Zabalik da, hilabete osoan, Topagunearen Mintzakide egitasmoan izena emateko epea

Xedea da euskara ikasten ari direnei mintzapraktika egiteko aukera eskaintzea. Parte hartzaileek bi rol bete ditzakete: bidelagun edo bidelari.  ‘Irunerrikomintzakide.org’ helbidean daude argibideak.

Edurne Elizondo

Martxan da Topagunearen Mintzakide egitasmoa, Iruñerrian: hilabete osoan zabalik izanen da izena emateko epea, Irunerrikomintzakide.org helbidean. Datorren otsailetik aurrera, taldeak osatuko dituzte antolatzaileek, euskara ikasten ari direnek mintzapraktika egiteko aukera izan dezaten.

Hori da Mintzakide egitasmoaren helburua, hain zuzen ere, Topaguneko arduradunek azaldu dutenez: euskararen erabilera sustatu nahi dute, ikasten ari direnei trebatzeko tresnak eskainiz. Garbi erran dute Mintzakide egitasmoaren xedea ez dela euskara eskolak ematea, edo elkarri zuzentzea. “Euskaraz hitz egiteko lotsa galtzea da kontua”, azaldu dute.

Horretarako, Mintzakide egitasmoak talde txikiak osatuko ditu, lau eta sei pertsona artekoak, hain zuzen; laukoa da gutxieneko kopurua, baten batek huts egiten badu gainerakoek mintzapraktika egin ahal izateko, eta seikoa gehienezkoa, denen parte hartzea bermatzeko.

Talde horietan parte hartzen dutenek ez dute rol bera betetzen: izan daitezke bidelagun, edo bidelari. Bidelagunak dira euskaraz hagitz ongi moldatzen diren hiztunak; kide bat dago talde bakoitzean, eta haiei dagokie taldearen ardura, hain zuzen. Bidelariak dira, berriz, euskara ikasten ari direnak, eta mintzapraktika behar dutenak ahozkotasunaren esparruan trebatzeko.

Taldeak astean behin elkartzen dira. Parte hartu nahi dutenek azaldu behar dute zer rol bete nahi duten, Iruñerriko zer herritan edo Iruñeko zer auzotan aritu nahi duten, zer adin duten eta zer euskara maila daukaten, izena ematen dutenean. Datu horiek guztiak kontuan hartu, eta haien arabera antolatzen ditu Topaguneak taldeak.

Hamabi urtez parte hartzen

Soka luzeko egitasmoa da Mintzakide, eta Topaguneak martxan jarri zuenetik ehunka herritarrek parte hartu dute. Haietako bat da Isabel Tainta iruindarra. Duela hamabi urte hasi zen euskara ikasten, eta berehala egin zuen bat Mintzakide egitasmoarekin. Bidelari izan zen hasieran, eta bidelagun da orain. Zenbait taldetan aritzen da, astean hiru egunez.

Taintak zalantzarik ez egiteko eskatu die euskara ikasten ari direnei: “Eman dezatela izena, Mintzakide egitasmoa biziki interesgarria baita”. Euskaltegian hasi zenean jaso zuen Taintak mintzapraktirako tresna horren berri. “Egitasmoko arduradunetako bat etorri zitzaigun hitzaldi bat ematera. Aukera polita iruditu zitzaidan, eta bi lehengusurekin eta beste lagun batzuekin taldea osatu genuen”.

Duela hamabi urte hasi zen Tainta Mintzakide egitasmoan parte hartzen. Bidelagun baten eskutik, ostiraletan hasi ziren elkartzen, euskaraz hitz egiteko asmoz. 2020an pandemia hasi zenean, taldea bitan zatitu zuten. “Gehiegi ginen internet bidez mintzapraktika egiteko, eta bi talde osatzea erabaki genuen. Ni bietan nago”, azaldu du.

Ostegun eta ostiraletan egiten dituzte saioak. Horiek ez dira Taintaren talde bakarrak, halere: asteartero biltzen den bertze baten arduraduna ere bada. “C1 azterketa gainditu eta gero, pentsatu nuen nik Mintzakide egitasmoaren bidez jaso nuen guztia itzuli nahi nuela, eta besteak lagundu, ni lagundu ninduten bezala”. Asmo horrekin, hain zuzen, bertze bi talde sortu zituen. Pandemiaren eraginez, haietako bat desagertu zen, baina bertzearekin segitzen du. Mintzanet.eus egitasmoaren bidez, gainera, Urretxuko (Gipuzkoa) andre batekin aritzen da online.

Denbora eta gogoa badituela nabarmendu du Taintak. 61 urte ditu, baina aspaldi hartu zuen erretiroa, eritasun baten ondorioz. “Taldean denak gara erretiroa hartutakoak: niretzat inportantea da, antzeko esperientziak izan ditugulako, eta errazagoa delako denon interesekoak diren gaiak izatea hitz egiteko”.

Mintzakidek osatutako taldeak “lagun talde” bilakatu direla aitortu du Taintak: “Gure gauzez aritzen gara; seme-alabez, bilobez, gure egunerokoaz…”. Zentsurarik ez dutela erantsi du: “Errespetuz, edozer gairi buruz mintza gaitezke”, erran du.

“Hitz egitea” baita kontua, “eta, batez ere, beldurra eta lotsa galtzea. Hori da helburu nagusia. Ongi egiten ikasteko, gaizki egin behar da lehendabizi, umeek bezala”.

Bertzelako ekinaldiak

Ikasten ari direnek hitz egitea da Mintzakideren helburua. Taintak gaineratu du egitasmoak balio duela ere erdaldunak hizkuntzara hurbiltzeko: “Saiatzen gara saioak esparru euskaldunetatik at egiten, ingurukoek euskara entzun dezaten; ohar daitezela besteak euskaraz aritzen garela”.

Astean behingo saioez gain, bertzelako ekinaldiak ere sustatzen ditu Mintzakide egitasmoak; bertzeak bertze, mendi talde bat osatu dute, mintzapraktika, natura eta txangoak uztartzeko asmoz. Hilabetean behin egiten dute bat kideek, mendian ere euskaraz aritzeko.