[URTEKARIA, 2022] Nafarroako Gobernuaren Hiritarren Segurtasunerako eta Larrialdietarako zerbitzuburua da Jose Javier Boulandier. Onartu du aurtengoa «ezohiko» urte bat izan dela; ekainean, lehen aldiz, hamabi su piztu ziren aldi berean herrialdean, eta zenbait herri hustu behar izan zituzten.
Edurne Elizondo
Errepideen egoeraren berri ematen duten pantailak piztuta dira, eta larrialdi deiak jasotzeko telefonoen aurrean dira zenbait langile. Lan giroa da nagusi Nafarroako Gobernuaren Hiritarren Segurtasunerako eta Larrialdietarako Zerbitzuaren egoitzan, Iruñean. Jose Javier Boulandier da zerbitzu horretako burua (Altsasu, 1965). Klima aldaketak ekar ditzakeen arriskuen aurrean, prebentzioaren eta koordinazioaren beharra nabarmendu du.
2022. urtea bereziki gogorra izan da zuen zerbitzuarentzat?
Zalantzarik gabe, erran dezakegu ezohikoa izan dela, gertatu diren hondamendiek izan duten eraginagatik. Udako suteez ari bagara, lehen aldia da aldi berean hainbertze su izan duguna. Halere, ez da bakarrik aurten gertatu dena; azken urteotan gertatu denak erakutsi digu zer joera dagoen.
Tafallako 2016ko sutea eta 2019ko uholdeak abisu bat ziren?
Inork ezin du ukatu klima aldaketak eragindako ondorioak pairatzen ari garela. Espainiako Meteorologia Agentziako Nafarroako ordezkaritzak ere ohartarazi du: kalteak eragin ditzaketen gero eta fenomeno meteorologiko gehiago izanen ditugu, eta modu gero eta intentsoagoan.
Zer-nolako jokalekuan jartzen du egoera horrek zuen zerbitzua?
Uste genuen dena kontrolpean genuela, eta egoera horrek ziurtasunik gabeko etorkizun bat jartzen digu aurrean. Algoritmoak hasi dira huts egiten, eta aurretik esku artean genituen aurreikuspenek jada ez dute balio. Erronka handi bat da guretzat.
Erronka horri aurre egiteko tresnak badituzue?
Inoiz ezin da erran edozer egoerari aurre egiteko prest gaudenik. Helburua hori da beti, noski, baina beti bada zer hobetu eta zer egokitu. Nik uste dut inportantea dela gure esku ditugun tresnak probatzeko simulazioak egitea, tresna horiek ahalik eta eraginkorrenak izan daitezen. Prozedurak findu behar ditugu, eta gai izan behar dugu ere informazioa herritarrei zabaltzen.
Zerbitzuen eta herritarren arteko distantzia murriztea da asmoa?
Herritarrengana iritsi behar dugu. Herritarrek izan behar dute informazioa haien esku, larrialdi egoera batean nola jokatu jakiteko. Gerta daitekeenaren aurrean, izan behar dugu malgu, eta, aldi berean, izan behar dugu sendo.
Udako suteen ondorioz, milaka herritar atera behar izan zenituzten euren etxeetatik, adibidez. Ikasi duzue egoera horri buruzko leziorik?
Nik uste dut gizarte osoak hagitz ongi erantzun ziela udan gertatutako suteei. Emaitzak berresten du hori. Ekainaren 18an, hamabi orduko denbora tarte batean, hamabi su piztu ziren aldi berean. Lehen aldiz egin genion aurre gisa horretako egoera bati. Kalteak izan dira, noski, eta min ematen digu horrek. Baina uste dut pozik egon gaitezkeela bost zauritu arin baino ez ditugulako izan. Noski, ikasten segitu behar dugu, eta zerbitzua hobetzen.
Herritarrengana iristeko beharra aipatu duzu. Zer urrats egiten ari zarete esparru horretan?
Funtsezkoa da toki entitateekin koordinazioa sendotzea. Uholdeei erantzuteko planak osatu dituzte zenbait herrik, adibidez, eta horretan ahalegintzen segituko dugu. Udalekin eta bertze erkidegoekin gure harremana indartu behar dugula garbi dugu, elkarlan hori funtsezkoa izanen delako. Estatu artekoa ere bai, hondamendientzat mugarik ez baitago. Ez dugu ahaztu behar, bertzalde, norberak duen ardura.
Zer erran nahi duzu?
Lehen urratsa dela beti nork bere burua zaintzea eta babestea. Ezin dugu suhiltzaile bat edo mediku bat jarri herritar bakoitzaren etxeko ate aurrean. Uholdeei aurre egiteko udal planekin ohartzen ari gara lortzen ari garela herritarrak lasaiago egotea, eta eraginkorragoak izatea. Baina garbi dut dibulgazioaren arloan anitz dugula hobetzeko oraindik. Segurtasunaren aldeko eta nork bere burua babesteko mezuak zabaltzeko lanean jarraitu behar dugu.
Planen arloan, suteei aurre egiteko Infona izenekoa du Nafarroako Gobernuak. Orain arte, baina, 1999koa egon da indarrean. Zergatik ez duzue berritu lehenago?
Guretzat lehentasun bat izan da. Zergatik ez da lehenago egin? Galdera ona da… Baliabiderik ezagatik, edo garaian garaiko baldintzengatik, ez dakit. Halere, nik erran nahiko nuke plan zahar bat izan arren aukera eman digula orain arte, eta plan berria onartu arte, gure lana egiteko eta larrialdiei aurre egiteko.
