Lesakako Lehen Arretarako Osasun Eremuko zuzendari izan da Ruth Gonzalez zazpi urtez. Dimisioa eman berri du, Osasun Departamentuko agintariengan konfiantza galdu duelako. Bortzirietako egoera salatu du.
E. Elizondo
Sumatzen zaio etsipena ahotsean. Dimisioa eman, eta Lesakako Lehen Arretarako Osasun Eremuko zuzendari lana utzi berri du Ruth Gonzalez medikuak (Valladolid, Espainia, 1969). Beran bizi da, eta herri horretako eta Etxalarko sendagilea da; “konpromiso” horri eutsi nahi dio. Nafarroako Gobernuaren kudeaketa kritikatu du: “Ez dugu babesik jaso”.
Idatzi duzu dimisioa eman duzula konfiantzarik ez duzulako jada Nafarroako Osasun Zerbitzuko arduradunengan. Zerk eragin du egoera hori?
Zazpi urtez izan naiz zuzendari. Lehen arretaren eta osasun sistema publikoaren defendatzaile sutsua naiz. Egoerak, baina, okerrera egin du. Konfiantza galdu dut, uste dudalako sistemak huts egin duela bere gabeziak kudeatzeko moduan. Garai batean izan dira mahai gainean sistema hobetzeko planak eta profesionalen elkarlana sustatzeko borondatea, baina hori guztia hutsean gelditu da. Orain lehentasuntzat dute ateak zabalik segi dezala, herritarrak artatzea, baina kontuan hartu gabe arreta hori non edo nola egiten den, profesionalen lan karga edo zerbitzuaren kalitatea kontuan hartu gabe.
Bertzelakoak dira lehentasunak, zure ustez?
Nik uste dut lehen arretaren lehentasun izan behar dutela prebentzioak eta gaixo kronikoei eman beharreko arretak.
Esparru horietan huts egiten ari da sistema?
Ez dago denborarik eta baliabiderik lan hori egiteko. Osasuna kontsumorako ondasun bilakatu da; gu, ordea, ez gara supermerkatu bat. Gure zeregina da prebentzioa lantzea, gaixo kronikoak artatzea, lan egitea gure gaixoek gaitasunak gal ez ditzaten, diagnosiak ahalik eta azkarren egitea, eta espezialistekin elkarlanean aritzea.
Arazoa egiturazkoa dela onartu du Nafarroako Gobernuak. Berandu dabiltza?
Arazoa erdigunean dago aspalditik; aspalditik jakina zen erretiroa hartuko zuten medikuek ordezkorik ez zutela izanen. Lantaldeak gero eta zaharragoak dira. Nik badakit konponbidea ez dela erraza, baina, era berean, badakit medikuok ezin dugula orain arte bezala jarraitu.
Landa eremuan arazoa are larriagoa da?
Arazoa da landa eremuan gerta daitekeenari buruzko aurreikuspenik ez dagoela. Orain medikuak behar dira; lan merkatura sartzen direnek aukera dute nora joan nahi duten erabakitzeko, eta, noski, inork ez du landa eremura joan nahi. Jendeak etxetik hurbil egon nahi du.
Betetzeko zailagoak izan daitezkeen lanpostu horiek erakargarriago bilakatzea da kontua?
Herritar guztiek dute kalitatezko arreta jasotzeko eskubidea, non bizi diren kontuan hartu gabe. Nafarroako Gobernuak sustatu beharko luke landa eremuko lanpostu horiek betetzea. Gure kasuan, Gipuzkoatik gertu gaude. Baina zaila da hango profesionalak gurera etortzea, Osakidetzako soldatak hobeak direlako. Dena ez da dirua, noski. Gure lantaldean, adibidez, giroa paregabea da, eta horrek balio handia du.
Administrazioak ez duela zuen lana behar bezala aitortu erran duzu. Bazter utzita sentitu zarete?
Gu saiatu gara egunero gure onena ematen, eta dagokigun baino lan gehiago egiten, dauden hutsuneak suma ez daitezen. Baina ez dugu trukean kudeatzaileen babesa jaso. Nik ezin dut jarraitu lantaldeari gehiago egin dezan exijitzen. Horregatik eman dut dimisioa.