[URTEKARIA 2022]. Taldeko kiroletan Atarrabiako Beti Onak nabarmendu da: Ohorezko Mailan da, maiatzean igotzeko fasea irabazi eta gero. Pilotan, Unai Lasok jantzi du eskuz banakako txapela.
Edurne Elizondo
Asier Martinezen urtea izan da bukatzear dagoen 2022a: Zizur Nagusiko atletak 110 metro hesidunetan brontzezko domina irabazi zuen, uztailean, Munduko Txapelketan; eta, abuztuan, berriz, urrea lortu zuen Europakoan. Sasoiko dagoela erakutsi du kirolariak, eta, batez ere, lan handia dagoela pistan egiten duen erakustaldi bakoitzaren atzean.
Taldeko kirolen arloan, berriz, Atarrabiako Beti Onak eskubaloi taldeak egin du aurtengo balentria: Espainiako Ohorezko Mailan ari da, joan den maiatzean igotzea lortu eta gero. Atarrabiako jokalariek Arrecifen (Espainia) jokatu zuten igoera fasea, eta Ohorezko Mailarako txartela lortuta amaitu zuten denboraldi ezin hobe bat. Duela bederatzi urte Itxako desagertu zenetik, ez da izan herrialdeko ordezkaririk estatuko eskubaloiaren maila nagusian.
Frontoian ere nafarrak nagusitu dira: Erroibarko Unai Lasok irabazi du eskuz banakoa, Joseba Ezkurdia mendean hartuta. Ekurdiak jantzi du, azaroan, lau eta erdiko txapelketa, hain zuzen ere, Jokin Altunari irabazita.
“Sinetsi ezinik nago”
Nekez ahaztuko du Asier Martinezek aurtengo uda. Uztailean, Eurgenen (AEB) jokatutako Atletismoko Munduko Txapelketan lasterketa bikaina egin zuen kirolariak 110 metroko hesidunean, eta brontzezko dominarekin batera, bere markarik onena lortu zuen: 13.17. “Sinetsi ezinik nago, eta ez dut barneratu gertaturikoa”, erran zuen Martinezek, domina irabazi berritan. Grant Holloway eta Trey Cunningham estatubatuarrak sailkatu ziren lehenengo eta bigarren; faboritoen artean ziren Hansle Parchment eta Davon Allen lehiaketatik at gelditu ziren. “Uste dut domina hori irabazi dudala, baina ezin da ukatu faborito handiak bazeudela, eta huts egin dutela arrazoi batengatik edo bestearengatik”, onartu zuen Zizur Nagusiko atletak.
Abuztuan, halere, lehen mailako atleta bat dela berretsi baino ez zuen egin Martinezek: proba berean urrea irabazi zuen, Munichen (Alemania), Europako Atletismo Txapelketan. AEBetan lortutako marka ondu zuen, gainera: 13.14.
Alemaniatik bueltan, Zizur Nagusiko herrikideek harrera beroa egin zioten Martinezi: udalak omenaldia egin zion atletari. Josu Arzotz eskubaloi jokalariarekin batera jaso zuen Martinezek herritarren aitortza. Zizur Nagusikoa da Arzotz ere, eta Europako titulua irabazi zuen, udan, Espainiako selekzioarekin. Omenaldi horretan herritarren babesa eskertu zuen Asier Martinezek: “Herriaren babesak berebiziko garrantzia du niretzat; nire herriko babesa eta hemen egoteko laguntza sentitzeak berebiziko garrantzia du, eta oso pozik nago. Badakit herritarrek bere sentitzen dutela nire lana. Badakit asko estimatzen dutela nire lana, nire ondoan daudelako”, erran zuen atletak, BERRIA egunkarian egindako elkarrizketan.
Ohorezko Mailan
Atarrabiako Beti Onak taldeko jokalarientzat ere urte hagitz garrantzitsua izan da bukatzear dena, maiatzean
jokatutako igotzeko fasea irabazi eta gero lortu baitzuten oraingo sasoian Ohorezko Mailan aritzeko aukera. Bederatzi urtez ez da Nafarroako talderik egon maila horretan; Itxako desagertu zenetik, alegia.
Beti Onak taldeko kapitaina da Olaia Luzuriaga, eta Itxakoko kapitain izandako Andrea Barnorekin solastatu zen, Nafarroako Hitza-n, ekainean. Ohorezko Mailan hasteko irrikan zela onartu zuen Luzuriagak, “ikasten eta hazten” segitzeko ilusioz. Ohorezko Mailarako txartela lortu berritan, zaleak izan zituen Luzuriagak gogoan: “Igotzea lortu eta gero, ehunka pertsonak egin ziguten harrera herrian: zoragarria izan zen, hagitz hunkigarria”.
Hunkituta jantzi zuen Unai Laso pilotariak ere eskuz banakako txapela, joan den maiatzean, finalean Joseba Ezkurdiari irabazi eta gero (22-7). Azaroan, Ezkurdiak jantzi du lau eta erdiko txapela, Jokin Altuna mendean hartuta (22-21).
Ados Pilota taldeak Plazaz Plaza udako torneoa antolatu du, bertzalde, bigarrenez; irailean egin zuten finala, Etxauriko frontoian; Andrea Aldaregia era Iera Iturriaga nagusitu ziren, 22-20, Maddi Barrocal eta Ane Mendibururen aurka jokatutako partidan. 2021ean sortu zuten Ados Pilota, eta bide sendoa egiten ari da, geroztik.