Egiturazko konponbideen zain

Lehen arretaren egoerari buruzko kezka ez da oraingo kontua; arazoak okerrera egin du zenbait tokitan, ordea, eta gora egin du osasungintzako profesionalen eta herritarren haserreak. Bortzirietan, adibidez, pediatrarik ez dute, eta dagozkien zazpi mediku eta erdietatik lau bertzerik ez daude lanean.

Edurne Elizondo

Berandu. Hitz horrek laburbiltzen du Bortzirietako alkateek lehen arretari buruz duten kezkaren mamia: Nafarroako Gobernua berandu dabil eskualde horretako osasungintzak dituen arazoak konpontzeko orduan. Izan ere, Bortziriei dagozkien zazpi mediku eta erdietatik lau bertzerik ez daude lanean. Abenduan Lesakako pediatrak erretiroa hartu zuen, eta, geroztik, haurrak artatzeko medikurik ez dago eskualdean. Bortzirietako alkateak hedabideen aurrean agertu ziren abenduan, Lesakan, konponbideak exijitzeko. Oinarria kolokan dela salatu dute.

“Sakanan ere, pediatrarik gabe gaude. Egoera horrek eragin du herritarron kezkak gora egitea”, erran du Sakanakako Osasun Publikoaren Aldeko Plataformako kide Gurutze Arregik. Altsasuko, Ziordiko eta Olatzagutiko herritarrak artatzen ditu Altsasuko osasun etxeak; zazpi mediku eta erdi dagozkie, baina azken hilabeteotan, oro har, bat edo bi izan dituzte. “Astelehenean sei izan ziren; asteartean, berriz, lau. Aparteko orduak egitera etortzen dira batzuk, baina behin betiko konponbiderik ez dugu”, erantsi du Arregik.

Arazoa egiturazkoa dela garbi du altsasuarrak; Bortzirietan ere zalantzarik ez dute horri buruz, eta aspalditik ari dira, ondorioz, erretiroa hartu behar zuten medikuentzat ordezkoak eskatzen. 2008tik, hain zuzen, Lesakako osasun etxea handitzeko proiektu bat bada, baina Nafarroako Gobernuak gaia bazter utzi du, geroztik.

Sakana eta Bortziriak ez dira salbuespena herrialdean, eta lehen arretaren esparruan dauden gabeziak agerian utzi dituzte hango eta hemengo herritarrek, behin eta berriz. Nafarroako Osasun Plataformak jaso eta zabaldu ditu kezka horiek, azken urteotan. Plataforma horretako kide Marisol Saiz-Ajak 2008ko krisi ekonomikoaren aitzakian egindako murrizketak oroitu ditu, eta pandemiarekin egoerak okerrera egin duela nabarmendu du. Horregatik, mobilizazioak antolatzeko aukera aztertzen ari da plataforma. Gaur, hasteko, hedabideen aurrean agertuko dira plataformako arduradunak, udaletan aurkeztuko dituzten mozioen berri emateko: “Herritarren eskubideak eta osasun sistema publikoa babes eta berma ditzatela eskatuko dugu”.

Nafarroako Medikuen Sindikatuak, berriz, grebaren alde egin du: greba mugagabera deitu du, otsailaren 1etik aurrera, oinarrizko arretan eta arreta espezializatuan, “egungo lan baldintza kaskarrak” hobetzeko asmoz. Nafarroako Gobernuaren negoziatzeko “borondaterik eza” salatu dute sindikatuko arduradunek.

Bortzirietako alkateek zenbait bilera egin dituzte Nafarroako Gobernuko Osasun Zuzendaritza Nagusiko arduradunekin. Igantziko alkate Juankar Unanuak ez du uste baikor izateko arrazoirik dagoenik, ordea. Urrian, Bortzirietako osasun langileak sinadurak biltzen aritu ziren, Igantziko eta Arantzako medikuak erretiroa hartu eta gero, herriotan medikurik gabe gelditu zirela salatzeko.

