Eskuina zatituta, eta gobernuan tentsioa

Eskuina zatituta, eta gobernuan tentsioa

[URTEKARIA, 2022] Lan erreformaren bozketan, Carlos Garcia Adanero eta Sergio Sayas diputatuek UPNren agindua bete ez izanak soka luzea ekarri du, eta barne krisia eragin du alderdian. Gobernu barruan, desadostasunak azaleratu dira Geroa Bairen eta PSNren artean, baina udazkenean egonkortasunaren alde egin dute biek.

Joxerra Senar

Hauteskundeei begira, alderdi bakoitzak ahalik eta sendoena agertu nahi ohi duenez, mugimendu politikoak eta haiek eragindako tentsioak ohikoak dira legealdi amaieretan. Oraingo honetan ere, ez da salbuespen izan Nafarroan. Batetik, 2019ko bozetako eskuinaren apustu nagusia, Navarra Suma, hautsi egin da, eta UPNk bakarrik aurkezteko urratsa egin du. Bestetik, Nafarroako Gobernuko bi bazkide nagusien artean, PSNren eta Geroa Bairen artean, hainbat gaitan tentsioak azaleratu dira azken hilabeteetan. Alta, diferentzia horiek ezagutarazi egin badira ere, gobernuari eusteko borondatea nagusitu da. Gainera, udazkenean EH Bildurekin 2023ko aurrekontu akordioa adostuta, lasai eta egonkor amai dezake legealdia.

Otsailaren 3an sortu zen lurrikara politikoa eskuinean. Espainiako Gobernuak ez zuen ziurtatua lan erreforma aurrera ateratzea, eta, boto bila, Kongresuan akordioa hitzartu zuen UPNrekin. Bozketa egin baino bi ordu lehenago ezagutarazi zuen ituna PSNk: Iruñean Enrique Maia alkateari legealdia amaitu arteko aurrekontuetan 27 milioi euroren inbertsioak ahalbidetzea eta aurreko asteetan aipu xenofoboengatik hura ez gaitzestea onartu zuen. Alta, Sergio Sayasek eta Carlos Garcia Adanerok ez zuten bete UPNk hitzartutako konpromisoa, eta erreformaren aurka bozkatu zuten. Bi orduren buruan, akta itzul zezatela erreklamatu zien UPNk bi diputatuei. Javier Esparzaren lidergoa eta alderdiaren mugimendua auzitan jarri zuten batak zein besteak.

Espainiako eskuinaren inguruneak hauspoturik eta Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuari holako oparirik ez ziotela egin nahi argudiaturik, Sayasek eta Adanerok bereari eutsi zioten, eta ez zuten diputatu akta itzuli —gaur-gaurkoz, oraindik ere diputatu dira, talde mistoan—. Ezezkoari aurre egiteko, alderditik kanporatzeko prozedurari ekin zion UPNk, eta, bi egunera, Nafarroa Arenan antolatutako Kontseilu Politikoan militanteen %80k babestu zuten zuzendaritza. Azkenean, UPNko Berme eta Diziplina Batzordeak bi urte eta erdiz kanporatu zituen Sayas eta Adanero. Ordurako, hauteskunde zikloa amaiturik izango denez, de facto kanporatutzat jo zuten euren burua bi protagonistek.

Aste batzuk geroago, Nafarroa Plataforma sortu zuten biek, eta pare bat aldiz hauteskundeetara aurkeztuko direlakoa egin zuten. Herriz herri ibili ziren euren plataformak izan zezakeen babesaren neurria neurtu nahian. Alta, oraindik ez dute urrats hori egin, mugimendu handiagoen arrastoari segika ari baitira; Nafarroako eskuineko bi alderdi nagusiek, PPk eta UPNk, bozei begira zer egingo duten zain.

Berriki, Nafarroako PPren kongresuan, Javier Garcia buruzagi izendatu berriak adierazi du Navarra Suma koalizioan aritu nahiko luketela berriro. Era berean, Alberto Nuñez Feijoo alderdiko buruzagiak Nafarroako Gobernua berreskuratzeko “baliagarri” izateko prestasuna azaldu zuen, eta kontziliazioaren agintari gisa agertu zen, Javier Esparzari UPNko buruari zein Adanerori eta Sayasi esker ona adieraziz.

Alta, UPNk ez du PPren adiskidetasunaren amua irentsiko. Lan erreformaren otsaileko bozketak aditzera eman zuen bezala, koalizioa agortuta dago, eta UPNk nahiago du bakarrik aurkeztu. Irailean haserre agertu zen PPrekin, komunikabide batzuek euren arteko solasaldiez hitz egin zutelako, eta asteon zuzendaritzak berretsi du datorren maiatzeko bozetan bere marka propioarekin aurkeztuko dela.

Barkosen ohartarazpena

Eskuineko alderdien arteko gorabeherek bereganatu zuten arreta mediatikoa, eta arretagunetik kanpo geratu zen gobernu barruan gertatutakoa. Gerora jakin zenez, UPNren eta PSOEren arteko akordioak Iruñeko Udaletik harago bazituen beste puntu batzuk, baina, batik bat, akordio haren esanahi politikoarekin ezinegona agertu zuen Geroa Baik. PSNrekiko bere tonua gogortu zuen. Uxue Barkosek “geometria aldakorraren jokoa” —gaur batzuekin eta bihar besteekin adosteko asmoa— amaitzeko exijitu zion gobernuko bazkide PSNri.

