Bidatz Villanueva Etxague
Immigrazioa izan genuen duela egun batzuk eztabaidagai ikastalde batean, hiri berean jaiotako gizon zuri eta beltz batek abestutako kantu bat oinarri hartuta: Chez nous (Gure etxea), alegia. Txikitako garaia oroitarazten dute, askatasuna, elkartasuna eta zoriontasuna sentitzen zutenekoa. Batzuk besteekin nahasten ziren, eta “mundu osoa zeharkatu” ahal zuten bizi ziren tokian bertan, jatorri anitzetako familiak baitzeuden. Egungo egoerarekin konparazioa egiten dute, iruditzen baitzaie guztiz bestelakoa dela, “mesfidantza” eta “konfrontazioa” direla nagusi.
Non nire sorpresa, kantuak agerian uzten duen arrazismoa Euskal Herriko eta Herrialde Katalanetako independentismoarekin parekatzen dituenean kide batek. Azalpen gehiagorik gabe, jakintzat emanez nazio bat aldarrikatzeak bazterkeria sustatzen duela. Justuki haiengandik jasan behar ditugu “barkatu, zuen izenak ahoskatzea zaila egiten zait” bezalako iruzkinak, argi utziz badela “gu” eta “zuek” bat.
Irakurketa politiko guztiz sinplista da, “munduko herritar” kontzeptu erlatibista eta epelaren aldarrikapena egiten duenarena, tolerantziaren eta elkartasunaren balioen jabe izanen balira bezala. Ideia horiek benetan praktikan jartzeko deseraikitze lana ere egin behar da. Guztiok nahi dugu besteekiko abegikorrak izan, gainerako kulturak eta jatorriak errespetatu, baina horiekin topo egiten dugunean, eta ez baldin baditu gure ohitura edo pentsaera berberak, arbuioa eragiten digute.
Ez nuke erranen abertzaletasunaren barruan arrazismorik ez dagoenik, inondik inora. Nik neuk ere egin behar izan dut autoezagutza eta inklusiorako ariketa handia, nire aurreiritzi eta epaiak nire ideiak zirela uste nuenekin kontraesankorrak zirenean. Balutxistaneko lagunaren ikusmoldeekin bat ez nentorrenean, edo Indiatik etorritakoaren ohiturak arraroak egiten zitzaizkidanean, elkar ezagutu eta gure artean ulertzen saiatzeak muga kultural anitz eraitsi zizkidan.
Orokortasunak behar ditugu mundua ulertzeko, iruditegi bat sortzeko buruan, eta norbera gizarteratzeko. Horietatik sortzen ditugu estereotipoak, onak edo txarrak izan daitezkeenak, baita oso arriskutsuak ere. Horietan gelditzeak etsaitasunak sor ditzake, gizarteko hainbat komunitate zokoratzea eta esklusiora behartzea. “Horiek ghettoetan bizi dira” askotan entzun daitekeen ideia da, errua besteena balitz bezala, kontuan izan gabe egoera sozioekonomikoak.
Ez dira iritzi inozoak edo inuzenteak. Ikusi dugu Melillako hesian izandako sarraski itzela, Munduko Koparako eraikuntza lanetan hildakoak eta Mantxako kanalean itotzen utzi zituzten pertsonak. Laguntza eskean deitu zuten, eta larrialdi zerbitzuetako telefonoaren bestaldean zegoenak ohartarazi zituen ez zituztela salbatuko, inork ez ziela eskatu euren herrialdea uzteko.
Muturreko jarrera horiek geldiarazi behar dira, gorrotoan eta etsaitasunean baino gehiago, elkar ulertzen saiatzen hezi. Hasieran aipatu bezalako baieztapenek ezezagutza eta irakurketa sakonik eza islatzen dute. Sinetsi nahi dudalako eraiki asmo dugun gizarte hori zapalkuntza guztiei aurre eginen dien jendarteaz osatuko dela, harreratsua eta sorioneku-a izanen dela, euskaldunok hala izaten saiatu baikara beti.