Nafarroako Osasun zuzendari nagusi Carlos Artundorekin eta Nafarroa Garaiko Lehen Arretarako eta Laguntza Jarraipenerako zuzendariorde Susana Mirandarekin abenduan egindako azken bileran, urtarrilaren 9tik aurrera Igantzin eta Arantzan ordezko medikua izanen zutela ezagutarazi zieten alkateei. Urtarrilaren 10ean, Unanuak baieztatu zuen “medikuaren zain” segitzen zutela herriotan. “Haserre gaude, aspalditik bazekitelako hau gertatuko zela, eta ez dugu ulertzen zergatik ez duten deus egin. Orain adabakiak bertzerik ez daude”.

“Egoerarekin nekatuta gaude, batez ere, atzera egiten dugula ikusten dugulako”, azaldu du Lesakako alkate Ladis Satrustegik. Hark garbi du konponbidea ez dela erraza, baina erantsi du ezin dutela deus egin gabe gelditu, egoerak “okerrera” egiten duen bitartean. “Norbaitek zerbait egin beharko du”. Horregatik erabaki zuten abenduko agerraldia egitea.

“Arazoa egiturazkoa dela, ez dela bakarrik hemengo kontu bat, eta medikuak falta direla erraten dute Nafarroako Gobernuko arduradunek”. Horregatik, hain zuzen ere, egungo egoera ezusteko bat ez delako, neurriak aspaldi hartu behar izan zirela nabarmendu du Lesakako alkateak. Plangintzarik eza utzi du agerian, eta herritarrak direla mediku faltaren ondorioak pairatzen dituztenak.

Landa eremuetan arazoa are larriagoa dela uste du Satrustegik. “Ez dakit inbertsio kontu bat den edo legedia aldatu behar ote den, baina Nafarroako Gobernuari dagokio urratsak egitea”. Osasun Departamentuko arduradunek asteon ezagutarazi dute zenbait urrats egin dutela, hain zuzen. Bortzirietako mediku falta “azken asteotako ustekabeko egoeren” ondoriotzat jo dute, eta azaldu dute “mediku familien zerbitzua lehengoratu” dutela. Onartu dute, baina, lau mediku bertzerik ez daudela. Pediatrari buruz, Osasun Departamentuko kideek aipatu dute erretiroa hartu berri duen profesionalak artatuko dituela haurrak, astean bitan. “Lanean segitzen dugu, gainerako eragileekin koordinatuta”.

Aurrekontuak

“Nafarroako Gobernuak ez du deus egiten”, berretsi du Sakanako Osasun Plataformako Gurutze Arregik. Marisol Saiz-Ajak ere kritikatu du Osasun Departamentuaren jarrera. 2023rako onartutako aurrekontuak jarri ditu erdigunean; Osasun Departamentuak 1.332 milioi euroren saila jasoko du; iaz baino %5,6 gehiago, alegia. Lehen arretarentzako kopuruak, baina, behera egin du: 148 milioi euro izan zituen 2022an, eta 144 izanen ditu aurten.

“Europatik erraten digute osasun esparruko aurrekontuen %25 jaso beharko lukeela, gutxienez, lehen arretak; ez gara %15era ailegatzen ere. Oinarria ez dute zaintzen”, salatu du Saiz-Ajak.

Bortzirietan, behin betiko konponbide baten zain segitzen dute. Bitartean, erabaki dute kontsultak Lesakako osasun etxean zentralizatzea, eta bermatzea mediku bat izanen dela etxez etxe ibiltzeko, mugitzeko zailtasunak dituztenak artatzeko.

 

Ā«Uste dut sistemak huts egin duela bere gabeziak kudeatzeko moduanĀ»

Ruth Gonzalez. Berako eta Etxalarko medikua.

Lesakako Lehen Arretarako Osasun Eremuko zuzendari izan da Ruth Gonzalez zazpi urtez. Dimisioa eman berri du, Osasun Departamentuko agintariengan konfiantza galdu duelako. Bortzirietako egoera salatu du.