Plan berrian, hain zuzen, arrisku bereziko udalerriak zehaztu dituzue. Udal mailan eragiteko?
Bai. Arriskuak eta zaurgarritasunak zehaztu ditugu, prebentzioa lantzeko, eta arrisku egoera horiei aurre egin ahal izateko. 85 udalerri zehaztu ditugu, denera. Plan bizi bat da, eguneratzeko aukera izanen dugulako. Bertze departamentuekin partekatzen ari gara, koordinazioa hobetzeko eta prebentzio lan hori ere lantzeko. Udalekin ere bai, noski. Finean, udal batek herritarrak atera behar baditu herritik, jakin behar du erabili nahi duen errepidea itxita dagoen edo ez. Koordinazioa funtsezkoa da.
Zer asmoz zehaztu dituzue arrisku edo zaurgarritasun bereziko toki horiek?
Sua non piztu daitekeen aztertu, eta aurre egiteko azpiegiturak bultzatzea da kontua. Adibidez, ura biltzeko egiturak kokatzea gune horietatik gertu; edo etxebizitzen eta erre daitekeen erregai begetalaren arteko babes eremu bat egitea… Horrelako neurriak bultzatzea da kontua, etxebizitzak, eta, batez ere, pertsonak babesteko. Prebentzioa horregatik da hain inportantea, prebentzioak lortzen duelako hain zaurgarri ez izatea. Gero, ezin kontrola ditzakegun elementuak daude. Sute batean, adibidez, haizearen norabide aldatzeak izugarri eragiten ahal dio sute hori garatzeko moduari.
Larrialdi batean, gainera, ez da gauza bera Iruñean edo Pirinioetako herri txiki batean egotea, ezta?
Hala da. Herri edo hiri bateko biztanleriaren ezaugarriak ere kontuan hartu behar ditugu. Ez da gauza bera mugitzeko arazorik ez duen gazte bat edo aulkia behar duen pertsona zahar bat artatzea, adibidez, herri bat hustu behar denean. Eta hori kontuan izan behar dugu. Udalekin bultzatu nahi dugun koordinazioak eta elkarlanak ere arlo horri eragin nahi dio, udal bakoitza baita bere herritarrak hobekien ezagutzen dituena.
Dibulgazioa lantzekoan ere kontuan hartu beharreko elementu bat da?
Bai. Mezuak egokitu behar dira, eta, bertzeak bertze, zenbait hizkuntzatan zabaldu. Gizartea ongi ezagutu behar dugu, egokitu ahal izateko. Hurbiltasunetik egin behar dugu lan hori. Babes neurriak errutina bilakatu behar ditugu, behar ditugunean behar den bezala jokatu ahal izateko.
Baliabideak behar dira prebentziorako ere. Udako suteen harira, euren egoera “kaskarra” salatu dute suhiltzaileek. Bada zer hobetu?
Eredu ezberdinak daude. Suhiltzaileentzat zer eredu den onena nik ezin dut erran. Noski, elkarlanean egin behar dugu lan, eta hitz egin behar dugu. Ez dakigu zer datorren, baina uda honetan gertatu dena kontuan hartuta, gisako egoerak maizago sufrituko ditugula prentsatu behar dugu, eta prestatu. Konponbideak bilatu behar ditugu, eta elkarlanerako bideak.
Gehiago behar dira?
Nik ezin dut erantzun.
Nafarroako Suhiltzaileen buru izan zara; suhiltzaile gehiago behar dira?
Egoerak denoi eragiten digu, eta denok egin behar ditugu gure esku dauden urratsak. Uste dut funtsezkoa dela egin beharreko urrats horietan ordena bat izatea. Ordenarik gabe, hirurehun edo seiehun suhiltzaile izan, gaizki ariko gara. Oinarrian egin beharreko lan hori da funtsezkoa, udal mailan egin beharrekoa, herritarrengandik hurbil, informazioa zabalduz, eta nork bere burua babesteko kultura hori sustatuz.
Nola egin daiteke hori baliabiderik gabe? Suhiltzaileek, adibidez, eskatu dute basoetako suteen aurkako lantaldea urte osoan aritzea.
Baliabideak behar dira, argi dago. Arazoa integrala da, eta denon artean egin behar diogu aurre.
Herritarrak jabetzen dira klima aldaketak eragindako arriskuez?
Uste dut uda honetako suteek lagundu dutela herritarrek kontzientzia har dezaten. Inork ezin du ukatu jada gertatzen ari dena, nire ustez.
Udal mailan eragiteko beharra nabarmendu duzu. Nazioarteko mailan, hain zuzen, Egiptoko COP27 Nazio Batuen Erakundearen klima aldaketari buruzko biltzarrak ez du gauza handirik lortu.
Egia da, eta kezkagarria da. Horregatik uste dut are garrantzitsuagoa dela nork bere esparruan egin dezakeena egitea. Konponbideak ez dira goitik etorriko. Horregatik ari gara udalekin lan egiten, eta bide horretan urratsak egiten jarraituko dugu. Gure ardura delako.
Eredu osoa aldatzeko beharra ari da agerian gelditzen?
Bai, ezagutzen ez genituen egoerei egin behar diegulako aurre. Horrek ez du erran nahi deus egiteko gai ez garenik. Udako suteetan ere erakutsi dugu erantzuteko gai izan garela; txalotu nahi dut ere euren herriak babesten aritu diren herritar guztien lana. Ez ditugu bakarrik utzi nahi; denon arteko koordinazioa eta elkarlana da bidea.