Olatua paretaren kontra

Olatua paretaren kontra

[URTEKARIA, 2022] Mugimendu indartsua eratu da Erriberan, euskararen alde eta zonifikazioaren aurka: Hordago herri ekinbidea. Azken urteetan euskararen alde abian jarritako neurri guztiek, baina, harresi baten kontra talka egin dute, bai administrazioan, bai epaitegietan. Anbizioa eta neurri eraginkorrak galdegin ditu euskalgintzak.

Ion Orzaiz

Urriaren 22an, ehunka euskaltzalek Tuterako karrikak hartu zituzten, Zonifikazioari hordago! lelopean. Hordago ekinbideak deituta egin zuten protesta, Euskararen Legean ezarritako banaketa administratiboa kaltegarria dela salatzeko. Are, Nafarroako hizkuntza banaketa gainditzea “nafar guztientzako” mesedegarria litzakeela aldarrikatu zuten antolatzaileek, auzi linguistikotik harago doan arazoa dela iritzita.

Tuterako manifestazioa izan zen azken urteetan euskararen alde sortutako mugimendu indartsu eta bizienaren aurkezpena, baina antolatzaileek iragarri zuten gehiago etorriko direla, asmoa baitute Erriberan sortutako olatua eskualde guztietara hedatzeko —hilaren 13an batzar irekia egin zuen Hordagok Iruñeko Laba espazioan, hurrengo urratsak definitzen hasteko—. “Zonifikazioa eraistea aurrerapena litzateke justizia sozialean eta gure lurraldearen batasunean eta kohesioan”, azaldu zuen herri ekinbideko kide den Iraia De la Torrek.

Iaz, 35 urte bete zituen Nafarroako Euskararen Legeak, eta hori aldatzeko deia egin du Hordagok: “Ezinezkoa da beste urte batez jarraitzea horrelako bereizketarekin: euskara Nafarroako berezko hizkuntza da; beraz, Tuteran, Cortesen, Altsasun edo Beran eskubidea daukagu euskaraz bizitzeko, aritzeko eta ikasteko”, esan zuen elkarteko beste ordezkari batek, Paula Garciak, urriko manifestazioaren aurkezpenean.

Euskararen aldeko mugimenduak Erriberan egin dituen urratsak ez dira soilik Nafarroako hegoaldean sumatu: herrialde osoari eragin diote. Iruñerrian, adibidez, nabaritu dute hegoaldetik hizkuntza eskubideen auziari eman dioten bultzada, eta eskertu egin dute. Iruñean, hain justu, Euskararen Defentsarako Sarea aurkeztu zuten ekainean, euskararen aurkako “etengabeko erasoei erantzun azkar bat” emateko asmoz. Orain arte, protesta ekintzak antolatu dituzte Tuterako Hizkuntza Eskolatik euskarazko eskaintza murriztu izanaren kontra eta baita Nafarroako Administrazio Auzitegiak zenbait udalerritako euskara eskakizunak bertan behera utzi dituela salatzeko ere. Euskal Herrian Euskaraz elkarteak ere bat egin du protesta oldearekin, eta elkarretaratzera deitu zuen atzo. Nafarroako Parlamentuaren aurrealdean elkartu ziren, Bada garaia, euskara ofiziala eta kito! lelopean.

Lehengo lepotik burua

Euskararen aldeko olatua indartsua izanagatik ere, azken urteetan Nafarroako administrazioa ez da asko mugitu hizkuntza eskubideei dagokionez. Hizkuntza Eskubideen Behatokiak, adibidez, Nafarroako Gobernuko lantalde organikoa aztertu zuen iragan martxoan, eta, txosten horretan irakur daitekeenez, funtzionario lanpostuen %3tan baizik ez dute elebidun izateko betebeharra.

Are: zenbait departamentutan, postuen %2k baino gutxiagok ezarria dute hizkuntza eskakizuna. “Nafarroako Gobernuak ezin du esan hizkuntza eskubideak bermatzen dituela, gaur-gaurkoz ez duelako gaitasunik, lanpostu elebidunen kopurua oso urria baita”, salatu zuen Agurne Gaubekak, Behatokiko zuzendariak, diagnostikoaren aurkezpenean.

Egoerari buelta ematen hasi eta euskarazko gutxieneko arreta bermatze aldera, aldaketaren gobernuak zenbait mekanismo abiarazi zituen aurreko legealdian: Euskara administrazioan arautzeko 103/2017 dekretua, departamentuetako hizkuntza planak, eta Euskararen Plan Estrategikoa izan ziren horietako batzuk. Gaur egun, indarrean dira oraindik, baina kamustuta erabat, bai epaileek partzialki baliogabetu dituztelako, bai PSNk atzera egin eta horiek garatzeari uko egin diolako.

