Auzo bat sortzeko bidean

Auzo bat sortzeko bidean

Iruñeko Zabalguneko Zabalsanche auzo elkarteak ez du bat egin Iruñeko Udalak Gurutzeko plazan lur azpiko aparkaleku bat egiteko duen asmoarekin. Elkarteko kideek urtebete daramate lanean, Zabalguneko auzokideen arteko sarea ehuntzeko.

Edurne Elizondo

Alegazioak, bilerak, hedabideentzako oharrak… Lanez gainezka dira Iruñeko Zabalguneko Zabalsanche auzo elkarteko kideak. Pandemia lehertu baino pixka bat lehenago sortu zuten taldea, eta, ondorioz, lehendabiziko bi urteak geldirik eman zituzten. Duela urtebete jarri ziren martxan, eta hamabi hilabeteotan denetarik egin behar izan dute: elkartearen berri emateko ekinaldiak antolatu dituzte, Zabalgunearen eguna ospatu zuten maiatzean, lehendabiziko aldiz, eta, azken boladan, berriz, Iruñeko Udalak Zabalgunean garatu nahi dituen hirigintza planak aztertzen aritu dira.

Udalak, bertzeak bertze, lur azpiko bertze bost aparkaleku egin nahi ditu auzo horretan; haietako bat Gurutzeko plazan, Zangoza karrikaren azpian. Zabalsanche asmo horren kontra agertu da: elkarteko kideek ez dute uste aparkaleku gehiago behar denik —eskatu dute araututako aparkalekuetan bizilagunentzako eremuak ezartzeko, kanpotik doazen autoen kopuruak behera egin dezan, eta auzokideentzat gordetzeko tokia, halaber, inguruko lur azpiko zenbait aparkalekutan—, eta, egitekotan, garbi daukate Gurutzeko plaza dela “tokirik txarrena”.

Sei pertsonak osatzen dute Zabalsanche elkarteko zuzendaritza, eta denak dira emakumeak. Haietako hiru dira Maite Zudaire, Mertxe Zufia eta Mila Boj. Zabalgunean hazi eta bizi dira hirurak, eta auzo horren

bilakaeraren lekuko izan dira, ondorioz. Tristuraz azaldu dute Zabalgunea orain ez dela auzo bat. “Hiri bat gara”. Errealitate horri buelta eman nahi dio Zabalsanchek, hain zuzen ere. Auzo bat izan nahi dute, berriz ere, eta auzo gisa dagozkien zerbitzuak eta azpiegiturak eduki. “Aurreiritzi anitz bada Zabalguneari buruz”, kontatu du Bojek. “Hiriko eta herrialdeko zerbitzu anitz hemen daude zentralizatuta, baina auzo gisa ez dugu deus”, erantsi du Zufiak.

Asmo orokorrak

Iruñeko Udalak 2018an egin zituen II. Zabalguneko Hirigintza Jardueretarako Plan Bereziko lehendabiziko urratsak. Iaz aurkeztu zuten jendaurrean, eta, udan hasi eta azarora bitarte, plan horri alegazioak aurkezteko aukera izan da. Zabalsanchek egin ditu bereak.

Planak bi zati ditu: lehenak, asmo orokorrak jasotzen ditu, eta, bigarrenak, berriz, jarduera jakin batzuk. Asmoen artean, jasangarritasuna aipatzen du planak, bai eta ibilgailuen kopurua jaisteko eta eremu berdeena igotzeko beharra ere. Jarduera jakinek, baina, ez dute asmo horiekin bat egiten, Zabalsancheko kideek salatu dutenez.

Zabalgunearen arazo nagusietako bat da kutsadurari buruzkoa, eta Iruñeko Udalak sustatu nahi dituen proiektuek egoerak okerrera egitea baino ez dute ekarriko, Maite Zudairek nabarmendu duenez. “Ibilgailuen kopuruak gora eginen du; gainera, auzoan dagoen eremu berde bakarrenetako bat suntsitu nahi dute”.

Izan ere, Gurutzeko plazako aparkalekua egiteko proiektuak eraginen luke 46 zuhaitz plazatik desagertzea. “33 moztu nahi dituzte, eta gainerakoak, bertze tokiren batean landatu. Modu batera edo bertzera, zuhaitzak kenduko dituzte”, erran du Zudairek.

Iruñeko Udalak Zabalgunerako prestatu duen hirigintza plan berezian jasota dago Gurutzeko plazako aparkalekua. Udal gobernua, baina, plan horretatik at ari da proiektu hori lantzen. “Korrika eta presaka ari dira dena egiten; udaleko gainerako taldeei ere ez diete eman proiektuaren berri”, salatu du Mila Bojek. Hirigintzako Jardueretarako Plan Berezia Iruñeko udalbatzak onartu behar du; Gurutzeko plazako aparkalekua egiteko proiektua, berriz, osoko bileran aztertu gabe ari da tramitatzen udal gobernua. “Eztabaidarik eta informaziorik eman gabe ari dira”, salatu du Zufiak.

