“Bidean gauza asko gelditu dira, baina pozik nago”

“Bidean gauza asko gelditu dira, baina pozik nago”

Edurne Elizondo

Greba eguna zen 2012ko irailaren 26koa. Sarasate pasealekuan gertatutako oldarraldian Espainiako Poliziaren pilotakada jaso zuen Aingeru Zudairek. (Atarrabia, 1983). Eskuineko begiko ikusmena galdu zuen, kolpearen ondorioz; bizitza berri batera egokitu behar izan du hamar urteotan: pailazo lana utzi, eta lantegi batean hasi, adibidez. Orain, Espainiako Auzitegi Nazionalaren sententzia batek onartu du Zudaireri egindako mina, eta 100.000 euroren kalte ordaina onartu dio.

Behar zenuen ebazpena da?

Oso sententzia ona da. Bide honetan urratsak egiten hasi ginenean, gure helburua zen egindako mina onartzea, eta hori lortu dugu. Garaipen txiki bat da. Bidean gelditu dira gauza asko, baina pozik egoteko moduko sententzia bat da.

Aitortza hori ez zenuela jasoko uste zenuen?

Bai, eta hasiak ginen pentsatzen zer-nolako erantzuna eman kontrako sententzia bati. Ziur nintzen epaileek ez zutela gure alde eginen, oraingoan ere, eta berehala erantzuteko modua prestatzen hasia nintzen. Harritu nau gure alde egin izanak.

Bidegabekeria bat sufritu duzula onartu du Espainiako Auzitegi Nazionalak, pilotakada jaso eta hamar urtera. Bazen garaia?

Orain arteko sententziek zioten Espainiako Polizia neurriz aritu zela. Oraingo honek, baina, onartzen du, azkenean, ez zela pilotakadak jaurtitzeko unea, ez zela horrelako armak erabiltzeko momentua. Horrek diruak baino poz handiagoa ematen dit, diruak ez baitit ikusmena itzuliko, ez dizkit itzuliko lorik egin gabe eman ditudan gau guztiak.

Anitz izan dira borrokan eman dituzun hamar urteotan?

Bai. Urte gogorrak izan dira. Eta aurrera egin dut jende askoren babesa izan dudalako. Oso garrantzitsua izan da LAB sindikatuak hasieratik eman didan babesa ere. Auzitara jotzeko, sindikatuaren babes ekonomikoa oso inportantea izan da.

Zu zeu aritu zara auzia erdigunean jartzeko ekinaldietan parte hartzen. Lagundu dizu horrek?

Aurrera egiten lagundu dit. Ez naiz bakarrik egon. Kataluniako jendearekin harreman estua izan dut, adibidez; ezagutu ditut begia galdu duten hango zenbait pertsona, eta haien esperientziak ezagutzeak ere lagundu dit aurrera egiten. Pilotakadaren ondoko bizitza bat badela ikasi dut.

Hasieran zaila izan zen?

Bai. Gorrotoa sentitzen nuen. Etxekoek lagundu zidaten gorroto hori kudeatzen eta bazter uzten, bizitza berrira egokitzen.

Aldaketa handia izan da?

Erabatekoa. Ni artista nintzen pilotakada jaso aurretik; pailazo eta malabarista gisa egiten nuen lan. Baina ja ezin dut. Pailazoentzat begirada da lan tresna nagusietako bat, eta nik ezin nuen erabili; ezin nuen behar nuen guztia adierazi begiradaren bidez. Saiatu nintzen, aritu nintzen denbora batez, baina utzi behar izan nuen. Garai hartan, kamioiak gidatzeko baimena ere ateratzen ari nintzen, eta hori ere utzi behar izan nuen. Orain lantegi batean ari naiz.

Hamar urte iraun du auziak; lotu zaitu egoera horrek?

