoteko zenbait txoko dituzte, hala nola lorategi bat eta egongela bat.
Nork bere espazioa izatearen beharra nabarmendu du Nagorek, gainera: “Etxean txoko asko daude; hortaz, etortzen denak nahi duena egin dezake. Hemen biziko direnak etxean senti daitezen nahi dugu”.
Igandean zabalduko dituzte ateak, nahi duenak etxea ezagutu dezan.
Argazkiak: Iñigo Uriz / Foku