Bizitza garestiago, gerrikoa estuago

Bizitza garestiago, gerrikoa estuago

[URTEKARIA, 2022] Herritarrak ekonomiaren gorabeherei so dira. Prezioek goranzko joera izan dute urte osoan, eta bizimodua nabarmen garestitu da. Enpresen arloan, berriz, Volkswagen eta Siemens Gamesa fabrikek piztu dute kezka, besteak beste.

Joxerra Senar

Pandemiak eta Ukrainako gerrak ekonomiaren arloan eragindako krisiaren arrastoak nabarmenak izan dira urte osoan. Volkswagen da Nafarroako lantoki nagusia, eta oraindik ez du gainditu pandemiaren testuinguruan sortu zen erdieroaleen hornidura falta. Sarrigurengo Siemens Gamesan, berriz, langileak kaleratzeko asmoek piztu dute alarma.

VOLKSWAGEN

Aldaketa garaian da Volkswagen, Nafarroako enpresarik handiena. Hasteko, oraindik ez du gainditu pandemiaren testuinguruan sortu zen erdieroaleen hornidura falta. Hasieran, uste zen udaberrirako konpon zitekeela osagai falta, baina arazoak bete-betean eragin dio aurten ere Iruñeko fabrikari. Alta, egoera onbideratzen ari da apurka. Urrian eta azaroan, 64.630 ibilgailu atera ziren Landabendik Europako kontzesionarioetara; bi hilabete horietan inoiz izandako kopururik handiena, alegia. Halaber, azken asteetan, fabrikako parkingean erdieroale faltagatik irteteko zain zeuden autoen kopurua lehengo erdia da: 16:000 ziren lehen; 9.000 dira orain.

Auto elektrikoak ere eragin du izerdirik fabrika barruan. Irrikan zeuden jakiteko Espainiako Gobernuak nola banatuko zituen autogintzako ekonomia suspertzeko eta eraldatzeko proiektu estrategikoko (ESEPE) inbertsio laguntzak, eta irailean zehaztu zen 380 milioi euro emango zizkiotela VW taldeari. Askoz gehiago espero bazuen ere, azkenean onartu zuen emaitza, eta diru hori Sagunteko (Herrialde Katalanak) bateria fabrika eraikitzeko eta Iruñeko eta Martorellgo (Herrialde Katalanak) fabriken elektrifikazioa bultzatzeko erabiliko ditu. Orotara, 10.000 milioi euroko inbertsioa egingo du VWek, baina oraindik bada zer argitu Iruñeko lantegiari buruz: zer auto elektriko ekoitziko dituen eta zenbateraino baldintzatuko duen produkzioa Seaten Bartzelonako lantegiak.

Ziurgabetasun horren erdian, zuzendaria aldatu dute berriz ere. Iaz, Markus Hauptek hartu zuen fabrikako lema, eta, orain, Seaten presidenteorde kargua hartu du. Haren ordez, Michael Hobusch izendatu dute Iruñeko zuzendari. Haren eskuetan egongo da fabrikaren historiako moldaketarik handiena gidatzea.

SIEMENS GAMESA

Ezusteen eta albiste txarren kutxa bihurtu da azken urteetan Siemens Gamesa. 2020an Agoizko fabrika itxi ondotik, aurten iragarri du mundu osoan 2.900 lanpostu kenduko dituela, horietatik 475 Euskal Herriko eta Espainiako Estatuko lantokietan. Beste behin, langileek eta sindikatuek komunikabideen bitartez izan zuten albiste lazgarri horren berri.

Urrian enplegu arloko negoziazioari ekin zioten, eta orduan jakin zuten kaleratze gehienak (352) bulegoetan egin nahi dituela; hots, Sarrigurenen, Zamudion (Bizkaia) eta Madrilen. Haatik, azken asteotan lauzpabost bilera egin dituzten arren, multinazionalak oraindik ez du argitu toki bakoitzean zenbat lanpostu kentzeko asmoa duen.

Gainera, Siemens Energy Group taldeak eskaintza bat egin du Siemens Gamesa enpresaren partaidetza osatzeko falta zaizkion akzioak erosteko, eta, eskaintza horretan aipatzen denez, “langilerian beste doikuntza bat egiteko aukera” aztertuko du. Sarrigurengo langileek, beren etorkizuna kolokan jartzeaz nekatuta eta enplegua bermatzeko industria plan bat eskatzeko asmoz, elkarretaratzeak egin zituzten azaroan, ELAk deituta. Nafarroan, hain zuzen, 1.800 langile inguru ditu fabrikak.