Zabalsancheko ordezkariak Iruñeko Udaleko taldeekin biltzen hasi dira, hain zuzen, aparkalekuaren auzia jorratzeko. EH Bildu obra horren aurka agertu da, eta kontsulta bat eskatu du auzokideen artean. PSNk, berriz, obra kudeatzeko modua kritikatu du, baina aparkalekuaren alde egin du. Udal gobernuari eskatu dio, halere, lanak balia ditzala eremua oinezkoentzako espazio bilakatzeko. Geroa Baiko ordezkariekin ere mintzatu dira Zabalsancheko kideak. “Proiektuari buruzko informaziorik ez dutela onartu dute, eta hori salatu dute; baina aparkalekua behar dela erran dute”, kontatu du Mertxe Zufiak.

Lehen hiruhilekoan

Iruñeko Udalak aurtengo lehendabiziko hiruhilekoan hasi nahi ditu Gurutzeko plazako lur azpiko aparkalekuko lanak. Proiektu Estrategikoen zinegotzi Fermin Alonsok zehaztu du Sangoza karrikaren azpian eginen dutela obra, nagusiki.

Zabalsancheko kideek, baina, kezka agertu dute. Obrek inguruko eraikinetan izan dezaketen eraginaren beldur dira. “Informaziorik ezak” eta dena “presaka” egin nahi izateak auzokideen kezkak gora egitea baino ez du ekarri.

Proiektuak 13,7 milioi euroko aurrekontua du. Iruñeko Udalak 2,5 jarriko lituzke. Gainerakoa inbertsio pribatua izanen litzateke. Zufiak azaldu du Zabalguneko berrehun bizilagunek eman dutela izena Gurutzeko plazako aparkalekuan toki bat izateko —auzoak ia 21.000 bizilagun ditu—. Denera, 330 toki izanen dira, lau solairutan banatuta. “Toki bakoitza 30.000 euroan salduko dute. 330 badira, kontuak ez dira ateratzen”.

Maiatzean eginen dituzte udal hauteskundeak; Zabalsancheko kideek garbi dute Iruñeko Udalak dena “lotuta” utzi nahi duela ordurako. Batetik, aparkalekua egiteko obra lizitatu behar du, eta, bertzetik, lanak esleitu. Prozesu horren inguruko kezka agertu dute Zabalsanche auzo elkarteko kideek: “Ez dago argi obra esleitzeko denbora izanen dutenik; lizitazioa, baina, giltzarri izan daiteke, urrats hori egiteko moduaren arabera gerta daitekeelako, obrak esleitu ez arren, proiektua ezin bazter uztea”, ohartarazi du Mertxe Zufiak.

Zudairek badu bertze kezkarik: “Obrak alde batetik doaz, baina udalak edozein momentutan erabaki dezake Gurutzeko plazako zuhaitzak moztea. Gero aparkalekua egiten ez bada ere, gerta daiteke zuhaitzik gabe gelditzea”.

Autobus geltoki zaharra

Iruñeko Udalak bigarren Zabalgunerako prestatu duen Hirigintza Jardueretarako Plan Berezian bada Zabalsancheko kideen artean kezka eragin duen bertze proiektu bat: hiriko autobus geltoki zaharraren ingurukoa, hain zuzen ere. Espazio horri buruz, bi aukera jarri ditu planak erdigunean: berritzea da bat, eta eraistea bertzea, proiektu berri bat egiteko. Aukeretako bat da merkataritza gune bat egitea.

Zabalsancheko kideek uste dute Iruñeko Udalak autobus geltoki zaharra behera botatzeko aukera bazter utzi beharko lukeela. “Ez dago beharrik; berritu ditzatela goiko aldeko etxebizitzak, baina eraikina eraitsi gabe”.

Autobus geltoki zaharreko beheko aldean dago Geltoki. Espazio horrek hiriari anitz eman diola nabarmendu du Zudairek, eta harrera “hagitz ona” izan duela. Geltoki Iruña elkarteak kudeatzen du izen bereko autobus geltoki zaharreko espazio hori. 2018an jaso zuen udalaren kontzesioa, zazpi urterako.

Haurrentzako parke bat ere bada autobus geltoki zaharrean. “Zabalguneko teilatupeko bakarra da, eta Alde Zaharrean ere bertzerik ez da. Behar da”, aipatu du, bertzalde, Mertxe Zufiak.

2022ko Zabalgunearen eguna, auzo horretako karriketan, Zabalsanche elkarteak antolatuta. Zabalsanche.

Haurrentzako parkeaz aritu dira Zabalsancheko kideak, eta euren haurtzaroko Zabalgunea oroitu dute. “Karrikan egoten ginen, karrikako lagunekin osatzen genuen kuadrilla”.

Orain hori ez dela gertatzen kontatu du Zudairek, tristura puntu batekin. Auzo izaera horren galerak ekarri duela bizilagunen artean harremanak izateko moduak aldatzea ere. Baina egoera horri buelta eman nahi diotela berretsi dute, Zabalgunea berriz auzo bilakatzeko, eta bizilagunen sarea ehuntzen laguntzeko —Zabalsanche@gmail.com helbidea dute haiekin bat egin nahi dutenentzat—. Horretarako, maiatzean bigarrenez eginen dute Zabalgunearen eguna; lehenago, kultur aste bat antolatu dute martxorako; eta urtarrilaren 28an, gainera, Auzoak plataformaren besta hartuko dute.