Isiltasunaren horma hautsi duten eskuak

Isiltasunaren horma hautsi duten eskuak

Jon Abrilek ‘Isildutako eskuak. Emakume langileak gerra ondoko Euskal Herrian’ argitaratu berri du. ‘Neskatoak’ dokumentalaren bidez ezagutu zuen errealitate bat hartu du abiapuntu, eta, neskame aritu zirenen testigantzekin batera, bertze zenbait lan arlotako emakume langileenak ere bildu ditu kazetariak.

Edurne Elizondo

Liburuan hitza hartu duten emakumeetako batek negar egin duela erran dio; testuak ukitu egin duela, zeharo. Eskertu dio isilarazitako hitzak paperean jaso izana. Eta horrek ukitu eta hunkitu du gehien Jon Abril Olaetxea (Bera, 1975). Bertze helbururik ez baitu: bazter utzitakoei so egitea, eta haien kontakizuna erdigunean jartzea; historia ofizialetik at gelditu diren emakume langileen berri eman du Isildutako eskuak. Emakume langileak gerra ondoko Euskal Herrian (Elkar, 2022) liburuan.

Prekaritatea, lan baldintza kaskarrak eta gizartearen presioa sufritu zituzten emakume horiek; isilik nahi zituzten, baina lanaren egunerokoak ezarritako arauei aurre eginez, lortu zuten gauzak aldatzen hastea. Ez beti, Abrilek nabarmendu duenez, zenbait lanpostutan emakume langileen jatorria baita aldatu den gauza bakarra.

Jon Abril kazetaria ‘Isildutako eskuak’ liburuarekin. Jon Urbe / Foku.

Tene Mujika sariaren babesarekin ondu du Abrilek Isildutako eskuak liburua. 11 lanbidetan aritutako hamalau emakumeren testigantzak jaso ditu, gerra ondoko gizartearen irudi bat osatzeko. Emakume langileei egin die so, etxetik atera eta handik kanpoko lan merkatuan sartu ziren andreok egindako bidea ezezaguna baita, neurri handi batean. Bide horrek, baina, ekarri zuen emakume horiek sistemak ezarritako arauak zalantzan jartzea, ahalduntzea, eta gizartean aldaketak eragitea.

Fabriketako giroa eta esperientzia, baina, gogorrak ziren, batez ere gerra ondoko lehendabiziko hamarkadetan, eta gogortasun horrek markatu du lan munduan urratsak egin zituzten emakume horien bidea.

Dokumentala abiapuntu

Neskatoak dokumentalaren laurogei emanaldi inguru egin nituen, Euskal Herri osoan. Adin bateko emakume anitz etorri ziren saio horietara, eta aipatzen zizkidaten bertze zenbait lan arlotan ere bizi izandakoak. Gogoa eta beharra zuten kontatzeko, eta errateko zuten hori jasotzeko hasi nintzen lanean”, oroitu du Abrilek.

Eskertu du kazetaritza lana egiteko aukera, eta aitortu du”gozatu” duela liburuan ageri diren emakumeei elkarrizketak egiten. Ez du harritu emakumeok agerian utzi duten errealitateak: “Etxe barruko dinamikak errepikatzen ziren lan munduan, eta emakumeak bazter gelditzen ziren. Emakumeek gehiengoa osatzen zuten lantegietan ere, gizonen azpitik ziren. Bigarren mailako langileak ziren; sindikatuek ere ez zituzten aintzat hartzen”.

Harritu du, ordea, zenbait gauzak bere hartan dirautela ikusteak: “Aitzinera egin dugu, bai, baina zenbait arlotan, egoerak berdin segitzen du. Elkarrizketatu ditudan emakume batzuek amorruz nabarmendu dute hori”, aipatu du.

Adibide bat jarri du: neskame aritutako emakumeena. 1950eko hamarkadan, Donibane Lohizunen (Lapurdi) aritu zen Pakita Burguete Irazoki, eta hari buruzkoa da Abrilen liburuko lehen atala: “Lantokian bizi ziren neskato aritutakoak, inolako eskubiderik gabe. Orain, urrunagotik etorritako emakumeek antzeko lana egiten dute, baina baldintzak ez dira aldatu”.

Gerraondoko lehen hamarkadetako emakume langileen egoera “bereziki txarra” izan zela erran du Abrilek; frankismoaren errepresioaren zama gainean zuten, oraindik ere. 1961. urtera arte, gainera, emakumeek gizonen baimena behar zuten lan egiteko, eta utzi egin behar zuten ezkondu orduko. “1960ko hamarkadatik aurrera, lan baldintzen eta bidegabekerien aurka altxatzen hasi ziren emakume langileak”.