Atzean gehiago egon zitekeela susmatzen zen, eta Hitzarmen Ekonomikoaren berritzeak susmoa hauspotu zuen. Nahiz eta parlamentuko talde guztiak erreforma haren mamiarekin erabat ados izan, Geroa Baik eta EH Bilduk irmo kritikatu zuten Madrilen zein Iruñean PSOEko eta PSNko ordezkariek hitzartutako akordio haren letra txikia: etorkizunean Hitzarmen Ekonomikoko aldaketak Nafarroako Parlamentuaren kontrolpetik at gera daitezkeela uste zuten. Hasieran, Navarra Suma ere kritiko agertu zen puntu horrekin, baina lan erreformaren ondotik alde bozkatzea erabaki zuen.

Tentsioa handituz joan zen ondorengo asteetan Geroa Bairen eta PSNren artean. AHT azpiegituran, Nafarroako trenbidearen eta Euskal Y-ren arteko loturan, sozialistek Gasteizko irtenbidea begi onez ikustea ez zuen gustuko izan Geroaren eta EAJren arteko koalizioak. Gainera, gobernuak hitza eman zuen ekainaren 30erako departamentu guztiek euskara planak aurkeztu zitzaten, eta aspaldidanik Geroa Baik hizkuntz profilak zehazteko plangintza aldarrikatuagatik, PSNk blokeatu egin du konpromiso hori, eta gaur-gaurkoz ez du promesa bete.

Higadura horiek eta bestelako desadostasunek udazken beroa iragartzen zuten, pultsu politikoaren agertoki izan zitekeelako legealdiko azken aurrekontuen eztabaida. Alta, azkenean, uste baino errazago izan du Maria Txibite gobernuko lehendakariak. Urrian, gobernu barruan PSNk, Geroa Baik eta Ahal Dugu-k aurreproiektuari buruzko akordioa erdietsi zuten, eta departamentu bakoitzaren gastu muga zehaztu zuten. Hala, diferentzien gainetik egonkortasun politikoaren alde egin zuten.

Parlamentuko gehiengoaren bila, aurreko hiru urteetan bezala, EH Bildurengana jo zuen gobernuak. Hilabete inguru iraun zuten negoziazioek, eta azaroaren 4an lortu zen akordioa. Hala, abenduaren 22an, EH Bilduk ahalbidetu egingo ditu bai aurrekontuen lege proiektua, bai zergena: “Legealdi hasieran hartu genuen erabakiaren ondorio da. Ez dira geuk egingo genituzkeen aurrekontuak, baina gure parte hartzeak hobetu ditu, eta guretzat inportantea zen legealdiko logika amaieraraino eramatea. Horrek ez du esan nahi aurrera begira txeke zuririk emango dugunik”, esan zuen Bakartxo Ruizek, BERRIAn egindako elkarrizketan.

Gehiengo horretan sostengaturik, aurrekontuak eta kostu energetikoari aurre egiteko onartu diren laguntza bereziak —hala nola 2022ko errenta zergaren ezohiko kenkariaren edo argindar zein gas tarifaren BEZa apaltzeko neurriak—, aurrera atera ditu gobernuak. Alta, egonkortasun hori euren arteko diferentziekin konbinatu dute: euskararen planak, trafiko eskumenaren edo 2020-2024ko eperako ekarpenaren inguruko akordioaren atzerapena, Espainiako Gobernuaren aurrean PSNren jarrera “epela”, itxarote zerrenden auzia… Gaiek ere alderdi bakoitzak bere profil propioa markatzeko balio dute.

Mugimenduak alderdietan

Izan ere, maiatzeko udal eta foru hauteskundeak ate joka daude, eta alderdiek horietara ahalik eta egoerarik hoberenean iristeko mugimenduak egin dituzte. Iaztik hasitako negoziazioei bide emanez, Ahal Dugu-k, Nafarroako Ezker Batuak eta Batzarrek bozetan elkarrekin joateko asmoa berretsi dute: Zurekin koalizioa osatuko dute. Ahal Dugu-ko Begoña Alfaro izango da lehendakarigaia eta Txema Mauleon, Iruñeko alkategaia.

EH Bildun, maiatzean Bakartxo Ruizek iragarri zuen hiru legealdiren ostean politikaren lehen lerroa utziko duela, eta parlamentuko zerrendaburua Laura Aznal izango da. “Ilusioz eta konpromisoz” hartu du erronka Aznal parlamentariak.

Geroa Bain oraindik ez dute argitu Uxue Barkos berriro aurkeztuko den lehendakarigai, baina hala izatea espero da. PSNn, berriz, ustekabea Iruñeko Udalean etorri da: Maite Esporrin ez da hautagai izango, eta haren tokia Elma Saizek beteko du; lehendakarigai, Txibite izango da.