Feminitatea esploratzeko

Feminitatea esploratzeko

Amaya Sanz Montesek feminizazioak egiten ditu Iruñeko Harrotu LGTBI udal zerbitzuan, ‘Harrotuko Armairua’ deitu duten ekinaldiaren bidez. Xedea da tresna bat ematea erabiltzaileei esploratzeko.

Olaia L. Garaialde

Libre, hegan, haizearekin dantzan/ irri amaigabea, berriz duzu bihotza/ isolaturik bizitzan argia/ egunsentiak biluzten bueltan zara, hemen zara, zu zara”. Hesian musika taldearen Zu zara, Gu gara kanta entzuten da Harrotun, Iruñeko LGTBI udal zerbitzuaren egoitzan. Esekigailuak eta apalak arropaz, zapataz eta osagarriz josita daude, eta Harrotuko Armairua izeneko ekinaldia hastear da. Amaya Sanz Montes makillatzailea dena prestatzen ari da: Luna Femme proiektuaren bidez, feminizazioak egiten ditu.

Harrotuko Armairua programaren asmoa da herritarrei “esploratzeko” tresna bat ematea. Hori da Sanz Montesen zeregina. Joaten diren askok gatazka bat dute euren nortasuna adierazteko moduarekin; beste askok, berriz, ez. Kasu guztietan, Harrotuko armairuan feminitateaz duten irudiaren arabera makillatzen eta janzten dituzte erabiltzaileak. Harrotuk hilabetean behin irekitzen du bere armairua; bihar zabalduko du, bai eta abenduaren 17an ere, 11:30etik 13:30era.

“Kaixo! Zer ideiarekin etorri zara?”, galdetu dio Sanzek sartu berri den 60 urte inguruko pertsona bati. Agurtu, eta arropa begiratzen hasi dira. “Denetarik daukagu, soinekoak, atorrak, takoidun zapatak…”, azaldu dio. “Zer gomendatzen didazu?”, galdetu dio. “Zer nahiago duzu, zerbait klasikoa edo modernoagoa?”. Zenbait soineko eta alkandora erakutsi dizkio, eta soinekoetako bat bereziki gustatu zaio.

Soineko luze eta argitsu bat hartu, eta komunera sartu da janzteko. Hitz egiten hasi dira. “Nola nahi duzu zuri mintzatzea? Femeninoan, maskulinoan, neutroan…?”, galdetu dio, tonu goxoz. “Femeninoan”.

Celeste edo Lucia

Takoi finak jantzita ttipi-ttapa komunetik atera, eta aulki batean eseri da makillatzeko. “Noizbait izenen batekin amestu duzu?”, galdetu dio Sanzek. “Celeste eta Lucia gustuko ditut”, erantzun dio. Begiak itxi, eta itzal berdeak jarri dizkio betazaletan. “Ezpainak margotu nahi dituzu?”, galdetu dio. “Bai”. “Gorria ala arrosa, zein nahiago duzu?”. Ilusioz erantzun du: “Gorria”. Ispiluaren aurrean ikusteko “irrikaz” dagoela azpimarratu du. Bi ileorde ditu aukeran; ilehoria aukeratu, jantzi, eta ispilurantz joan da. “Txundituta geldituko zara, aldaketa ikaragarria da”.

Irribarretsu eta urduri dago ispiluari begira; hunkituta: “Amatxo, maitea, nire bihotza, artista bat zara”. Izenaz mintzatu dira berriz. “Zer iruditzen zaizkizu Celeste eta Claudia? Celeste agian dotoreagoa da, eta Claudia, ahaldundu den emakume baten izena”. Celeste deitzea nahi duela erantzun du. Ez du abizenik eman, anonimotasunari eutsi nahi diolako. Sanzek azpimarratu du Harrotuko Armairuan gertatzen dena Harrotuko Armairuan geratzen dela: “Oraindik estigma handia dago”.

Sanzek argazkiak egiteko aukera eskaini dio, eta zenbait keinu probatzen hasi dira. “Tolestu belauna, bularra atera, begirada zuzen…”, eta argazkia atera du. Celestek gutxitan jantzi dituenez takoiak, hartu dituenak aldatu, eta egonkorragoak diren beste batzuen bila hasi da. Takoien inguruan hitz egiten hasi dira denak. “Oso zaila da, nik amari lapurtzen nizkion, eta maldan behera ibiltzen nintzen, baina ez dakit erabiltzen”, kontatu du batek. “Nik argazkirako jarri, eta gero kentzen ditut”, esan du beste batek.

Arropa gehiago bilatzen hasi da jaka bat nahi duelako, baina ez du gustukorik topatu. Harrotuko Armairura joan diren gazteetako batek bere jaka beltza eskaini dio: “Nik batzuetan halako soinekoekin jaka beltz bat erabiltzen dut itxura makarragoa lortzeko. Celeste, nirea nahi duzu?”. Poz-pozik jantzi du, eta aurpegia alaitu zaio. Argazki gehiago egin ditu.

Telegram talde bat

Feminizazioak egin nahi dituztenen Telegram talde bat dagoela azaldu dio Sanzek Celesteri, eta, nahi izanez gero, taldean sartzeko aukera eskaini dio: “Talde hori zalantzak komentatzeko eta sarea sortzeko da”. Zenbakia eman, eta taldean sartzeko eskatu dio.

Harrotuko Armairura joan diren beste pertsonak arropa begiratzen aritu dira. “Oso politak dira ikastaro hauek; duela urte batzuk nituen kezkak eta zalantzak etortzen zaizkit gogora”, esan du batek. “Asko gozatu” duela esan du beste batek. Bitartean, Celeste komunera joan da aldatzera. Soinekoa eta makillajea kendu, atorra eta prakak jantzi, eta Harroturen egoitzatik atera da: “Adio, hurrengora arte”.