Bide bat egiaren eta justiziaren bila

Bide bat egiaren eta justiziaren bila

Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteak hogei urte bete ditu. 2002ko azaroan jarri zuten martxan, eta babesa eman zien aurreko hamarkadetan memoria lantzeko ahalegina egin zuten herritarrei. Liburu batean jaso dute bi hamarkadotako bidea.

Edurne Elizondo

Agurrak, besarkadak eta irribarreak. Jendetzak egin du bat Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkartearen historia jaso duen liburuaren aurkezpenean, eta agurrek, besarkadek eta elkarri eskainitako irribarreek goxatu dute giroa. Elkarteak hogei urte bete berri ditu, eta Lola Cabases Hita kazetariak paperean jaso ditu azken bi hamarkadotako bide horretako gorabeherak, 20 años de memoria digna izenburupean.

Aurea Jasok eta Paloma Aguilarrek aurkezpena hasi baino lehen egin dute bat, eta haien arteko besarkada izan da saioko luzeena; sentitua eta beroa. Andres Jasoren iloba da Aurea Jaso. Osasunako jokalaria izan zen Andres Jaso, 1930-1931ko denboraldian. 18 urte bertzerik ez zuen orduan futbolariak. Osasunatik Zaragozara (Espainia) joan zen, eta handik Valentzia (Herrialde Katalanak) eta Gijonera (Espainia). Sporting Gijon taldeko jokalaria zen 1936ko kolpe militarra gertatu zenean. Asturiasen bertan zendu omen zen, Cangas de Onis herrian, bonbardaketa baten ondorioz. Aurea Jasok osabaren arrastoen bila eman du bizitza osoa.

Paloma Aguilar ikerlaria da, eta Jasoren eta Nafarroan fusilatutako bertze anitzen senideen testigantzak jaso ditu. Zientzia Politikoetan eta Soziologian doktorea da, eta memoria historikoan aditua. Madrildarra da, baina harreman estua du Nafarroako fusilatuen senideekin, eta Cabases Hitak ondutako liburuaren hitzaurrea idatzi du. Sarrera, berriz, Roldan Jimeno Aranguren historialari nafarrarena da.

Aurreko urteetako haziak

2002ko azaroan sortu zuten Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkartea. Urte berean zendu zen Roldan Jimenoren aita Jose Maria Jimeno Jurio. 1970eko hamarkadako lehendabiziko urteetan hasi zen Jimeno Jurio frankismoaren errepresioa ikertzen, eta aukera eman zien fusilatutako senideei kolpe militarrean hildakoen arrastoak bilatzen hasteko.

Jimeno Jurioren lanak bultzada eman zien fusilatuen seme-alabek hasitako bilaketei; frankismoak ezarritako isiltasuna apurtzeko ahaleginak hazi baten modukoak izan ziren, eta lagundu zuten 2002an elkartea sortu zutenen bidea. Antsoainen, Txinparta elkartean bat egin zutenen lanak ere lagundu zuen memoria historikoari bultzada ematen. Ezkabako gotorlekuko presoen errealitatea agerian utzi dute.

Jimeno Juriok ere egin zion so Ezkabako errealitate horri. “Heriotza mehatxuak ere jaso genituen etxean aitak memoriaren esparruan egindako lanagatik. Lan horrek betirako lotu nau fusilatuen elkartera; aita pozik egonen litzateke gaur, elkarteak bere memoria liburu batean jaso duela ikusita”, nabarmendu du Jimeno Arangurenek.

Historialariak 1990eko hamarkadako nazioarteko legedia ere aipatu du, fusilatuen senideek 2002. urtean haizea alde izan zutela azaltzeko. Elkartea sortu eta handik gutxira, gainera, Nafarroako Parlamentuak 1936ko kolpe militarrari buruzko adierazpen instituzionala onartu zuen. “Giltzarri izan zen adierazpen hori; adierazpenak jaso zuen epaiketarik gabe hil zituztela altxamenduan fusilatu zituztenak, bertzeak bertze”, azaldu du Lola Cabases egileak. 2003ko martxoaren 10ekoa da Nafarroako Parlamentuaren adierazpen hori; 28 boto jaso zituen alde, eta UPNko 22 parlamentarien abstentzioa.Paloma Aguilarrek Sartagudan eraikitako Memoriaren Parkea nabarmendu du elkarteak egindako bidean. “Parekorik ez da Espainiako Estatuan; memoria biziko toki bat da”, erran du.

Josefina Lamberto, 2014ko irudi batean, fusilatuen aldeko omenaldi batean, Iruñean..

Sartagudako parkeak frankismoak fusilatutakoak omendu nahi izan ditu, 2008an inauguratu zutenetik. Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteak Iruñeko Gaztelugibela ere bilakatu du oroitzeko eta omentzeko toki. Elkarteak aukera izan duen bakoitzean egin du memoria ariketa hori, eta antolatutako saio horietan guztietan egon da, hiarte, elkarteko kide Josefina Lamberto. Ekainean zendu zen, bizitza osoa aitaren eta ahizparen memoriari eskaini eta gero. Vicente eta Maravillas Lamberto eraman eta hil egin zituzten falangistek, Larragan, 1936ko abuztuan.

Cabases Hitaren liburuak jaso du Josefina Lambertoren historia; 32 senideren testigantzak bildu ditu kazetariak denera. Atzera egin du so, baina elkarteak etorkizunarekin duen erronka ere nabarmendu nahi izan du. Egun, Nafarroako Gobernuaren ardura da fusilatutakoen arrastoak bilatzea, eta elkarteko kideek eskertu dute Nafarroako Memoriaren Institutuak azken urteotan egindako lana. Egiaren, justiziaren eta erreparazioaren bila segitzeko euren konpromisoa berretsi dute elkarteko kideek ere.