Sarea ehuntzeko garaiz

Sarea ehuntzeko garaiz

Klimaren Aldeko Nafarroako Aliantzak klima larrialdiari buruzko «biltzar alternatiboa» antolatu du Iruñean, Egipton COP27 Nazio Batuen Erakundearen biltzarra egiten ari diren bitartean. Sistema aldatzeko beharra erdigunean jarri, eta justizia eskatu du.

Edurne Elizondo

Garaiz gaude”. Mezu hori nabarmendu eta zabaldu nahi izan dute Klimaren Aldeko Nafarroako Aliantzako kideek, egungo klima larrialdiari buruz. Auzi horri heltzeko, Iruñean “biltzar alternatiboa” antolatu dute, Egipton —azaroaren 5etik 18ra— COP27 Nazio Batuen Erakundearen klima aldaketari buruzko biltzarra egiten ari diren bitartean.

Berrehun estatu baino gehiago ari dira Egiptoko biltzarrean. Nafarroako aliantzan bat egin duten elkarteek, baina, ez dute “deus” espero. “Sistema politikoak huts egin du; azken 30 urteotan, klimari buruzko hamaika biltzar egin dute, eta ez dute deus lortu: isuriek gora egiten segitzen dute; tenperaturak gora egiten segitzen du. Egoera hori desblokeatzeko ordua da”, erran du Extinction Rebellion taldeko kide Eduardo Larrañetak.

Talde hori da Klimaren Aldeko Nafarroako Aliantza sortu dutenetako bat. Bertze hamaika elkartek eta norbanakok egin dute bat; bertzeak bertze, Ekologistak Martxan-ek, Greenpeacek, Nafarroako Reasek, Nafarroako CGTk, eta Fridays for Future eta Teachers for Future taldeek.

Nafarroako aliantzako kideek garbi dute orain herritarrei dagokiela ekitea. Onartu dute erronka ez dela makala, egungo sistema edo eredu osoa baita aldatu beharrekoa. “Botere publikoek klima aldaketaren aurkako adierazpenak egiten dituzte, baina ez dute harago jotzen; ez dira ausartzen egungo sistema kapitalista aldatzen. Eta kapitalismoa da gertatzen ari denaren erantzule”, salatu du Nafarroako Reas elkarteko kide June San Millanek. Ondorioz, klima aldaketari buruzko adierazpen publiko eta politikoen atzean, ez da egoerari buelta ematen laguntzen ahal duen egiturarik. Eta hori da arazoa, Sanmillanen hitzetan: “Alternatibak behar ditugu; bertze mota bateko erakundeak eta sareak behar ditugu, gauzak bertze modu batera egiteko. Garaiz gaude”.

Herrialden eguzki parke eta parke eoliko erraldoiak egiteko dauden proiektuen aurkako protesta, Iruñean.

Subiranotasuna

Energia eta elikadura subiranotasuna jarri dituzte Nafarroako aliantzako kideek erdigunean, gauzak bertze modu batera egiteko moduak bilatzeko bide horretan. Tokikoak eta hurbilekoak duen garrantzia nabarmendu dute, gainera. Hau da, komunitatea. “Sareak ehundu behar ditugu, energia komunitateak sortu, tokikoa baliatu. Aurrera egiteko bidean hori izanen da oinarri nagusietako bat; duintasunez egin ahal izateko aurrera”, azpimarratu du San Millanek.

Azaroaren 17an eginen duten mahai ingurua nabarmendu du, sareak ehuntzeko eta komunitateak sortzeko adibideak eta alternatibak ezagutzeko aukera emanen duelako. Ekotopaketak, Sobremesa eta Sembrando Futuro eragileek parte hartuko dute.

