Iritzia: Itzaletik argira

Iritzia: Itzaletik argira

Lohizune Amatria

Poliziaren indarkeriaren biktimak aitortzeko legearen azken moldaketa egin zutenean elkarrizketa egin ziguten Zabalzaren senideoi, Nafarroan entzunena den irratian. Maiatzean izan zen, estatuaren biktimek jaso dezaketen indemnizazioa terrorismoaren legean jasoak diren zenbatekoekin parekatu zutenean. Milakoak gora, euroak behera; kalte ordainaren zenbatekoaz izan ziren galdera ia guztiak. Hori garrantzitsuena izanen balitz bezala. Zorionez, ez zuten hortik landu albistea.

“Arnasa egitea da, burua altxatu ahal izatea, atzera begiratzea eta damu ez izatea, askatasuna”. Aingeru Zudaire atarrabiarrak ongi laburbildu zuen, aurreko astean, orduan sortu zitzaidan sentimena: “Sinetsi ezinda nago, poz malkoak begietan, eta ez kalte ordainagatik! Diru horrek ez dit ikusmenik emanen eta ez dit kendu didatena itzularaziko. Hamar urte hauetan egindako ahalegin ikaragarriari egindako aitortzagatik baizik”. Espainiako Poliziak jaurtitako gomazko pilota baten ondorioz, ikusmena nabarmen galdu zuen Zudairek 2012. urtean, irailaren 26ko greba orokorreko manifestazioaren amaieran Sarasate pasealekuan izandako oldarraldian. Luzea eta neketsua izan da geroztik egin behar izan duena, egin ziotena partzialki behintzat onartua izan den arte. Polizia izan da haren oinazearen erantzulea. Espainiako Estatua.

Froga faltagatik, tiroa nork egin zuen identifikatu ezin izan zutelako, bide penala agortuta, Espainiako Auzitegi Nazionalera jo zuten haren abokatuek bide administratibotik, 2019an. Espainiako Poliziak jaurtikitako gomazko pilota batek zauritu zuela argitu zuen lehenengo prozedura hark; azkenak, aldiz, ebatzi du Zudaireren aurkako poliziaren jarduna ez zela “ez kongruentea, ez neurrizkoa izan”. Haren kasuan bakarrik, baina bada zerbait.

Aurreko astean, beste mezu esperantzagarri bat iritsi zitzaidan. Mikel Sotori irakurri nionez, 2002an Nafarroako Parlamentuko mahai eta eledunen batzordeak uko egin zion haren eta Ainara Gorostiagaren tortura testigantzak entzuteari. Gaur zortzi izan zen Soto parlamentuan barru barrutik hizketan, Alberto Goñi, Rosa Lluch eta Mari Carmen Hernandezekin batera. “Polita eta itxaropentsua da egindako bidea”, eskertu du sare sozialetan.

Horixe badela. Eta adibide gehiago badira, gainera. Aurreko hilabetean parlamentuko talde guztiek babestu zuten estatuaren indarkeriaren biktimek pairatzen duten tratamendu asimetrikoa gainditzeko, eta haien eskubideak bermatuak izateko Foro Sozialak egindako eskaera. Guztiek.

Beste bat: biktimen balorazio batzordea lanean ari da dagoeneko. Gehiago: Kriminologiaren Euskal Institutua 1979tik 2012. urte arteko tortura kasuak ikertzen ari da, eta sare sendoa osatu dute biktimek hori galdegin eta “inori, inoiz, berriro gerta ez dakiola” bermatzeko. Nafarroatik haragoko praktika dela erakutsiko dute, gainera, ostegunean, Medikuen Elkargoan.

Zerrendatutakoek bakarrik ez dute egindako mina erreparatuko eta aitortuko, baina urratsez urratsez egiten da bidea. Estatuaren indarkeriaren zati bat itzaletik argira ateratzen ari da gutxika.