Iritzia: Boikotak

Iritzia: Boikotak

Lohizune Amatria

Gizatiartzen dituen hori kentzen diegu pertsonei zenbakietara murrizten ditugunean. Baina hain dira numeroak azken bizi arnasaren adierazle honakoan, ezinbestean ekarri behar izan ditudala zenbait. Azken bi hamarkadetan hamar biztanletik bi eta erdi galdu dituzte Pirinioek. Iaz, 2001ean baino 1.581 auzokide gutxiago bizi ziren Nafarroa ekialdeko mendialdean. Erraz esaten da, baina laurden bat da ia.

Udazkeneko zubiak igaro berri eta abendukoaren atarian kaleratu dituzte Saretzen proiektuko datuak, eta orain gutxi Orbaizetako Olara gazta erostera agertu zen bisitari batek esandakoarekin oroitu naiz horiek ikustean. “Orduan” luze eta zalantzati batekin abiatu zuen esaldia: “Hemen bizi zarete”. Ez dut argi galdera edo baieztapena izan ote zen. “Baiki”, erantzun nion, etorriko zena aurreikusiz, eta zegoen toki horretan biztanleak “urte sasoi guztietan” daudela gehitu nuen.

Haren herriaren berri ere eman zidan. Erromeria bat egiten omen dute baseliza batera, eta orduan bakarrik joaten dira bertara. Gainontzekoan, hutsik dago. Ez zidan tristeziatik kontatu; toki horretatik esan nion nik, ordea, bide hori bera hartu zuela aspaldi Auñamendik. Datuek berresten dute.

Biztanleriaren galera etengabekoa izan da. Hogei urtetan ez da hazkunderik izan, ez da errelebo urterik egon; dena izan da ez edo ezer ez. Esaterako, Orreagan eta Abaurrepean ez da jaiotzarik izan. Bietan 60 urtetik gorakoak dira nagusi. Hori ere badutelako Pirinioek. Nafarroa da Hego Euskal Herriko lurralderik gazteena, baina eskualde honetan parez pare daude ia zahar eta helduak. Eta urteak pilatzekoa da joera; zenbat eta gehiago, gutxiago.

Zenbat eta gutxiago, gehiago, esanen luke besteren batek. Eskualdea jendez hustean, etxe hutsak biderkatzen dira eta. Astelehenetik ostiralera kerik botatzen ez dutenak, bertakoentzako ez direnak, kontra leihoak inoiz zabaltzen ez dituztenak. Horrelakoak dira ditugun gehienak, eta bitartean gazteak oinarrizko eskubide eskean dira.

Nire erantzunarekin ez zen konforme geratu bisitaria. “Hain urrun?”, galdetu zidan. “Nondik?”, nik. Hiri handi baten beharra zuen, antza: “Eta zer egiten duzue? Ez zarete aspertzen? Eta erosketak egiteko? Zer nekeza, ez? Guk ia ez dugu autoa erabiltzen, baina hemen…”. Ez nuen haren ikuspegia aldatzerik lortu. Oso sakona da ereduen arteko arrakala, eta gauzarik hutsalenetan dago.

Elurragatik errepidetik atera zelako, abere kamioi batek ezkontza bat “boikotatu” duela irakurri nuen, aurrekoan. Orreagarako bidean, Mezkirizko gainean, ez aurrera ez atzera geratu ziren ezkongaietako bat, apaiza eta gonbidatuak. Denak elkarrizketatu zituzten. Inork ez zion garraiolariari ezer galdetu, ordea; oztopatu zituela kontatu zuten. Lana ez da ospakizuna bezain erakargarria, lana ez da ospakizuna bezain salgarria.

Baina aisialdirako postaletik harago, hori ere behar du eskualdeak, hain zuzen ere. Kontatzea badirela hiriaz besteko lan eta bizitzeko erak, eta horiek duinak izan daitezen egin behar dela. Bestela, nork boikotatzen du nor?

Argazkia: Iñigo Uriz / Foku