Trantsizio garaiko kameleoiak

Trantsizio garaiko kameleoiak

Mikel Buenok PSNren eta Nafarroako UGT sindikatuaren bilakaera ikertu du ‘Nos llamarán chaqueteros’ liburuan, batez ere 1974tik 1982ra bien barruan egondako aldaketa ideologikoa.

Itsaso Jauregi

1981eko ekaina. Nafarroako Talde Sozialistaren ezohiko eskualde kontseilu bat egin zen, hurrengo mintzagaia oinarri gisa hartuz: Nafarroa eta EAEren banaketa. Ordura arte, bateratzea bere egituran zentzu islatzen zuen Nafarroako Talde Sozialista Euskadiko Alderdi Sozialistaren barruan zegoen. Hala ere, kontseilu horretan bereizketaren hazia landatu zuten lehenengo aldiz. Aurkeztu zen manifestu nabarrista ez zuten ongi hartu kide guztiek: “Lehen A esaten genuen, gero B. Orain, ez A ez B. Kameleoi deituko gaituzte”, esan zuen Ribaforadako Taldeak.

Kontseilu horretan Nafarroako Talde Sozialistak larrua aldatu zuen. Hala ere, aldaketa ideologiko hori ez zen bat-batean gertatu, prozesu horretan funtsezkoak izan ziren hainbat aurrekari eta protagonista baitaude. PSOEren eta UGTren aldaketa ideologikoari buruzko galderetara hurbiltzeko asmoz, Mikel Bueno historialariak (Iruñea, 1984) Nos llamarán chaqueteros liburua argitaratu du.

Nafarroan ez zegoenez PSOEren historiari buruzko ikerketa akademikorik, idazleak zailtasunak izan zituen

dokumentazioa aurkitzeko: “Ez nuen dokumentu askorik aurkitu, eta batzuk ezin nituen eskuratu. Baina hori gertatuko zela banekienez, elkarrizketak izan ziren nire informazio iturri nagusia”. Buenok 50 elkarrizketa egin zituen idatzizko iturriekin lortzen ez zuena osatzeko; 1974-1982ko garaiko protagonistekin hitz egin zuen. Protagonista batzuekin, behintzat.

Nafarroako Talde Sozialistaren eraldaketan eragina izan zuten hiru aktorek ez zuten elkarrizketarik eskaini: Gabriel Urralburuk, Jose Antonio Asiainek eta Alfonso Guerrak. Urralbururen ezezkoa zeharka jaso zuen idazleak, bere ezagun baten ahotik; besteenak, berriz, argi eta garbi jaso zituen: “Jose Antonio Asiainekin elkartu nintzen bere bulegoan, eta hasieran esan zidan elkarrizketa egiteko prest zegoela, baina gero ez zituen nire mezuak erantzuten. Eta Alfonso Guerrari galdetegi bat bidali nion, eta erantzun zidan galderen zergatia ez zuela ulertzen”, azaldu du Buenok. Nahiz eta erantzunik ez jaso, PSOEren ibilbidea aztertzen jarraitu zuen, aldaketaren inflexio puntua aurkitu nahian.

Marxista, anti-inperialista, autodeterminazio eskubidearen aldekoa eta langileriaren diktaduraren babesle: horrela definitu zuen PSOEk bere burua 1976an egindako XXVII. Kongresuan. Errealitatea bestelakoa zen. Bai Espainian eta baita Nafarroan ere, haustura demokratikoaren aldekoak PSOE alderditik kanporatu zituzten. Madrilen laguntzarekin, Nafarroako sozialismoaren eta sektore iraultzailearen buruzagiak kanporatu zituzten, erakunde troskista bateko kide izatea faltsuki leporatuz. “Ezin zen onartu diktaduratik gauzatzen ari zen erreformaren aurka zeuden PSOEko diputatuak egotea”, esan du idazleak. Alegia, ezkerreko alderdi moderatua izatea baina erreforma zalantzan jarri gabe.

Nabarrismoaren alde

Zuzendaritzaren tesiekin bat ez zetozenen aurkako erasoek eragina izan zuten UGT sindikatuan ere. Arabako eta Nafarroako sindikatuak, Moncloako Itunarekin ados ez zeudenez, zigortuak izan ziren, eta Euskadiko Alderdi Sozialistak agindutakoa betetzen ez zuen militantzia iraultzailea baztertua izan zen. “Hori guztia sindikatua bera suntsitzearen truke”, esan du Buenok .

Atzean geratu zen 1976ko kongresuan bere burua marxista, anti-inperialista eta autodeterminazio eskubidearen aldeko gisa definitu zuen alderdia, aro berri bati hasiera emanez.

Nafarroaren autonomiaren alde. Integrazioaren kontra. Hori izan zen 1981eko eskualde kontseiluaren lelo nagusia. Nafarroako Talde Sozialistak Euskadiko Alderdi Sozialistatik atera nahi zuen, eta alderdi propioa sortu. Aurretik bazegoen nabarrismoaren joera, idazlearen arabera; batez ere, Jose Antonio Asiain eta Tuterako Talde Sozialistako sektore garrantzitsu batean. Hala ere, Euskadiko Alderdi Sozialistan mesfidantza nagusitu zen, eskuinak alderdian izango zuen etorkizunaren beldur zirelako. Hiru orduko eztabaidaren ondoren, kontseiluko 27 ordezkariek adostu zuten Nafarroako autonomiari buruzko ebazpena. Desadostasunak sortu baziren ere, 1982an Nafarroako Alderdi Sozialista sortu zen, Euskaditik bereiziz eta nabarrismoa besarkatuz.

Nabarrismo horren oinarriak Foru Hobekuntzak finkatu zituen. Nafarroako Foruaren Hobekuntzak foru erregimenaren jarraipen historikoa bermatzen du, Nafarroako herriaren irtenbide autonomiko berezi gisa. “PSN eta UPN Foru Hobekuntzaren eragileak dira. Bi oinarriak indartsuak badira, erregimen politikoa mantentzen da”, esan du Buenok. Foru Hobekuntza 1982tik dago indarrean, eta lehenengo artikuluan adierazten da Nafarroa Espainiako nazioaren parte dela, gaztelania hizkuntza ofizial gisa aurkezteaz gain. “PSOE 1978ko erregimenaren alderdia bada, PSN Foru Hobekuntzaren ordezkaria da”, adierazi du idazleak.

Historialariaren arabera, zortzi urte horietan gertatutakoaren ondorioak gaur egun ikus daitezke: “Jende arruntak bizi izan du PSOEk Nafarroan ideologia aldatzeko prozesu hori, eta hori ikertzea eta ezagutaraztea oraina ulertzeko modu bat da”.