Euskara, meritu ere ez

Administrazioan euskara arautzeko 103/2017 foru dekretua izan zen Uxue Barkosen gobernuak martxan jarritako neurririk aipagarrienetako bat. Arauak agintzen zuen, besteak beste, euskara meritu gisa aintzat hartu behar zela Nafarroa osoko oposizio lehiaketetan eta gainerako merezimendu lehiaketetan.

2019an, ordea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin zuen puntu hori —eta beste zenbait—, eta hutsune juridiko handia sortu: ordutik, ehunka lan deialditan 0 puntu eman dituzte euskara jakiteagatik. Ingelesa, frantsesa eta alemana, aldiz, herrialde osoko lehiaketetan puntuatu dituzte meritu gisa.

Epaileek dekretua kamustu eta ia hiru urtera aurkeztu zuten PSNren gobernuak ondutako adabakia: merezimenduen dekretua. Euskalgintzak kalean salatu zuen “atzerapauso onartezina” dela, 2017ko arauarekin alderatuta eskubide gutxiago aitortzen dizkielako euskaldunei.

Zer aldatuko da arau berria indarrean jartzen denean? Euskara meritu izanen dela eremu mistoko lan deialdi bakan batzuetan —Osasunbidean, hein handi batean—, eta hortaz, puntu gehigarri batzuk emanen dizkietela euskara titulua akreditatzen duten hautagaiei —euskara derrigorrezko baldintza ez denean, betiere—. Hori besterik ez. Dena den, dekretua ez dute oraindik indarrean sartu, eta, beraz, egoera are makurragoa da, dozenaka baitira, bitarte horretan, euskara eskakizunik gabe argitaratzen ari diren lan deialdiak.

Merezimenduen dekretua, baina, ez da ez aurrera ez atzera dagoen bakarra: Euskararen II. Plan Estrategikoa eta departamentuetako euskara planak ere katramilatuta daude gobernua osatzen duten alderdien arteko tirabiretan.

Planak, geldirik

Departamentuetako hizkuntza planak, adibidez, onartuak daude 2020ko udatik, eta 2023ra arte izanen dira indarrean, baina Maria Txibiteren gobernuak punturik garrantzitsuena utzi zuen airean: lanpostuen euskara eskakizunei dagokiona. Maiatzaren 6an, EH Bilduko Bakartxo Ruizek gai horretaz galdetu zion gobernuari parlamentuan. Javier Remirez lehendakariordeak onartu zuen txostenak eginak daudela, baina Funtzio Publikoko Mahaira igorri behar dituztela, sindikatuekin negoziatzeko. Gobernuari dagokio urrats hori egitea.

Bestalde, Nafarroako Gobernuak euskara sustatzeko abiatu dituen egitasmoen artean, Euskararen II. Plan Estrategikoa da zabalenetako bat: hizkuntza politika publikoen helburuak, lan ildoak eta estrategiak biltzen ditu planak, eta hainbat proposamen egiten ditu euskararen gizarte erabileraren, hezkuntzaren, zerbitzu publikoen eta araugintzaren esparruan. 2021eko urrian aurkeztu zuten planaren zirriborroa Herritarrekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok eta Euskarabideko zuzendariak, helburua baitzen 2022ko lehen hilabeteetan indarrean sartzea.

Bide luzea egin zuen txostenak: hilabetez, ikusgai izan zen Nafarroako Gobernuaren atari irekian, elkarte eta norbanakoek aukera izan zuten ekarpenak egiteko, eta Euskararen Nafar Kontseiluaren tramitea ere gainditu zuen. Orain, baina, blokeaturik dago, ez aurrera, ez atzera. Nafarroako Hitza-k jakin ahal izan duenez, PSNko buruek ez zuten parte hartu plana ontzeko prozesuko ezein bileratan, eta, are, uko egin zioten Euskararen Nafar Kontseilura ordezkari bat bidaltzeari. Horren guztiaren ostean, baina, tramitazio garaia bukatuta eta zuzenketak aurkezteko epemuga iraungita, onartutakoa aldatu nahi izan zuten.

Euskara ikasgairik gabe

Oraingoz, PSNk ez du eman Euskararen II. Plan Estrategikoaren gaineko iritzi ofizialik, baina hartan jasotako zenbait proposameni ezezko borobila eman izan diete alderdiko zenbait kidek. Ikastetxe eta eredu guztietan euskara ikasgaia unibertsalizatzeko proposamenarekin, adibidez, ez dira konforme azaldu PSNko buruak. Marra gorria da.

Izan ere, II. Plan Estrategikoan jasotako proposamenetako bat da Nafarroako haur guztiek izan dezatela euskararekin gutxieneko kontaktu bat. Zehazki, Euskara ikasgaia eredu linguistiko guztietara zabaltzeko aukera “aztertzea” da planak hizpidera ekarri duena —praktikan, G ereduaren desagertzea ekarriko luke horrek—. Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak berehala esan zuen ez zuela asmorik hori aplikatzeko.