Joserra Amoros Oskoz: “Bilatzen dut animalia bere inguruan edo jarrera jakin batekin erakustea”

Joserra Amoros Oskoz: “Bilatzen dut animalia bere inguruan edo jarrera jakin batekin erakustea”

Pirinioetan lehendabizi, eta Kantauriar mendikatean gero: hartzen eta otsoen bila ibiltzen da Joserra Amoros mendian. Maisu eta alkate izan da behatzaile arantzarra.

Edurne Elizondo

Leongo (Espainia) lurretan eman ditu Joserra Amoros Oskoz maisu ohiak (Arantza, 1958) 2022ko azken egunak, hartzen eta otsoen arrastoen bila. Pirinioetara egin zituen gazte garaian faunari behatzeko lehendabiziko bidaiak, baina Leongo, Asturiasko eta Palentziako (Espainia) mendiak ditu orain bere esparru kutun. Kamera du fauna harrapatzeko tresna, eta Youtube.com/@joserra-amoros-oskoz helbidean zabaltzen ditu objektiboarekin jasotako irudiak.

Asturias, Leon, Palentzia… Nola ezagutu zenituen toki horietako mendiak?

Natura ezagutzeko asmoz egindako lehendabiziko bidaiak Pirinioetara egin nituen, egia erran. Nafarroako eta Aragoiko Pirinioetan anitz ibiltzen nintzen gazte garaian, hogei urte inguru nituenean. Gero hasi nintzen Kantauriar mendikatera joaten; lehendabizi, Asturiasko Somiedora.

Somiedo hartzekin lotu izan da, hain zuzen. Horrek erakarri zintuen?

Garai hartan, toki ezagun samarra zen hartzengatik; espezie horren azken gotorlekua zela erraten zen. Harat joaten hasi nintzen, eta Riañora ere bai, Leonen. Riaño ezagutzen nuen, han aritu zirelako Pancho Purroi eta Tony Clevenger hartzen inguruko ikerketak egiten. Salsero izeneko hartz bati transmisore bat jarri zioten, haren urratsak jarraitu ahal izateko. Horren inguruko jakin-minak eraman ninduen mendi horietara.

Pirinioetara ere hartzaren bila joaten zinen?

Bai, bai. Orduan, Nafarroan oraindik baziren. Baina nik ez nuen inoiz hartzik ikusi Pirinioetan. Arrastoak bai, eta hango herrietako jendearen testigantzak ere jasotzen nituen; hartzen inguruan galdetzen nien. Somiedora eta Riañora joaten hasi, eta Narceako kontzejua deskubritu nuen gero, Asturiasen, eta, azkenik, Palentziako mendiak. Palentziara ere azken hogei urteotan joan izan naiz.

Zer du Palentziak?

Paisaiak eta naturak liluratu ninduten; orain gehiago hitz egiten da Palentziako mendiez, baina ni joaten hasi nintzenean nahiko toki ezezaguna zen. Duela hogei urte, inork ez zuen aipatzen. Orain badu izen bat.

Zeure kabuz ibili zara beti mendian?

Somiedora joan baino lehen, Asturiasko Ricabo izeneko herri batean egin nuen ikastaro bat Fapas talde ekologistarekin. Ordurako, talde horretako bazkide nintzen, eta ikastaro hartan parte hartzera joan nintzen.

Zer-nolako ikastaroa zen?

Hartza ezagutzeko ikastaro bat zen. Fapas taldeko Roberto eta Alfonso Hartasanchez anaiekin egin genituen irteera batzuk, arrastoak bilatzeko. Oroitzapen polita dut, ikastaro horri esker txipa aldatu zitzaidalako.

Zer erran nahi duzu?

Hartzen inguruan ezagutzen ez nituen gauza anitz ikasi nituen. Hartzek badituzte beren ohiturak eta beharrak, eta horiek ezagututa, errazagoa da inguruan egon daitezkeen arrastoak identifikatzea. Adibidez, hartzak zuhaitzetara igotzen direla ikasi nuenean hasi nintzen adarretan uzten dituzten arrastoak bilatzen. Gereziondoetara igotzen dira, adibidez, eta barrurantz apurtzen dituzte adarrak, gereziak jateko.

Naturazaleentzako ikastaro bat zen?

Nahi zuenak parte hartzen ahal zuen; baziren Guardia Zibileko zenbait kide, adibidez. Sepronan sartu nahi zuten, eta ikastaroa eginda puntuak lortzen zituzten. Bitxia izan zen denak han elkarrekin aritzea. Hogei inguru ginen, eta ez nuen bertze inor ezagutzen. Duela 30 urte inguru izan zen ikastaroa!

Anitz aldatu al dira gauzak mendiotan geroztik?

Bai, anitz. Orain, jende gehiago ibiltzen da mendian. Garai hartan, hartzak ikusi ahal izateko behatoki bilakatu diren zenbait tokitan bakarrik egoten ginen. Zenbait toki boladan dira orain, eta besta egun jakin batzuetan jende franko elkartzen da.

Gehiegi?

Akaso, bai. Baina mendia ezagutzen dugunontzat beti badira bakarrik egoteko alternatibak.

Faunari traba egiteko arriskua bada jende anitz biltzen den toki horietan?

Egon daiteke, eta egon daiteke arauren bat zehazteko beharra. Halere, nik uste dut moda hau ere bukatu eginen dela. Sumatzen da nork duen benetako zaletasuna, eta norentzat den hau baliabide turistiko huts bat, nolabait erranda.

Zer erran nahi duzu?