E. Elizondo

Sumatzen zaio etsipena ahotsean. Dimisioa eman, eta Lesakako Lehen Arretarako Osasun Eremuko zuzendari lana utzi berri du Ruth Gonzalez medikuak (Valladolid, Espainia, 1969). Beran bizi da, eta herri horretako eta Etxalarko sendagilea da; “konpromiso” horri eutsi nahi dio. Nafarroako Gobernuaren kudeaketa kritikatu du: “Ez dugu babesik jaso”.

Idatzi duzu dimisioa eman duzula konfiantzarik ez duzulako jada Nafarroako Osasun Zerbitzuko arduradunengan. Zerk eragin du egoera hori?

Zazpi urtez izan naiz zuzendari. Lehen arretaren eta osasun sistema publikoaren defendatzaile sutsua naiz. Egoerak, baina, okerrera egin du. Konfiantza galdu dut, uste dudalako sistemak huts egin duela bere gabeziak kudeatzeko moduan. Garai batean izan dira mahai gainean sistema hobetzeko planak eta profesionalen elkarlana sustatzeko borondatea, baina hori guztia hutsean gelditu da. Orain lehentasuntzat dute ateak zabalik segi dezala, herritarrak artatzea, baina kontuan hartu gabe arreta hori non edo nola egiten den, profesionalen lan karga edo zerbitzuaren kalitatea kontuan hartu gabe.

Bertzelakoak dira lehentasunak, zure ustez?

Nik uste dut lehen arretaren lehentasun izan behar dutela prebentzioak eta gaixo kronikoei eman beharreko arretak.

Esparru horietan huts egiten ari da sistema?

Ez dago denborarik eta baliabiderik lan hori egiteko. Osasuna kontsumorako ondasun bilakatu da; gu, ordea, ez gara supermerkatu bat. Gure zeregina da prebentzioa lantzea, gaixo kronikoak artatzea, lan egitea gure gaixoek gaitasunak gal ez ditzaten, diagnosiak ahalik eta azkarren egitea, eta espezialistekin elkarlanean aritzea.

Arazoa egiturazkoa dela onartu du Nafarroako Gobernuak. Berandu dabiltza?

Arazoa erdigunean dago aspalditik; aspalditik jakina zen erretiroa hartuko zuten medikuek ordezkorik ez zutela izanen. Lantaldeak gero eta zaharragoak dira. Nik badakit konponbidea ez dela erraza, baina, era berean, badakit medikuok ezin dugula orain arte bezala jarraitu.

Landa eremuan arazoa are larriagoa da?

Arazoa da landa eremuan gerta daitekeenari buruzko aurreikuspenik ez dagoela. Orain medikuak behar dira; lan merkatura sartzen direnek aukera dute nora joan nahi duten erabakitzeko, eta, noski, inork ez du landa eremura joan nahi. Jendeak etxetik hurbil egon nahi du.

Betetzeko zailagoak izan daitezkeen lanpostu horiek erakargarriago bilakatzea da kontua?

Herritar guztiek dute kalitatezko arreta jasotzeko eskubidea, non bizi diren kontuan hartu gabe. Nafarroako Gobernuak sustatu beharko luke landa eremuko lanpostu horiek betetzea. Gure kasuan, Gipuzkoatik gertu gaude. Baina zaila da hango profesionalak gurera etortzea, Osakidetzako soldatak hobeak direlako. Dena ez da dirua, noski. Gure lantaldean, adibidez, giroa paregabea da, eta horrek balio handia du.

Administrazioak ez duela zuen lana behar bezala aitortu erran duzu. Bazter utzita sentitu zarete?

Gu saiatu gara egunero gure onena ematen, eta dagokigun baino lan gehiago egiten, dauden hutsuneak suma ez daitezen. Baina ez dugu trukean kudeatzaileen babesa jaso. Nik ezin dut jarraitu lantaldeari gehiago egin dezan exijitzen. Horregatik eman dut dimisioa.