Berriozarko Udaleko Bizikidetzaren eta Memoria Historikoaren Batzordeak herriko eskolaren historia jaso du liburu batean, ikastetxeak ehun urte bete dituela oroitzeko.
Edurne Elizondo
Hezkuntza eta historia eskutik helduta doaz Berriozar definitzeko orduan”. Horixe idatzi du Berriozarko Udaleko Bizikidetzaren eta Memoria Historikoaren Batzordeko buru Xabier Lasak, Berriozar. Eskola publikoak ehun urte izenburuko liburuan. Batzorde horrek sustatu du lana, eta Pamiela etxeak argitaratu berri du, euskaraz eta gaztelaniaz.
Esaldi horren bidez, Lasak nabarmendu nahi izan du herriak azken mendean izan duen garapenaren funtsezko pieza bat izan dela eskola, eta hezkuntzaren esparrutik at ere anitz eragin duela Berriozarko gizartean.
Bilakaera horretan, hain zuzen ere, bi etapa daudela azaldu du Lasak, eta batetik bertzerako jauziak herritarren egunerokoan ez ezik, eskolan ere izan zuela isla. Izan ere, Berriozar landa eremuko herri bat zen duela ehun urte, herriko eskola publikoa sortu zutenean. 1960ko hamarkadan, baina, industrializazioaren bultzada sumatzen hasi ziren herrian, eta, Andaluziatik (Espainia) lan bila etorri ziren herritarren eskutik ere, Berriozarko gizartea aldatzen hasi zen. “Andaluziatik etorri ziren herritarrei harrera egiteko gune bat izan zen eskola; beharra zuten herritarrak lagundu zituen”, erran du Xabier Lasa zinegotziak.
Liburua eta dokumentala
Berriozarko Udalak eskolari buruz egindako liburua lan kolektibo bat da. Xabier Lasak koordinatu du, baina berrogei pertsona inguruk parte hartu dute. Duela urte eta erdi bat hasi ziren lantzen. Izan ere, 1921. urteko abuztuan bete ziren ehun urte Berriozarko lehen eskola publikoa eraiki zenetik. Liburua ez da izan udalak ikastetxearen historia oroitzeko eta jorratzeko bultzatu duen lan bakarra, gainera: dokumental bat ere egin dute, Bizikidetzaren eta Memoria Historikoaren Batzordeak bultzatuta. Ordu bateko lana da, eta Asier Iriarte, Ekhiñe Aizkorbe eta Unai Ioldi Berriozarko gazteek egin dute. Eskolarekin harremana duten edo izan duten zenbait herritarren hitzak jaso dituzte. “Liburua eta dokumentala bi lan ezberdin dira, baina, zalantzarik gabe, elkarren osagarri. Ikus-entzunezkoak duen ikusgarritasuna ez da liburuan, baina idatzizko lanak sakontasuna eskaintzen du”, azaldu du Lasak.
Liburuak, hain zuzen, Nafarroako hezkuntzaren testuinguruan txertatzen du Berriozarko eskolaren historia. Landa eremu bateko eskola izan zen hasieran, eta frankismoa garaian joera “dogmatiko eta doktrinatzailea” izan zuela nabarmendu du Lasak. Berriozarko zinegotziak oroitu du Ezkabako ihesaldia gertatu zenean, 1938an, Artikan atxilotutako lau iheslari Berriozarko eskolan itxi zituztela gau batez, eta handik atera zituztela, biharamunean, fusilatzera eramateko.
1960ko hamarkadatik aurrera, eskola txiki gelditu zen populazioak gora egin ahala. “1970etik 1975era, baldintzak oso kaskarrak izan ziren. 1975ean, azkenean, oraingo Mendialdea eskola eraiki zuten”. Garai hartakoa da eskolan sortutako lehendabiziko guraso elkartea: 1976koa, hain zuzen ere. “Guraso elkartean ziren zenbait herritar Berriozarko herri mugimenduan ere ari ziren; eskolaren eragina gizarte osora zabaldu da”. Lantxotegi elkartearen sorrera da eragin horren adibideetako bat; 1983an abiarazi zuten, garaiko gazteriak
zituen arazoek kezkatuta.
1984an, berriz, D eredua eskatzen hasi ziren Berriozarko eskolan. “Hasieran, talka bat egon zen; gaztelaniazko irakasle askok arrisku baten gisa hartu zuten. Denborak aurrera egin ahala, oreka bat lortu da, eta bi ereduak elkarrekin eta elkarlanean aritzen dira, askotan”, kontatu du Xabier Lasak.
2010ean, DBHko institutua eraiki zuten Berriozarren. Liburuak ere jaso du horren berri, eta aurrera begirako erronkak jarri ditu erdigunean; bertzeak bertze, bizikidetza, ingurumena eta berdintasuna.
Argazkiak: ‘Berriozar. Eskola publikoak ehun urte’ liburukoak.