Nafarroako Toki Entitateetako Berdintasun Teknikarien Sareko kideak Nafarroako Parlamentuan izan dira, euren egoeraren berri emateko: postu gehienen egonkortasunik eza salatu dute, eta agerian utzi «diru laguntzen menpe» daudela. Legea bete dezatela galdegin diete erakundeei.
Edurne Elizondo
Ez da Martxoaren 8ari buruzko kanpaina bat egitea; ez da alkate batek diskurtso batean berdintasun hitza aipatzea; ez da udal bateko kideek adierazpen bat onartzea. Hori baino anitzez ere sakonagoa da Nafarroako toki entitateetako berdintasun teknikarien lana eta zeregina: erakunde horien politiketan eragitea dute helburu, berdintasuna oinarri hartuta; genero ikuspegia txertatzea, erakunde horiek egiten duten urrats bakoitzean eta guztietan. Egituretan aldaketak bultzatzea eta lurra ongarritzea, finean, desberdinkeria bazter uzteko asmoz.
“Legea betetzea”. Horrelaxe laburbildu dute Nafarroako Toki Entitateetako Berdintasun Teknikarien Sareko kideek euren eginbeharra. Izan ere, 2002ko legea egokitu zuen 2019ko araudia dago indarrean Nafarroan, eta lege horren agindua da berdintasunak izan behar duela politika publiko guztien ardatz nagusia.
Lege orok baliabideak behar ditu garatzeko, eta berdintasunari buruzkoa ez da salbuespena. Egoera, baina, ez da ona, berdintasun teknikariek ezagutarazi berri dutenez. Nafarroako Parlamentuan izan dira, eta agerian utzi dituzte “aurrekontu urriek” eta “diru laguntzen menpeko politikek” eragindako zailtasunak. Ez hori bakarrik: egonkortasunik eza salatu dute.
Baliabideak, eskasak, eta eskasa, halaber, jasotzen duten aitortza. “Anitzetan, bakardade erabatekoa sentitzen dugu. Gure lana egin ahal izateko ere borrokatu behar dugu gure toki entitateetan, bertan gertatzen baitira erresistentzia nagusiak”. Horixe erran dute berdintasun teknikariek Nafarroako Parlamentuaren egoitzan.
1990eko hamarkadatik
Parlamentura joateko urratsa egitea erabaki dute berdintasun teknikari anitzen “ezinegona politizatu” nahi izan dutelako. “Galdetegi bat banatu genuen sareko kideen artean, eta ohartu ginen zenbait lankide gaizki zirela, euren lana egin ahal izateko jartzen zizkieten traben ondorioz”, azaldu du Iruñeko berdintasun teknikari eta sareko kide Vanesa Egiluzek.
1990eko hamarkadan hasi ziren berdintasun teknikariak lanean herrialdean. Iruñeko, Burlatako, Altsasuko eta Lizarrako udalak izan ziren lehendabizikoak urrats hori egiten. Haiek hasitako bidea segitu dute bertze zenbait toki entitatek gero, eta gaur egun, denera, 26 berdintasun teknikari ari dira Nafarroan lanean.
2008an hasi ziren teknikariok elkarlanean, formakuntzaren arloan. 2018tik, berriz, ofiziala da Nafarroako Toki Entitateetako Berdintasun Teknikarien Sarea. “Hilabetean behin egiten ditugu bilerak. Inportantea da gure arteko sare hori, elkarri laguntzeko eta babesteko”, erran du Pilar Mayok.
Iruñeko Udaleko berdintasun teknikaria da Mayo; bakarrik hasi zuen bidea, duela 25 urte, baina hiru dira orain lantaldean. Mende laurdeneko ibilbide horrek emandako irakaspenak eta esperientziak nabarmendu ditu Mayok, baina ohartarazi du benetakoa dela “atzera egiteko arriskua”.
Horregatik agertu nahi izan dute parlamentuan, jendaurrean. Garbi errateko, gainera, toki entitateak direla, anitzetan, euren lana garatu ahal izateko ingururik arrotzenak. “Udaletako gainerako teknikarien eta politikarien artean aurkitu dugu erresistentziarik handiena”, kontatu du Eider Perezek, parlamentarien aurrean.
“Funtsezkoa da udal bateko sail guztiek ulertzea nork bere ardura duela berdintasuna oinarri izanen duen gizarte bat lortzeko bidean. Sail guztietan egin behar da lan, udal politika guztiek izan behar dutelako berdintasuna helburu”, erantsi dute Egiluzek eta Mayok. Hori lortzea, baina, ez da beti erraza. Ongi dakite teknikariek, egunerokoan egin behar baitute lan ingurukoen erresistentzia horiek gainditzeko.
Finantzaketarekin kezka
Politika publikoek eragin zuzena dute herritarren egunerokoan, eta, berdintasuna helburu hartzen ez badute, nekez eraginen dituzte berdintasun teknikariek xede hartutako aldaketak gizartean. Finantzaketa diru laguntzen menpe egoteak eta berdintasun teknikarien postuetan “behin-behinekotasuna handia” izateak ez du laguntzen. Sareko kide Ariane Etxeberriak egoera horren berri eman du Nafarroako Parlamentuan, eta “kezka” sortzen diela aitortu du. “Ez dakigu gure postuetan eta berdintasun sailekin zer gertatuko den kasu anitzetan”.
Egiluzek datu bat jarri du erdigunean: Nafarroako berdintasun teknikari “gehienek” 50.000 euro baino gutxiagoko aurrekontuak dituztela urtean, euren lana garatu ahal izateko. “Aurrekontu horiek, gainera, diru laguntzen menpekoak dira”, berretsi du Egiluzek.