Nik uste dut badela jendea behin halako behatoki batera joan eta berriz itzultzen ez dena. Eta denok dugu mendin egoteko eskubidea, noski. Baina zaletasuna benetakoa denean, helburua fauna behatzea denean, itzuli egiten zara. Zuhurtziaz jokatzea ere beharrezkoa da, eta zenbait tokiren berri ez da eman behar. Kumeak dituen hartz eme bat ikusi baduzu, ez da komeni non dagoen erratea, adibidez. Zaindu egin behar da, trabarik izan ez dezan.

Mendira, beti prismatikoekin?

Bai. Hasieran pisu handiko prismatikoekin ateratzen nintzen, eta argazki kamera txiki batekin. Argazkiak ez ziren onak izaten! Animalia irudian identifikatzea ere zaila izaten zen!

Hartzen, otsoen eta bertze animalia anitzen irudiak jartzen dituzu orain sare sozialetan. Irudiak lortzeko gogoa ere handitu egin zaizu?

Bai. Bertzeek zer egiten duten ikusita ere ikasten duzu. Teleskopioa erosi nuenean, jendeak haren bidez argazkiak egiten zituela ohartu nintzen. Bide horretan hasten zara, eta kamera, prismatiko eta teleskopio hobeak bilatzen dituzu.

Argazki on baten bila?

Ni ez naiz argazkilari ona, eta ez dut bilatzen ere argazki onak egitea; izan ere, argazki onak eginak daude, eta ezin dira hobetu. Niri gustatzen zait argazkiaren bidez animaliari buruzko informazioa ematea; hori bilatzen dut: animalia hori bere inguruan edo jarrera jakin batekin erakustea.

Hartz arrea. Anitz dira Joserra Amoros Oskozek azken hamarkadetan mendian ikusitako hartzak. Argazkikoa da haietako bat. Asturiasen (Espainia) egin zuen behatzaileak irudia, apirilean. JOSERRA AMOROZ OSKOZ

Gogoan al duzu ikusi zenuen lehen hartza?

Bai. Kostatu egin zitzaidan! Mendira joaten hasi, eta hogei urtez arrastoak bertzerik ez nituen ikusi! Asturiasen ikusi nuen lehendabiziko hartz hura. Sarrio bati begira aurkitu nuen. Bertze animaliek ematen dizute, anitzetan, hartzaren berri, lehen aldi hartan bezala.

Natura duzu zaletasun, baina maisu aritu zara, erretiroa hartu arte. Bokazioz?

Gustura aritu naiz, bai. Baina biologia edo albaitaritza egiteko asmoa ere izan nuen gazte garaian, egia erran. Irakasletza Donostian ikasi nuen, eta ikasketak amaitu bezain pronto eskaini zidaten lana. Errenterian [Gipuzkoa] aritu nintzen lehen urtean; euskarazko irakaskuntza publikoa orduan hasi zen.

Arantzan eta Lesakan egon zinen gero. Arantzakoa zara zu. Zer ematen dio eskola batek zurearen gisako herri txiki bati?

Arantzan 32 urtez egon nintzen. Ikasle ohien umeak ere izan ditut ikasle. Hagitz gustura aritu naiz herrian. Herri txikiek behar dute bizia, eta eskolak hori ematen du. Arantzan haur eta gazte anitz bada oraindik ere.

Arantzako maisu, bai eta alkate ere. Nolatan erabaki zenuen politikan aritzeko urratsa egitea?

Bertze batzuek animatuta egin nuen urrats hori. Zortzi urtez izan nintzen alkate, 1995etik 2003ra. Gustura aritu nintzen udaletxean. Anitz ikasi nuen. Talde independentea ginen lehen legegintzaldian, eta Euskal Herritarrok taldearekin aurkeztu ginen bigarrenean.

Esperientzia ez zen txarra izanen, bigarrenez aurkeztea erabaki bazenuen, ezta?

Talde osoak segitu zuen, eta, egia erran, uste dut bi legegintzaldi behar direla proiektuak garatzeko. Lau urte gutxi dira, administrazioak mantso funtzionatzen baitu. Lehen legegintzaldiak balio du hazia ereiteko, eta bigarrenak, fruitua jasotzeko. Baserrietako bide gehienak berritu genituen, eta beste lan anitz egin genituen. Herri txikietan, denek hartu beharko lukete udalaren ardura, txandaka. Bizpahiru legegintzaldi egin, eta utzi. Karguari urte luzez eustea ere ez zait egokia iruditzen.

Hirugarrenez aurkezteko asmoa zenuen?

Bai. Baina Espainiako Gobernuak alderdien legea onartu zuen, eta ilegalizazioen bidea hasi zen. Egia erran, zortzi urtez alkate gisa egindako lana oroitu nahi dut nik; hori gorde nahi dut, eta esperientzia txarrak bazter utzi.

Txarrak bazter uzteko toki aproposa da mendia?

Bai. Hartza eta otsoak ikusten ez badituzu ere, hegaztiak, intsektuak, landareak eta beste ere badaude, haiei behatzen gozatzeko. Gero eta gutxiago daude, halere. Zenbait menditara joan, eta gero eta hegazti gutxiago entzuten da. Mehatxuak ez dira gutxi, baina prismatikoak hartuta mendira joateak betetzen nau, oraindik ere.

MOTZEAN

Zenbatu dituzu ikusi dituzun hartzak? Hartza berrehun bat aldiz ikusi dut.

Otsoa ala hartza, zein nahiago duzu ikusi? Hartza.

Prismatikoak ala teleskopioa? Prismatikoak.

Animaliei behatzeko, egunsentia ala ilunabarra? Egunsentia.

Zein animaliaren argazkia ez duzu lortu oraindik eta nahiko zenuke egin? Basoilarrarena.