Lantoki barruko keinu txikiek ere balio izan zuten kontzientzia bat garatzeko. “Liburuan jasotako istorioak unibertsalak dira”, nabarmendu du egileak. Abrilen testuan ageri diren hamalau emakumeen kontakizunek bertze andre anitzen egunerokoa azaltzen ahal dute. Hori nahi zuen kazetariak: “Dibulgazio lan bat, irakurtzeko goxoa”.

 

Atarrabiako Onena paper fabrika

Emakumeak Onenako lantegira lanera sartzen. Mauro Ibañez.

Atarrabiako Onena paper fabrikako langile izandako Mercedes del Burgo Alaba eta Rosario Aizpurua Donazar elkarrizketatu ditu Jon Abrilek Isildutako eskuak liburuan. “Lantegi hori aukeratu nuen, Nafarroan industrializazioa berantiarra eta tradizio motzekoa izan arren Atarrabian beti izan delako industriaren bat”, azaldu du.

Bi garai ezberdinetan aritu ziren Del Burgo eta Aizpurua, eta giroan gertatutako aldaketak sumatzen dira emakumeon kontakizunetan. “Polita da alde hori ikustea; 1950eko hamarkadan, beldurra zen nagusi: giroari eta gizonei beldurra, baita lantegian ere. 1960ko hamarkadatik aurrera, antolatzen hasi ziren emakumeak, aldaketak eskatzen”.

1961etik aurrera, legez ezin zituzten emakumeak bota ezkondutakoan, baina gizarteak “gaizki” ikusten zuen, oraindik. “Presio hori bazuten”. Lege aldaketari, gainera, “trikimailu” batekin aurre egin zioten: “Dotea sortu zuten lana uzten zuten emakumeentzat; batzuetan, urte bateko soldata ere izan zitekeen”. Emakume langile anitzek horren aurka egin zuten, baina ez denek. “Tentsioak sortu ziren”.

 

Lodosako kontserba fabrika

Emakumeak lanean San Adriango kontserba-lantegian. Viceversa elkartea.

Lodosako barazki kontserben fabrika batean aritutako Josefina Lopez Diazen testigantza jaso du Jon Abrilek. “1950eko hamarkadan, kooperatiba bat sortu zuten herrian, eta lehen langile multzoan izan zen Fina [Lopez Diaz]”. Deus ez zegoen tokian “aberastasun bat” ekarri zuen kooperatibak, baina langileen baldintzak kaskarrak ziren. “Emakumeen arteko giroa ona zen, baina gizonekin zutena ez; arduradunak gizonak ziren”, azaldu du Abrilek. Lanaldi luzeak izaten zituzten, eta istripuak ere maiz gertatzen ziren. “Horrekin batera, gizonen ukituei eta begiradei aurre egin behar zieten emakumeek”. Lana erruz egin arren, emakumeek ez zuten kotizatzen.

Laneko baldintza kaskarrez gain, frankismoaren errepresioa ere sufritu zuen Fina Lopez Diazek. “Atatxi eta osaba fusilatu zizkioten; herrian, baztertu zituzten”.

Lopez Diazen garaiko gauza anitz aldatu dira, baina gaur egun Nafarroako Erriberan eta inguruko herrietan ari diren nekazari anitzen baldintzak ere “hagitz kaskarrak dira”. “Orain, batez ere Marokotik etorritako migratzaileak ari dira esparru horretan, eta prekaritatea da nagusi”, salatu du Abrilek.

 

Unaia

Otsagabiko unaia, 1924an. Roldan estudio. Nafarroako artxiboa.

“Milagros Landa Compainsena da liburuko lekukotzarik latzena”, aitortu du Jon Abrilek. Unai aritu zen Otsagabia sorterrian. 1939an jaio zen, eta 8 urterekin hasi zen lanean. Liburuan jasoak daude Landa Compainsek lehen lan egunari buruz errandakoak: “Ni negar batean, eta ama ere bai. Ez nuen joan nahi, eta amari gonatik heltzen nion, ez nuela joan nahi erranez. Bera malkotan, joan behar nuela”. Bakarrik egin zuen bordarainoko ordubeteko bidea. 8 urterekin.

