Leitzako, Aranoko, Aresoko eta Goizuetako udalek, zenbait eragilek, eta herritarrek elkarretaratzea egin dute, Ingurumen Departamentuak basozainen bulegoa itxi nahi duelako.
Edurne Elizondo
Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak itxi egin nahi du Leitzan duen basozainen bulegoa. Erabaki horren kontra agertu dira Leitzako, Aranoko, Aresoko eta Goizuetako udalak. Lau herri horietako biztanleei eskaintzen die zerbitzua bulego horrek, hain zuzen. Udalak ez daude bakarrik: Nafarroako Gobernuaren erabakiaren kontra egin dute herritar anitzek, Leitzako eta Goizuetako suhiltzaile boluntarioek, eta lau herrietako bertze zenbait eragilek ere. Bulegoa ez ixteko eta zerbitzua indartzeko eskatu diote. Elkarretaratze bat egin zuten orain dela bi aste, Leitzan.
Nafarroako Gobernuko bi basozain ari dira lanean Leitzako bulegoan, eskualde osorako. Gobernua 2019an hasi zen bulego hori ixteko asmoa aztertzen. Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuaren asmoa da Irurtzungo bulegoari eustea, eta han zentralizatzea Sakana eta Larraun-Mendialdeko oraingo zerbitzuak.
Mikel Zabaleta Leitzako alkateak ez du bat egin proposamen horrekin. Eskualdea zerbitzurik gabe geldituko litzatekeela salatu du: “Egungo klima aldaketako jokalekuan funtsezkoa da koordinazioa sendotzea, eta Nafarroako Gobernuak kontrako bidetik joan nahi du hartu duen erabakiarekin”, erran du.
Zabaletak nabarmendu du Leitzako, Aresoko, Aranoko eta Goizuetako erakundeak eta herritarrak mendien eta basoen kudeaketa hobetzeko urratsak egiten aritu direla azken urteotan. “Auzolanaren eta koordinazioaren bidetik aritu gara”, azaldu du. Leitzako bulegoa ixten badute. lan hori “hankamotz” geldituko dela ohartarazi du, eta anitz zailduko litzatekeela egun Nafarroako Gobernuko basozainen, Leitzako Udaleko basozainaren, zinegotzien eta suhiltzaile boluntarioen arteko elkarlana.
Ordutegia murriztu
Herrialdeko gobernuak argitu du basozainek lanean segituko dutela Aresoko, Leitzako, Aranoko eta Goizuetako mendietan; bulegoko zerbitzua dela itxiko dutena, alegia. Leitzako alkateak, ordea, erran du bulegoko arreta hori ere “beharrezkoa” dela.
2019an, Nafarroako Gobernuak bulegoa ixteko asmoa lehendabizikoz aipatu zuenean, bilera egin zuen Leitzako eta inguruko alkateekin. Denbora bat zehaztu zuten orduan, herritarrek zerbitzua “zenbateraino” erabiltzen zuten ikusteko. Ingurumen Departamentuaren ondorioa izan da eskualdeko biztanleek ez dutela bulegoa erabiltzen, eta datu bat jarri du erdigunean: sei hilabetean pertsona bakarrak jo duela bulegora. Leitzako alkateak, baina, nabarmendu du datu horrek ez duela errealitatearekin bat egiten. Zabaletak salatu du, gainera, 2019tik Nafarroako Gobernuak “asko” murriztu duela Leitzako bulegoko zerbitzua.
Astean bitan baino ez dago bulegoa zabalik, eta bakarrik ordubetez: asteartean, 08:00etatik 09:00etara, eta ostiraletan, berriz, 13:00etatik 14:00etara. Herritarrek basozainen zerbitzua behar dutela berretsi du Zabaletak: “Kontua da bulegora joan beharrean, zuzenean jartzen direla harremanetan haiekin. Basozainei eskatu diet datua, eta garbi erran dute dozenaka bizilagunek jo dutela haiengana”.
Baimenak eta tramiteak
Basozainek zerbitzu zehatza eskaintzen dute Leitzako bulegoan: herritarrak laguntzen dituzte, mendien eta basoen kudeaketarekin lotutako auzi guztietan. “Norbaitek erreketa bat egin nahi badu bere lur sail batean, baimena behar du, eta baimen hori tramitatzen laguntzen dute basozainek. Zuhaitz bat botatzeko ere behar da baimena, edo garbitzeko. Haizeak herri lurretan bota dituen zuhaitzak egurretarako baliatu nahi dituenak ere baimena behar du”, azaldu du Mikel Zabaletak.
Leitzako alkateak erantsi du udalak ohartu direla prebentzioaren eta koordinazioaren arloan egin beharreko lanaz, eta toki entitateak prest direla, hain zuzen, erronka horri aurre egiteko. Zabaletak uste du Nafarroako Gobernuaren betebeharra dela koordinazio hori bultzatzea eta laguntzea, eta nabarmendu du basozainen bulegoa ez ixtea eta sendotzea funtsezkoa dela horretarako.
Aresoko, Goizuetako, Leitzako eta Aranoko herritarrek, suhiltzaile boluntarioek, baserritarrek eta udal ordezkariek, bertzeak bertze, azaroaren 28an egin zuten elkarretaratzea, Leitzan.
Nafarroako Gobernuaren asmoa da Leitzan duen bulegoaren alokairua ez berritzea urtarrilean. Mikel Zabaletak ezagutarazi du, halere, gobernuko agintariek bilera batera deitu dituztela eskualdeko alkateak, abenduaren erdialderako. “Ea zer esaten diguten. Guk gurea eskatuko dugu: ez dezatela bulegoa itxi; alderantziz, sendotu dezatela”.