Pantailaldia antolatu dute, euskararen erabilera sustatzeko

Pantailaldia antolatu dute, euskararen erabilera sustatzeko

Pantailak Euskaraz taldeak antolatu du, hilaren 11tik 18ra. Topaguneak herrialdeko parlamentariak deitu ditu Euskaraldiarekin bat egitera.

Edurne Elizondo

Euskararen erabilera sustatzea izanen dute helburu datozen hiru asteotan abian jarriko dituzten bi egitasmok: batetik, Euskaraldiaren hirugarren aldia eginen dute, azaroaren 18tik abenduaren 2ra; astebete lehenago, bertzetik, Pantailak Euskaraz taldeak Pantailaldia antolatu du, estreinakoz; gaurtik hilaren 18ra eginen dute. Euskaraldiaren testuinguruan antolatu dute, euskarak ikus-entzunezkoetan duen presentzia urria salatu, eta egoera horri aurre egiteko.

Izan ere, Pantailak Euskaraz taldeko kideek uste dute pantailetan euskarak duen presentzia urri horrek baduela zer ikustekoa euskararen erabilerak behera egin izanarekin. “Arnasguneetan ere behera egin du euskararen erabilerak azken bost urteotan. Euskarak galdu egin du pantailetan zuen tokia”.

Pantailak Euskaraz taldeak zenbait boluntarioren laguntza izanen du bere egitasmoa garatzeko. Nafarroan, Euskaltzaindiko komunikazio arduradun Itziar Luri izanen da. Pantailaldian, dena den, herritar guztiek parte har dezakete. Antolatzaileen asmoa da astebetez “pantailetan euskaraz bizitzeko ahalegina” egin dezatela parte hartzaileek; euskarazko edukien kontsumoa sustatu nahi dute, eta, aldi berean, dauden zailtasunak agerian utzi. Erakundeei eskatu nahi diete neurriak har ditzatela.

Pantailaldia amaitu eta gero ere euskarak pantailetan duen “toki eskasa” salatzeko bertzelako ekinaldiak antolatu dituzte. Uharten, abenduaren 12an, elkarretaratzea eginen dute, salatzeko Itaroa merkataritza guneko zinemak euskarazko edukirik ez duela zabaltzen.

Parlamentariei deia

Euskaltzaleen Topaguneko Nafarroako zuzendari Oskar Zapatak eta erakunde horretako kide Iñaki Sagardoik bilera bat egin dute Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualderekin, eta parlamentura egindako bisita aprobetxatu dute herrialdeko parlamentariak Euskaraldian parte hartzera deitzeko.