Aliantzako kideek ulertzen dute herritar anitzen kezka eta beldurra; ulertzen dute egoerak gainezka egitea eta ez jakitea zer egin edo nora jo. Greenpeaceko Angel Lagek ere onartu du “pesimista” dela. “Pandemiak are geurekoiago bilakatu gaitu”. Elkarte bereko Fernando Royok bat egin du: “Ulertzen dut jendea bere egunerokoan murgilduta egotea”; baina gauzak alda daitezkeela uste du: “Azken udako beroaldiek eragin dute herritar anitzek erreakzionatzea”.

Nafarroan, hain zuzen, nabarmenak izan dira udako beroaldien ondorioak: ekaineko suteek 14.500 hektarea baino gehiago kiskali zituzten. Herri anitzek lur guztiak galdu zituzten.

“Suteak, uholdeak, lehortea… bai eta Alesbesen gertatutakoa ere. Klima aldaketa gisa horretan gauzatzen denean, jendea errazago jabetzen da dagoen arriskuaz”, aipatu du June San Millanek. Alesbesen, ur hornidurarekin dituzte arazoak. Moranteko putzua urik gabe gelditu zen urrian. Putzu hori Esako urarekin betetzen da, baina lehorteak gogor eragin dio urtegi horri, eta eragina izan du, bertzeak bertze, Alesbesen. Vera Cruz izeneko putzua erabiltzen hasi dira, baina herritarrak beldur dira, nitratoen kutsadura nabarmena izan baita putzu horretan azterketak egin dituzten zenbait alditan.

2009. urtean berotze globala saltzeko egindako ekinaldi bat, Iruñean.

“Ekofaxismoaren” arriskua

“Karrikara eraman behar dugu klima aldaketaren gaia; garaiz gara gauzak egiteko”, berretsi du Extinction Rebellion taldeko kide Ana Sanchezek. Gaineratu du “anitz” dagoela jokoan. Talde bereko Eduardo Larrañetaren hitzetan, hain zuzen, demokrazian sakontzeko urratsak egiten ez badira eta klima larrialdiari aurre egiteko neurriak hartzen ez badira, “ekofaxismorantz” eginen dute aurrera gizarteek.

“Dirua eta boterea dutenek lortuko dute klima aldaketaren ondorioak arintzea; herritarrek, berriz, erruz sufrituko dute”, erantsi du June San Millanek. Klima aldaketak zaurgarrienak jotzen ditu gogorren, hain zuzen. Larrañetak Pakistanen gertatu dena jarri du adibide gisa: “Uholdeen ondorioz, lurraldearen %33 gelditu zen uraren azpian. Pakistanek, baina, munduko CO2aren %1 baino gutxiago isurtzen du”. “Kapitalismoa eta kolonialismoa eskutik doaz”, erantsi du San Millanek. “Hegoalde globalak ordaintzen du garestien”.

JARDUNALDIAK

Klimaren Aldeko Nafarroako Aliantzak hamaika ekinaldi antolatu ditu, Iruñean.

Gaur, azaroak 11. Gerrarik ez lelopeko elkarretaratzea, Merindadeen plazan, 19:00etan. Geltokin, La mujer de la montaña filma, 21:30ean.

Bihar, azaroak 12. Lanaren banaketa eskatzeko elkarretaratzea, 12:00etan, Gazteluko plazan. 18:30ean, informazioa zabaltzeko saioa.

Azaroak 14. Elikadura subiranotasunari buruzko saioa, 19:00etan, Katakraken. Azaroak 15. Eguzki sukaldeen inguruko tailerra, 19:00etan, Geltokin. Ordu berea, Gracias por la lluvia filma, Golem Baionan.

Azaroak 16. Mahai ingurua: Kontsumo kritikoa eta alternatibak. 19:00etan, Geltokin. Azaroak 17. Mahai ingurua: Ekintza ekosozialerako alternatiba kritikoak. 19:00etan, Katakraken.

Azaroak 18. Mahai ingurua: Reas. 12:00etan, Geltokin. 19:00etan, Katakraken, proiektu erraldoiez ariko dira. 21:30ean, Geltokin, zinema: La paca.

