Erregistro bakarra sortu dute desgaituen aparkatzeko baimenentzat

Erregistro bakarra sortu dute desgaituen aparkatzeko baimenentzat

Orain arte, udal bakoitzak bere txartela eta bere araudia zituen. Baimenak oker erabiltzea erraztu du egoera horrek. Txartela berritu behar dute orain erabiltzaile guztiek.

Olaia L. Garaialde

Juan Larretak hiru urte daramatza sare sozialen bidez desgaitasunen bat dutenentzako lekuetan aparkatzen duten gidariak salatzen, eta toki horietan aparkatzeko txartelen erregistro bakar baten alde borrokatzen. Esklerosi anizkoitza du, eta, ondorioz, desgaitasunen bat dutenentzako txartel baten jabe da. Kontent da Nafarroako Gobernuak, azkenean, txartel guztiak baimentzeko erregistro bakarra sortu duelako.

Orain arte, udalek kudeatzen zituzten txartelak, eta herrialdeko 272 herrietan banatzen zituzten; toki bakoitzean neurri propioak zituzten, eta, ondorioz, araudi eta txartel ezberdinak. “Erregistroari esker jakinen dugu zenbat txartel dauden, eta, dudarik gabe, txartela egoki erabiltzen dugunon onerako izanen dira neurriak”, esan du Larretak.

Erregistro bakarra sortzeko, txartel horien jabeek txartela berritu beharko dute online, edo erroldatuta dauden herrian. Berritzeko epea datorren martxoaren 24ra arte dago zabalik. Txartelak bakarrak eta pertsonalak dira: hau da, inork ezin du erabili beste norbaiten izenean dagoen txartel bat. “Lotsa handia eragiten digu jendeak txartela gaizki erabiltzeak; adibidez, jabea ez dagoenean erabiltzen du beste batek, edo, txartelaren jabea hiltzen denean, senideek erabiltzen jarraitzen dute”, kontatu du Larretak. Neurri berriei esker, txartela behar zuen pertsona hiltzen denean, automatikoki desaktibatu eginen da.

Erregistro bakarrari esker, gainera, txartel guztientzako neurri igualak egonen dira, eta etiketa bat izanen dute faltsifikazioak eragozteko. Larretaren ustez, “errazagoa” izanen da txartela gaizki erabiltzen dutenen kontrako neurriak hartzea.

Txartel gutxiago egonen dira erabilgarri, eta aparkaleku horiek behar dituztenentzat “errazagoa” izanen da tokia aurkitzea, ondorioz: “Desgaitasunen bat daukagunon eskubide bat da txartela. Ez da pribilegio bat: bizitza errazten digu”. Larretak gaineratu du erabilera desegokiek kalte egiten diotela txartela behar dutenen egunerokotasunari.

Desgaitasunen bat dutenentzaki gordetako toki batean baimenik gabe aparkatutako kamioi bat.

Baimenik gabe

Txartelen erabilera txarraz gain, beste afera bat azpimarratu nahi izan du Larretak. Desgaitasunen bat duenarentzako tokietan ezin da ez gelditu eta ez aparkatu baimenik gabe, baina jendeak baimenik gabe erabiltzen ditu. “Behar ez dituztenentzat ikusezinak izan beharko lukete leku horiek”. Hala ere, salatu du aitzakia “betikoa” dela: “Minutu bateko kontua dela; haurrak utzi eta badoazela esaten dute; ez dira jabetzen guri egiten diguten kalteaz”.

Egoera horiek guztiak sare sozialen bidez (@Okupasmotoriza2 da Twitterren) salatzen ditu Larretak. Bostehun pertsonaz osatutako sare bat dauka baimenik gabe tokia erabiltzen duten gidarien autoen argazkiak atera eta Internetera igotzeko: “Pertsona horiei esker, arazo hau erdigunean jarri dugu”. 2019ko urtarriletik 9.300 argazki baino gehiago jaso ditu; denak Nafarroan eginak. Hala ere, “lagin txiki bat” besterik ez dela dio. “Ez dakigu zenbat bider egin behar dugun jakiteko benetan zenbat diren”.

Neurri berriak sare sozialetan eta Nafarroako Gobernuarekin egindako lanaren fruitua direla uste du: “Zirriborro bat egin genuen, eta gaur egungo neurriak zirriborro horietan oinarrituta daude”. Horrez gain, kontzientziazioan eragiten duela uste du. “Sentsibilizazioa piztu dugu; eta batzuek jarrerak aldatu dituzte; gainera, jendeak orain gehiago erreparatzen die autoei”, kontatu du.

Argazkiak: Nafarroako Gobernua-‘Okupas Motorizados’