Hurbil zegoen bertze borda bateko unaiak eman zion babesa. “Hilerokoa jaitsi zitzaionean ere, bertze unaiak eraman zuen herrira oihalak erostera. Arrautzak eraman zituzten dendara trukean emateko”, kontatu du egileak. Erantsi du Otsagabian gizonak aritzen zirela artzain, Bardeara joaten zirelako; emakumeak ziren unaiak. “Markatua zen bereizketa hori”.

Tratu txarrez jositako bizitza kontatu du Landa Compainsek Abrilen liburuan. “Ama hil zitzaionean, etxeko ardura bere gain hartu behar izan zuen. Behin, ohazalak erosteagatik jipoia eman zion aitak. Eskolan ere, kolpeak bertzerik ez zioten ematen; bertzeak bertze, euskaraz egiteagatik. Gizarte itxia zen”, azaldu du Abrilek. Horregatik, Iruñera joateko aukera izan zuenean, “askatasuna” aurkitu zuen Otsagabiko unaiak. “18 urterekin joan zen; neskato aritu zen lehenbizi, eta gero, ostatu batean. Soldatak askatasuna eman zion”.

 

Neskame

Pakita Burguete, ezkerretik lehenbizikoa, Ziburuko Elkano etxeko jantokian, bertze hiru neskatorekin batera (Nati Irazoki, Mari Paz Lazkanotegi eta Pakita Irazoki, denak beratarrak). Pakita Irazokik utzia.

Neskatoak dokumentalarekin hasi zen oraingo Isildutako eskuak liburua eman duen bidea. Film horretan neskato aritutako hamabost emakumeren testigantzak jaso zituen Abrilek, eta haietako bat hautatu du liburua hasteko: Pakita Burguete Irazoki beratarrarena. 1952. urtean joan zen mugaz bertzaldera lanera.

“Neskato joandako lehenbiziko emakume horiek hagitz gaizki pasatu zuten. Oinez joaten ziren, menditik, frantsesa jakin gabe, negarrez. Pakita 18 urterekin hasi zen, baina gazteago ere hasten ziren. Etxe batera joaten ziren, eta eskubiderik, paperik, kontraturik eta pasaporterik ere ez zuten. Prekaritatea erabatekoa zen”.

Emakumeek, baina, bertze aukerarik ez zuten etxetik kanpo lan egin ahal izateko, Abrilek azaldu duenez. “Eskualdean ez zen industriarik, eta neskato joan bertze erremediorik ez zuten”. Dokumentaleko bertze testigantza bat oroitu du, neskame aritutako atzoko eta gaurko emakumeen egoera lotzeko: “Batek erraten zuen Parisera atezain joandakoek bete zutela italiarrek hutsik utzitako tokia; hau da, beti bada norbait okerrago inork nahi ez duen lan hori egiteko. Hemen ere ikusten ari gara: Hego Amerikako emakumeak ari dira zaintzan, baldintza latzetan”.

 

Espartingileak

Emakume espartingileak Mauleko Cherbero lantegian. Ikerzaleak elkarta.

Mauleko Michelle Rosier espartingilearen lekukotza jaso du Jon Abrilek liburuan. Bildoze-Onizepeko Tauzin fabrikako espartingilea izan zen, Zuberoan. Istorio horren bidez, halere, Pirinioez bi aldeetako emakume langileen egoerari egin nahi izan dio so kazetariak; izan ere, Erronkaribartik eta Zaraitzutik andre anitzek egin zuten Maulera bidea, espartinak egiteko. Enara erraten zieten, hegaztiok bezala, udazkenean joan eta udaberrian itzultzen zirelako.

“XIX. mendetik hasi ziren Erronkaribarko eta Zaraitzuko emakumeak Maulera joaten; Ansotik ere [Aragoi, Espainia] joaten ziren. XX. mendeko lehen urteetan, batez ere, lan handia zegoen, meategietako langileentzat egiten baitzituzten espartinak, eta anitz behar ziren”, erran du Abrilek.

Erantsi du hasieran “mesfidantzaz” hartu zituztela Zuberoan Nafarroatik joandako emakumeak. “Lan baldintzak eta bizi baldintzak, gainera, hagitz txarrak ziren, penagarriak”. Enarak, gainera, “bazterrekotzat” hartzen zituzten. “Batzuek diote ongi integratu zirela; bertze batzuek zalantzan jartzen dute hori. Egia erran, bi aldeetakoen arteko ezkontza gutxi izan ziren, eta berandu; eta kafetegietara joaten hasi zirenean, nor berera”. Aitortza egin nahi izan die Abrilek denei. Hitza eman, memoria ez galtzeko.