Olatz Azpirotz Larzabal
Selim-pia Elcazaok bere zopa edaten duen bitartean, Olentzerok bere eta Larancha-laren alkandoraren artean antzekotasunak nabaritu ditu. Aldi berean, sukaldeko sutondoan, Esther Arata Joshemiguelerico kontsolatzen dabil, berak ez baitu egungo zurikeriaren arduraduna denik uste. Taloak prest.
Mari Domingi eta Joshepamundaren hatzak zimeltzen direlarik, garai batean euskal sukaldeetara soilik mugatuak zeuden hizkera eta karta-jolasak oroitzen dabiltza. Ezkerraldean dagoen atetxoa gurutzatuta, berriz, Toko-toko eta Braulia Tlalocki aspaldiko luma leun eta arimak zain ditzala eskatzen dabiltza.
Guerdiaz azkar konturatu dira; gaita, txistu, alboka eta danborren konpasak hasi dira, eta Napoleon buruhandiaren harridura aurpegia nabarmentzekoa da: Berrugon eta galtzagorri txikia eztabaida sutsuan dabiltza, Patata sei zaldikoekin barre bizian dabil goma-apar gerran eta Barbas eta Coletas prismatikoekin Jentilen bila ari dira. Hamabiak dira, ordea, eta saltoka zein oinak herrestatuz igotako aldapa jaisteko ordua dela ikusi dute. Torlojuak, artaziak, zeloa, badaezpadako botikina eta zenbait pintura poto zakuan sartuta bideari ekin diote.
Mina egingo diela badakite, odolik ez, baina segur aski esmaltea eta berniza kraskatuko zaiela badakite, horrelakoetan beti baitago figura ahul dezakeen zerbait gertatzeko arriskua. Hirira iritsi eta erdigunerako bidea debekatuta daukatela zekitenez, gorputz-atalak izanetik desitsasten hasi dira. Klak. Ai! Patata ez sartu poltsikoan zure kideen hatzik! Belauna kraskatu zait, joder!
Horrela, dantzatzeko eta presentzia egin ahal izateko bihurtu dira txiki eta zatikatu. Bidaiaren amaierara heltzean berriz muntatu eta udaletxera doan San Domingoko aldapa hartu dute, baina bat-batean ezinegonak urduri jarri, eta guztiak pauso arinarekin igotzen hasi dira; hori bai, ilaran eta espaloitik, aurrekoa ez jausteko errezoka.
Behin udaletxera iristean, berriz, biraka dantzatzeko, korrika egiteko, ikatz pikorrak zoruko marmol zurian botatzeko, koloreztatzeko eta joare soinuak zabaltzeko hautua hartu dute, nahiz eta jakin badakite, ziur aski, zigorra heltzear dutela. Berdin die; bideak, desmuntatzeak eta muntaketak asko nekatu dituelako.
Aspalditik ezagutzen dugu espaloia; txikitan bertan babestuta geundela esaten ziguten, eta, agian, horregatik, albo-kalteak saihesteko usteagatik, hartu genuen hura toki egonkor gisa. Gabonotan espaloitik ibili naiz, aurrekoa ez jausteko errezoka, hori gertatuz gero, espaloiak dakarren ikusezintasunean ni ere lurrera joanen nintzelako jakin banekielako.
Gabonotan espaloitik joan behar izan dut, galtzada gure kulturari ukatua izan delako. Ezin izkin egin ordea kabitu ezinari, eta ez, iazko udaberrian ere ez ginen espaloietan kabitu.
Giza haragizkoak garen heinean desmuntaezinak gara, eta ezin gaitezke galtzada zapaltzeko aukera izateko zatikatu; baina eskerrak, desmuntatu gabe ere, kulturak, dantzak eta hizkuntzak kaleak aldiro bete egiten dituztela.
Espazioa gara, eta hura betetzen ikasi behar izan genuen aspaldi.