Iritzia: Izateko ezinak egiten gaitu

Iritzia: Izateko ezinak egiten gaitu

Olatz Azpirotz Larzabal

Azken urteotan bereziki, izena duena badela sobran ikasi eta entzun dugu. Esaera horrek bizidunei keinu egiten diola antzematea erraza da, izatearen eskumena oro har bizidunei soilik esleitzen diegulako; ordea, bizigabeei eta elementuei dagokienez, esaera horren mugak non dauden ikusteak zailtasunak ekar ditzake.

Era horretara, muga eta hitzak malguak eta aldakorrak suerta daitezke, nahiz eta terminoak etengabe zehaztu eta sustraien antzeko marrazkiak sortzen dituzten hainbat hiztegi edukik; askotan, horien egituraketan eta erabileran intentzioak eta testuinguruak garrantzi handia baitu.

Hitzek kateatzen gaituzte, eta, horrela, hitz ezberdinekin hornitutako eta markatutako iragan, orainaldi, etorkizun, zein izaera bat sortzen dugu, eta horrek, kasu gehienetan zama bihur daitekeen, baina, oro har, beharrezkoa den ardura bat dakar.

Azken egunak, udako beroa luzatzen ibili diren arren, hitzez eta epaiketaz blaitutakoak izan dira, iturria bertso bat eta idatzi bat izan direlarik. Zabaldutakoek gai eta forma ezberdinak izan dituzten arren, erreakzioek funtzionamendu eta molde bakarra eduki dutela uste dut.

Izena duena bada. Hitzekin sortzen gabiltzanok ez daukagu izenik, baina bai likatsu bihur daitekeen ardura sentsazio bat, eta ardura hori zor bihurtuz, izateko izena bilatzen dugu. Zorrak eduki ohi ditugu proiektu bat aurrera eramateko unean, eta zorrak atzerako pausoa ematerakoan; baina izenik ez, eta, hortaz, ezta izanik ere. Ordea, arduraren existentzia ongi ezagutzen dugu, gure eta ingurukoen kabuz geure buruoi, presioarekin batera, pisu hori ezarri ohi diogulako.

Ardura horrek, oinarrian, hainbat balio praktiko eta etiko dituela deritzot, baina oraindik inor ez da ardura horren muga non egon daitekeen zehaztera ausartu.

Izena duena bada, hain zuzen, eta nik, azken egunotan, izen horrek prozesuan, harreran eta erantzukizunean eragina daukala antzeman dut, zigorra ez baita inoiz berdina izango izenik ez dugunon edo dutenen artean, tamalez.

Edozeinek bere hitzekiko ardura minimo bat izan eta mantendu behar duela uste dut; ordea, askorentzat askoz erosoagoa da izena duen bati ez, baizik eta izenik ez duen bati bere ustezko ardura falta hori aurpegiratzea; izenek errespetuz, beldurrez zein lotsaz burdinurtutako egitura baitaukate. Horregatik, posizio horrek dituen ezaugarriengatik, iritzia emateko orduan, jarrera eten horrek ondorio kaltegarriak ekar ditzakeela uste dut.

Are gehiago, izena edukitzeak ardura albo batera uzteko eskumena ematen duela sinestea ekar dezakeela uste dut. Horregatik nago izenik ez dutenen alde, hain zuzen ere. Eta horregatik nago izenik ez izatea euren interesetarako aprobetxatu dutenen kontra.

Izenik ez dugunok ez daukagu zertan pauso zein estropezu bakoitzean zor eta zamarik eraman behar, ez dugulako deus zor, eta etengabe biluzten dugun gure azalean ez dugulako orbain iraunkorrik behar; izena duena bada, baina izenik ez duenik ere bada.