Iritzia: Mezu bat Habanatik

Iritzia: Mezu bat Habanatik

Amets Aranguren Arrieta

Lagunok. Konta ezin diezazuekedan gauza hipermegainportante baten berri emanen dute astelehenean Iruñean. Hipermega. Ezin dut ezer erran. Adi egon. La Habanako hotelean nengoen, ohean etzanda, eta telefonoz deitu didate. Negarrez hasi naiz. Dei nazazue ‘biguntxo'”. Emozio zoriontsuz negarrez.

Azaroak 10 ditu, eta egun batzuk daramatza aitak Habanan. Galdetu digu zer nahiko genukeen bueltan ekartzea, ikusi du Silvia Perez Cruz kontzertuan 1,40 euroren truke, harremanetan jarri da han dugun familiarekin (aitatxiren aitaren osaba baten biloben… ez dakit oso ongi, baina Iraizotz batzuk). Eta ari da egiten egin beharreko beste guztiak, noski. Kontatzen ari zitzaizkigunen artean, bat-batean hasierako lerroetan idatzi dudan mezu hau.

Familiaren intimitatean utzi eta omitituko ditudan bestelako harridura eta intriga espresio, hitz, galdera eta komentarioen artean hasi gara hariari tiratzen saiatzen. “Da Euskal Herriaren independentziarako zerbait”, bota du anaiak. “Niri Enekito Aritzaren burezurrak dizerdit”, idatzi dit txat pribatutik ahizpak (ez, ez du dizerdit esan, nik itzuli dut). Haur bati ezin zaio goxokia erakutsi eta gero gorde; beraz, saiatu gara zerbait ateratzen. “Ez dizuet esanen, ezta pentsatu ere. Top secret” izan da erantzuna. Eta jarraian, “Amets, nahi dudan gauza bakarra da zuen bizitzan tokatu zaizkizuen une esanguratsuenak, ahal izanez gero, bizi ditzazuela”. Azken honek pixka bat deskolokatu banau ere, anai-arreben komentarioetatik hurbil izan ditut ideiak: izanen dira ez dakit zein batailatan hildakoen hezurrak, Nafarroako ez dakit zein erreginaren objekturen bat, garaian gaztelu izandako baten arrastoak…

Aitarena eta gure belaunaldia bereizten dituen zirrikitu zabal horretan zuzenean sartu eta bila ibili naiz azken egunotan. Ziur nengoen ez zela hainbesterako izanen, aitarendako hain inportantea den horrek askotan ez baitu bat egiten nire zerrendako gauza inportanteenekin. Baina mezuek bazuten karga gehiegi, intentsoegiak ziren.

“Bihar, 10:30ean, Txibite lehendakaria entzun”, aitaren bart gaueko mezua.

Eta hortxe ibili gara gaur. Mila orrialde irekita, ea zein komunikabidek eginen zuen jarraipena berez Interneterako konexio kaxkarra duen etxe batetik aurkikuntza historikoarena ez galtzeko. Hitz eginen zutenen mikrofonoen atzeko panelean esku bat. Irulegiko eskua, aipatu dute segituan. Eskua izateak egin dit atximur bihotzean. Eta hemendik aurrerakoa badakizue, entzunegia izanen duzue artikulu hau argitaratzen denerako. Kostatzen zait imajinatzea, baina ez dakit kontziente garen honek zenbateraino birbideratuaraziko dituen gure historiaren inguruko egungo ideia, kontakizun eta diskurtso batzuk.

Bukatzeko hiru apunte:

1. Aitak Habanatik idatzi izanak ez du deus aportatzen, baina ematen dio puntu guapo bat, e?

2. Guraso izanen diren ultramodernoei mezua: ez, Sorioneku jartzea ez da ideia ona.

3. Iruñekoak izaten jarraitzen dugu, baina familian jakin nahiko genuke zenbat puxtarri lortu ditugun euskalduntasunaren ranking-erako Aranguren abizendunok.

Argazkia: Iñigo Uriz / Foku