Iritzia: Laurdengutxi

Iritzia: Laurdengutxi

Amets Aranguren Arrieta

Gustatzen zait jakitea urtea nola marrazten duen bakoitzak bere buruan. Data bat ematen diotelarik buruko agendan kontsulta egiten duenean zein irudi duten hilabeteek bere imajinazioan. Nirean egutegiak zirkulu bat marrazten du eta erlojuaren orratzen noranzkoan egiten du aurrera urteak. Urtarrila 10:00 aldera legoke, otsaila 11:00etan, 12:00etan martxoa… Eta 09:00etara (abendura, alegia) helduta, erloju osoari begirada egiteko momentua dela gogorarazten digu Spotify-ko wrapped -ak, eta baloratzeko urtea ona ala ez hain ona izan den.

Koronabirusaren pandemiaren osteko lehendabiziko urtea izan da, normaltasunerako itzulera edo, batzuendako, “berriz sanferminak”. Hori bai, billabesarako, musukoa. Betiko gripeak hartu dio lekukoa COVID-19ari eta inoiz baino indartsuago heldu da, baina aizue, etxean hamar egun itxita eman ordez astebetez poltsikoak mukizapiz beteak, Letibalm-a eskura eta jengibre, limoi eta eztizko infusioa litroka edan behar bada, egiten da. Eta Olaia Inziartek diskoa atera badu, ba gustura eta guzti.

Gustatu zait ikustea zein harrera izan duen Sorioneku-k (bai, uste dut ja pertsonifikatzera hel gaitezkeela) sareetan, interesgarria (eta oso graziosoa) izan da ikustea nola erantzuten dion horrelako aurkikuntza bati 2022ko jendarte digital honek (memeak eta gauza horiek). Eta bueno, honen harira sortu diren eztabaida, filologo berri eta historialarien arteko liskarrak ere, dibertigarri. Baina Irulegikoak ekarri duena eta euskararen normalizaziorako bidean egin diren egitasmo horiek denak baloratzen sartu baino nahiago nuke duela aste batzuk bizi izan dudan zerbait konpartitu.

Gure lagun Asier irakaslea da Bilbon. Badu, nire gusturako, hiztegi bereziki zabal eta polita, baina, batzuetan, bakarrik berak erabiltzen dituen hitz edo esamoldeak botatzen ditu: “Ez dago labea opiletarako”, “honek 15 indioilar balio du” edo “tipo hori nahiko laurdengutxi da”. Eta bueno, bai, lehenengo bi adibideak erdarakadak dira (berdin zait), ulertzen errazak. Baina nik (erlojuaren irudiak ematen ahal duen jokora itzulita) “laurdengutxi” entzun nionean, duela hiru edo lau urte, hitzarekin maitemindu eta hedapen lanei ekin nien (ulertu hedapen lanak tonu ez-serioan), beste jende batekin batera. Laurdengutxi: ez oso espabilatua, motza, gaztelerazko corto.

Bada, duela aste pare bat mezu bat jaso nuen lagun batzuk gauden Twitterreko talde batean. Maria zen, ikastolako laguna izandakoa, baina euskararekin apenas duen harremanik gaur egun. Tipo batek beste bati txio batean “laurdengutxi” esana ziola eta zenbateko grazia egina zion horrek. Auskalo nola ari den hitz hori bere bidea egiten, baina niretzat, lagunok, Mariarena bezalako mezuak jasotzea da, beste gauza askoren artean, aurrera egitea.

P.D.: anekdota bat besterik ez da, askoren ustetan agian deus esaten ez duena, baina hainbeste bide probatzen ari garen honetan, gustatzen zait pentsatzea betikoak ez diren beste bide batzuetatik egindako urratsek ere balio dutela, eta ez gutxi.