Azaroak 23. Finantzaketa etikoa. 19:00etan, Geltokin. Azaroak 25. Masa kritikoa. 20:30ean, Gazteluko plazan. Azaroak 26. Manifestazioa.

 

 

Lege  baten kontraesanak

Nafarroak martxoan onartu zuen Klima Aldaketarako eta Energia Trantsiziorako Legea. Ekologistek ontzat jo dute lege bat izatea, baina salatu dute AHT edota Esaren proiektuei eustea.

E. Elizondo

Nafarroako Gobernuak iazko irailean onartu zuen Klima Aldaketarako eta Energia Trantsiziorako Lege proiektua, eta Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen kontseilari Itziar Gomezek orduan erran zuen “egungo eta etorkizuneko klimaren erronkei erantzuteko tresnarik garrantzitsuena” izanen dela herrialdean.

Nafarroako Parlamentuak joan den martxoan eman zion oniritzia legeari, eta apiriletik da indarrean. Talde ekologistek, oro har, ontzat jo dute lege bat izatea, baina agerian utzi dituzte onartutako testuaren gabeziak eta kontraesanak.

Ekainean, legearen berri zabaltzeko kanpaina bat egin zuen Nafarroako Gobernuak, eta erdigunean jarri zituen araudi berriak ukitzen dituen esparru nagusiak: energia eraginkortasuna, ekonomia zirkularra, landa eremua sustatzea, biodibertsitateari eustea eta kudeatzea, energia berriztagarriak eta mugikortasun jasangarria.

Duela 30 urteko egoera

Ekologistak Martxan taldeak puntuz puntu aztertu du Nafarroako Klima Aldaketarako Legea, eta salatu du “duela 30 urteko errealitate bati” erantzuten diola batez ere. Ekologistek nabarmendu dute egungo egoera duela 30 urte baino “are larriagoa” dela, baina legeak ez duela kontuan hartzen. “Legeak bilatzen du, batez ere, klima aldaketaren ondorioak arintzea eta egokitzea; ez, ordea, aldaketari aurre egitea”, aipatu dute Ekologistak Martxan taldeko kideek, egindako txostenean.

Txosten horrek salatu du, gainera, egun Nafarroan martxan diren zenbait proiektuk eta azpiegiturak zuzen eragiten diotela klima aldaketari, eta Nafarroako Gobernuak ez duela horien inguruan atzera egiteko asmorik.

Klimaren Aldeko Nafarroako Aliantzak eta Sustrai Erakuntza fundazioak ere erdigunean jarri dituzte administrazioaren “kontraesan” horiek, eta gogor kritikatu dituzte, bertzeak bertze, abiadura handiko trenaren proiektua, Esako urtegia handitzeko lanak eta Zangoza inguruan egin nahi duten Muga meategiaren proiektua.

Energia berriztagarriak

Energia berriztagarrien arloan ere zer aztertu badela uste dute talde ekologistek. Nafarroako Parlamentuak onartutako legeak energia berriztagarrien aldeko apustu garbia egiten du. Ekologistek ere ontzat jotzen dituzte erregai fosilak bazter uzten dituzten energia berriztagarriak, baina ez, ordea, herrialdean mahai gainean dauden zenbait proiektuk planteatzen dituzten bezala. Izan ere, eguzki parke eta parke eoliko erraldoiak egiteko hamaika proiektu daude baimenaren zain, eta horien aurka egin dute proiektu horiek ukitutako eskualdeetako herritarrek. Talde ekologistek ere babestu dituzte herriz herri sortu diren plataforma horiek.

Bertzalde, legeak Castejongo zentral termikoak aipatzen ditu, eta zentral horiek ixteko asmoa jasotzen du. Ekologistek oroitu dute “aspalditik” egon behar zutela itxita, hamaika sententziak ebatzi dutelako “legez kanpokoak” direla. Administrazioak, ordea, ez du egin sententziak betearazteko ahaleginik orain arte.