Luzea izan da. Zigor bidean saiatu ginen, lehendabizi, gehiago sakontzeko aukera ematen duelako. Zigor arlo horretan ere uste genuena baino gehiago lortu dugu, arazoak arazo. Izan ere, zailtasun ugari izan genituen; kamerak falta zirela, Poliziak ez zigula bidaltzen parte hartu zuten agenteen zerrenda, eta abar. Zerrenda hori hiru aldiz eskatu behar izan genuen. Epailea, gainera, oso zorrotza zen, eta sumatzen zen auzia itxi besterik ez zuela nahi. Baina lortu genuen epaiketa egitea.

Ustez tiro egin zuen polizia epaitu, baina errugabetzat jo zuten.

Agenteak bere burua identifikatu zuen irudietan. Onartu zuen tiro egin zuela manifestari batzuen atzean zegoen jendearen kontra, ezin izan zuela lurrera tiro egin, eta zuzenean egin zuela tiro jendearen gainetik. Hori onartu izanak eraman zuen epaiketara, baina ez zen frogatutzat jo ni zauritu ninduen pilota hark jaurti izana.

Polizia errugabetu zuen sententziak onartu zuen, halere, pilota batek jo zintuela.

Egun hartaz gogoan dut nire aurrean zegoen jendearen buru gainetik egiten zutela hegan pilotek. Horrek beldurtu ninduen, eta korrika egiten hasi nintzenean harrapatu ninduen pilotak. Mugitu izan ez banintz… auskalo! Nik pilotakada jaso nuen urte berean hil zuten Iñigo Cabacas [Bilbon].

Harremana izan duzu haren familiarekin?

Bai. Cabacasentzat justizia eskatu duen mugimenduarekin harreman handia izan dut. Gurasoekin egon naiz askotan. Oso gogorra izan zen niretzat, Iñigoren [Cabacas] gurasoen aurpegietan nire gurasoenak ikusten nituelako. Oso gogorra izan zen.

Pilotakada jaso zenuenean, azkena izan nahi zenuela erran zenuen, behin baino gehiagotan. Ez zara izan. Horrek beldurtzen zaitu?

Kontua da protokolo zehatzik ere ez dagoela gomazko piloten erabilerari buruz. Auziaren bidez, horretan sakondu nahi genuen, baina hori ez dugu lortu. Halere, uste dut momentu onean etorri dela oraingo sententzia, Madrilen Mozal legeari buruz hitz egin behar baitute, besteak beste, piloten erabileraz. Iridiak eta Novact elkarteek Stopbalasdegoma.wordpress.com txostena egin dute. Nafarroako Parlamentuan aurkeztu genuen, iaz. Politikarien esku dago gomazko pilotak edo foam jaurtigaien erabilera bazter uztea. Eztabaida hori sustatu behar dugu.

Zuretzat etapa bat amaitu da orain, sententzia honi esker?

Hala izatea espero dut. Hilabete inguruko tartea dago, oraindik, helegitea jartzeko. Baina espero dut etapa hau ixtea, behingoz. Urteotan, azkenean, lortu dut egoera berrira egokitzea. Bidea ez da erraza izan, eta hasieran etxetik ateratzea ere kostatu egiten zitzaidan. Baloien beldur nintzen; petardoei beldur ikaragarria nien; sirena hotsei ere bai. Behin, manifestazio batean, pilotakaden hotsa entzun nuen, eta izu-ikara sentitu nuen. Korrika alde egin behar izan nuen. Etapa bat amaitu da, baina nik segituko dut lanean, niri gertatutakoa beste inori ez gertatzeko.

Zure sententzia pilotakada jaso duten bertze batzuentzat ere helduleku bat izan daitekeela uste duzu?

Hamar urteotako bidea gogorra izan da, baina lagundu dit asko aurrera egiten. Eta lortu dugunak merezi izan du. Ez nuke nahi beste inor egotea nire egoera berean, baina gertatzen bada, nire aholkua da kalera ateratzea, salatzea. Sententziak balio badezake eztabaida erdigunean jartzeko, poztuko nintzateke.