HITZARMEN EKONOMIKOA

Hiru urteko atzerapenarekin izan bada ere, Nafarroako eta Espainiako gobernuek azkenean akordioa egin dute 2020tik 2024ra bitarteko ekarpenaren kalkuluaren inguruan. Hala, 2020rako bere gain ez dituen eskumenen truke ordaindu beharreko ekarpen garbia 432 milioi eurokoa izango da, eta, ondorioz, lehen bi urteetako diru mugimenduen likidazioa eginda, estatuak 138 milioi euro itzuli beharko dizkio abenduaren 30ean Nafarroari. Bi aldeek oraindik ez dute zehaztu zenbatekoa izango den 2022ko likidazioa, baina, Nafarroako Gobernuaren arabera, “aldekoa” izango da. Hartara, itxuraz are diru gehiago jasoko du Nafarroak.

Abenduaren 2an ezagutarazi zuten akordioaren edukia Elma Saiz Nafarroako Ogasun kontseilariak eta Maria Txibite lehendakariak. Aldaketen artean, ekarpenaren kalkulurako konpentsazio gisa aintzat hartzen zen aldagai bat —higiezin kapitala eta estatuarentzat lan egiten duten langile nafarren zerga atxikipenak— doikuntza gisa zenbatuko da orain. Kontabilitate arloko aldaketa tekniko horrek gorabeherak eragin ditu ekarpenaren azken zenbatekoan: 2020ko ekarpen gordina 510 milioi eurokoa da eta garbia, berriz, 432 milioikoa. Administrazio bakoitzak gehien komeni zaion datua erabili du albistea saltzeko.

INFLAZIOA ETA ENERGIA

Iragan urtean, garai honetan, inflazioa gorantz ari zen, baina adituek espero zuten ekainerako apaldu egingo zela. Alta, aurreikuspen horiek baikorregiak izan ziren, eta, Ukrainako gerraren ondorioz, arazoa okertu egin da. Urte osoan iraun du salneurrien goranzko joerak, eta, oro har, nabarmen garestitu da bizimodua. Hasieran, energiaren eta argindarraren garestitzeak bultzatu zituen prezioak gorantz, baina, apurka, elikagaiek eta erregaiek ere gorantz egin dute tira. Uztailean jo zen goia, urte osoko kontsumo prezioen indizea %11,4ra heldu baitzen. Geroztik argindar tarifa merkatuz joan denez, urrian %8,4ra jaitsi zen. Dena dela, indizea oso goian dago oraindik.

Horrek guztiak ondorio ugari eragin ditu. Martxoan, Hiru eta Tradisna garraiolari autonomoen elkarteak grebara jo zuten, eta Iruñeko kaleetan eta saltokietako apaletan nabaritu zen lanuztea. Espainiako Gobernuak erregai litroko 20 zentimoko laguntza eman zuen hilabete hartan. Lehen sektorean ere, krisi larria eragin du energiaren eta lehengaien garestitzeak, eta udako lehorteak ez du egoera samurtu. Nafarroako Gobernuak sei milioi euroren laguntzak jarri ditu.

Gainera, Nafarroako Parlamentuak ezohiko kenkari berezi bat onartu du errenta zergan, urtean 35.000 eurotik beherako errenta dutenentzat: 18.000 eurotik beherako errenta dutenek 540 euro jasoko dituzte. Neurri hori, batik bat, datorren urteko errenta aitorpenean nabarituko da, eta 297.000 nafarri eragingo die. Orotara, Ogasunak 65 milioi euro biltzeari utziko dio.

Laguntza neurri guztiak ez dira aski, baina. Herritarren poltsikoak gogotik nabaritu ditu inflazioaren igoera eta hipoteken garestitzea. Talka, batik bat, lan munduan gertatu da, eta negoziazio kolektiboan erosahalmenari eustea da sindikatuen erronka.

GLOVOREN AUZIA

Iruñeko Gizarte Arloko 1. Salak ebatzi du Glovoko langileak soldatapekoak direla. 2018ko abuztutik 2019ko urrira lanean aritu ziren banatzaileei eragiten die sententzia horrek. Tarte horretan, 207 banatzailek lan egin zuten enpresa horrentzat. Glovok ordaindu beharko ditu langile horien Gizarte Segurantzako erregimen orokorreko kotizazioak: ia 249.000 euro, alegia.