Diru laguntzen auzia erdigunean jarri nahi izan du, berdintasun teknikarien lana ordaintzeko modu horrek “erabat” baldintzatzen duelako teknikarion jarduna. “Kasu anitzetan, proiektu jakin bati buruzko diru laguntzak dira; sail hori banatzeko eta proiektua garatzeko epeek, baina, ez dute beti bat egiten, eta, ondorioz, lana kolokan gelditzen da. Egonkortasunik eza ikaragarria da”.
Finantzaketari buruzkoa da, hain zuzen ere, berdintasun teknikarien aldarrikapen nagusietako bat. Oroitu dute Nafarroako Gobernuaren lana dela toki entitateak laguntzea berdintasun teknikarien lana susta dezaten. “Berdintasunak aurrekontu egonkorrak behar ditu, eta Nafarroako Gobernuaren ardura da udalen esku jartzea legea betetzeko behar dituzten baliabideak ordaintzeko funtsak”, gogoratu dute teknikariek.
Nafarroako Berdintasunaren Institutuak laguntzen du diruz berdintasun teknikarien jarduna. Espainiako Gobernutik ere jasotzen dute diru sail bat toki entitateek. Berdintasun teknikaririk ez duten udalek ere hartzen dute. Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak, gainera, hitzarmen bat du Nafarroako Berdintasun Institutuarekin, eta, akordio horren bidez, berdintasun teknikaririk ez duten udalek aholkularitza jaso dezakete, doan.
“Hasieran, hitzarmen horrek zentzua zuen, berdintasun teknikarien lana sustatzea zuelako helburu; orain, baina, nahi duenaren kontrakoa lortzen du: teknikarion lana gutxiestea”, nabarmendu du Vanesa Egiluzek.
Doako aholkularitza horrek balio izaten du, adibidez, kanpaina zehatzak diseinatzeko. Jarduera horrek, baina, ez du lortzen politika publikoetan eragitea, berdintasun teknikarien sareko kideek agerian utzi dutenez. Zerbitzu hori baliatzen duten udalek harago jo nahi ez badute, beraz, berdintasuna helburu duten politiketan eragiteko xedea “hankamotz” gelditzen da. Sareko kideek gaineratu dute oraindik ere “gutxi” direla herrialdean. Iruñeko Udalean hiru teknikari daude, eta gainerako 23ak dira herrialde osoan ari direnak. “Batek 28 udaletan egiten du lan”, aipatu du Egiluzek. “Udal txikiak dira, baina denetan egon behar du, guztietako alkateekin eta zinegotziekin egon behar du, eta ez da batere erraza. Herri batzuen eta bertzeen egoera eta errealitatea, gainera, ezberdina da, eta batean balio duenak agian bertzean ez du funtzionatzen”.
Politikak aztertu
Zerk funtzionatzen duen eta zerk ez; hori da berdintasunaren auzian bertze gako nagusietako bat, Nafarroako Toki Entitateetako Berdintasun Teknikarien Sareko kideek nabarmendu dutenez. Arazoa da Nafarroako Gobernua ez dela neurriak hartzen ari toki entitateek egindako lanak bilatzen duen helburua betetzen ari ote den jakiteko. “Inor ez da fiskalizatzen ari berdintasunaren esparruko udal politikak eraginkorrak izaten ari ote diren”, salatu du Pilar Mayok. “Jakin behar dugu diruz laguntzen ari garen politika horiek zer eragin duten. 2019ko Berdintasun Legearen agindu bat da hori, eta ez dira betetzen ari”, erantsi du.
Nafarroako Gobernuak informazioa jaso, aztertu eta zabaldu beharko lukeela uste dute berdintasun teknikariek, eta helburu hartu behar dutela gizartean berdintasunaren aldeko urratsak ekarriko dituzten politika publikoak bultzatzea.
Euren lanarekin duten konpromisoa berretsi dute sareko kideek, nahiz eta anitzetan “bakarrik” sentitu. “Gure lanak balio duela erakusteko, anitz eskatzen diogu teknikariok geure buruari, eta horrek ere zailtzen du gure lana”, azaldu du sareko kide Ariane Etxeberriak.
Zailtasunen gainetik, bidea egiten segitu nahi dute berdintasun teknikariek; toki entitateetako kide guztiak deitu dituzte bide hori egitera, gizartea eraldatzeko lana denena dela ulertzera. Bidean jarraitu nahi dute.
Datuak
26
ZENBAT BERDINTASUN TEKNIKARI DAUDEN. Nafarroa osoan 26 berdintasun teknikari ari dira lanean. Hemezortzi udalerrik, bost mankomunitatek eta partzuergo batek dute berdintasun teknikaria herrialdean.
%70
ZENBAT HERRITARREK DUTEN TEKNIKARIA. Herrialdean, denera, 465.000 biztanlek baino gehiagok dute berdintasun teknikaria; hau da, herritarren %70ek. Teknikari batzuek udal bakar batean egiten dute lan; bertze batzuek, berriz, zenbaitetan.
%44
ZENBAT TEKNIKARI ARI DIREN ZENBAIT HERRITAN Anitz dira udal bakar baten ardura ez duten berdintasun teknikariak: %44, hain zuzen, udal batean baino gehiagotan ari dira. Teknikari batek, gainera, 28 udaletan egiten du lan.
%16
ZENBAT TEKNIKARI DIREN FUNTZIONARIO. Lan edo administrazio kontratua dute berdintasun teknikari gehienek: %80k, hain zuzen. Funtzionarioak, berriz, %16 bertzerik ez dira teknikarien artean.
%36
ZENBATEK DARAMATEN 2-5 URTE LANEAN. Berdintasun teknikarien %36k bi eta bost urte bitarteko tar- tea daramate lan horretan; %32 dira hamar urtetik gora daramatenak; %16k urte bat baino gutxiago daramate.