Iritzia: Ohiturak aldatzea

Iritzia: Ohiturak aldatzea

Bidatz Villanueva Etxague

Oroitzen dudan urte amaierarik beroena iragan dugu. Gustura egoten zen kanpoan, ia berokiaren beharrik gabe, eta aldi berean, ezinegonari ezin uko egin, tenperaturak asko baitio gizartearen noraezaz. Zuhaitz batzuk jada loratzen hasiak zirela diote berriek, sasoiekin nahasten baita jada natura. Tenperaturaren igoerak eragin ditzakeen hondamendiak ezagunak dira, eta ez hori bakarrik, muturreko egoerak sortzeko arriskua baita, ekosistemen oreka hautsiz.

Ohitura aldaketa andana aipa genitzake kontsumoaren gizarteari irtenbideak bilatzeko, ez dutenak zertan errazak izan behar. Hau da, iruditzen zait ohituak gaudela ahalik eta modu erosoenean bizitzeko pentsaeran, orokorrean erresistentziak daudela ustean eraginik ez dutela uste dugun joerak aldatzeko. Birziklatzea da adibideetako bat, nahiz eta hamaika sentsibilizazio kanpaina egin, oso zaila da gizartearen gehiengoa horretan engaiatzea.

Iaz, Kontuen Ganberak eginiko txosten batean adierazi zuten hondakinen %50 baino gehiago zela errefusa. Halaber, “kutsatzen duenak, ordain dezala” filosofia ezartzea gomendatu zuen, tasak igotzea, alegia. Heziketa nahitaezkoa da, baina bizi baldintzak ere bai. Ahora eramateko ezer ez duenak, zailki hausnartuko du hondakinak bereizteak duen garrantziaz.

Horrek guztiak uzten duen aztarna ekologikoari gehitu nahi diot garraioarena. Izan ere, produkzioak bakarrik ez, errepideko ibilgailuen erabilerak eragiten dituen gasak berotegi efektuaren erantzule diren %20 inguru osatzen dute. Nafarroan gora egin du ibilgailuen kopuruak. Iruñean, mila biztanleko 630 zenba daitezke, eta Tuteran ia 700.

Horren jakitun izanik, mugak asko direla jakinik, herri eta auzoetan autoentzako leku berriak egokitzen jarraitzea ez zait zentzuzkoa iruditzen. Erresistentziak handiak dira ere gai horretan. Iruñeko Pio XII etorbidearen lanek iritzi kontrajarri asko eragin zituzten, autoei espazioa kentzea ez baita oraindik guztiz ongi ikusia. Berdin gertatu da Zizur Nagusian: kexak izan dira Ardoi sektorea urbanizazioarekin lotzen duen bidegorriarengatik, bertara igotzeko bideetako bat kendu baitzuten. Akaso ez da azkar zabalduko bizikletak erabiltzeko ohitura, baina etorkizunean hori bada herria zeharkatzeko modua, garaipen txiki bat izanen da.

Aurrerapauso horri kontrajartzen zaio, ordea, Zizur Nagusiko espazio berde bat autoen mesederako murrizteko proiektuari. Arazo bat bada herrian, ibilgailuz josi delako zentroa, eta bertan aparkatzea ezinezkoa da askotan. Baina Zizur Berdea kolektiboak azaleratu duenez, izan badira aparkalekuak, non eta autoz masifikatutako erdigune horretatik bost minutura. Jakinik klima aldaketaren auzia zertan den, eta kontziente izanik lan horrek ez duela berotegi efektua geldiaraziko, epe laburreko irtenbidea da; logikoa denez, auto gehiagorentzako lekua egiteak, auto gehiago erakarriko dituelako, eta arazoak hor jarraituko du. Iruditzen zait gune berdea suntsitzea baino esanahi handiagoa duela proiektu horrek, zaharkitutako herri eredu baten alde egitea baita, hain nahitaezkoak diren ohituren aldaketei heldu beharrean.