Astebeteko greba egin dute zahar etxeetako langileek. Herrialderako sektoreko lan hitzarmen “duin bat” dute xede.
Edurne Elizondo
Giro hotz eta ilunak ez zituen Nafarroako zahar etxeetako langileak kikildu: kalera atera ziren joan den ostiralean, Iruñean; bost egunez egin zuten greba —UGT, LAB eta ELA sindikatuen babesarekin—, eta manifestazio batekin amaitu. 2021eko maiatzean hasi zituzten protestak, herrialderako sektoreko hitzarmen bat lortzeko asmoz.
Langileek aitortu dute “nekatuta” daudela, baina garbi dute “lan hitzarmen duin bat” behar dutela, eta borrokan segituko dutela, lortu arte. Gizartearen bultzada eskatu dute, zahar etxeetan gertatzen ari denaren ardura “gizarte osoari” dagokiolako.
“Zerbitzu publikoak pribatizatu dituzte; hori da arazoaren muina, eta bada garaia hori onartzeko. Herritar guztien bultzada behar dugu egungo egoerari buelta emateko”, berretsi du LAB sindikatuko kide Izar Alkuazek.
Iruñeko Erruki Etxetik abiatu zen joan den ostiral arratsaldeko protesta. Herrialdean dauden 74 zahar etxeetako bat da hiriburuko hori. 74 horietatik bi bakarrik dira publikoak, gaur egun: Iruñeko El Vergel da bat, eta Lizarrako zahar etxea da bertzea. “Gure helburu nagusia da zerbitzu osoa publiko bilakatzea”, nabarmendu du ELAko ordezkari Izai Bujandak. Helburu hori lortu bitartean, zahar etxeetan ari diren langileentzat “baldintza duinak eta egokiak” eskatu dituzte sindikatuek, hain zuzen ere. Herrialdean, denera, 4.500 pertsona baino gehiago ari dira zahar etxeetan lanean, eta gehienak emakumeak dira. Egun, lan kargari eta prekaritateari egin behar diete aurre langileok.
“Nekatuta eta haserre”
“Ez da bidezkoa gertatzen ari dena. Nekatuta gaude, eta, batez ere, haserre; gure onena ematen dugu lanean, baina ez dugu merezi duguna jasotzen trukean; soldatak eskasak dira, eta lan karga, hagitz handia. Ezin dugu horrela segitu”, kontatu du Iruñeko Beloso Alto zahar etxeko langile Ana Rosa Gaztelu Vargasek.
Bat egin du Dolores Amarilla lankideak. “Lan hitzarmen duin bat lortzea da egungo egoera konpontzeko modua”. Etsipenez erantsi du langileek sentitzen dutela gizarteak ez diola euren lanari balioa ematen. “Ez gaituzte entzun nahi”.
Sara Txokarrok eta Tara Hidalgok Mutiloako Amma Mutilva zahar etxean egiten dute lan. Etsipenak hartu ditu haiek ere, neurri batean, ia bi urte joan direlako jada protesten bidea hasi zutenetik. Halere, nabarmendu dute borrokan segitzeko prest direla, lanean duten egoeraren zama “handiegia” delako. “Karrikara ateratzen jarraitu behar dugu, lan hitzarmen bat behar dugulako, behar dugulako gure lana aitor dezatela; bigarren mailakotzat jotzen gaituzte beti, eta nekatuta gaude”.
Sindikatuek garbi dute aitortzarik ezak lotura estua duela lan motarekin eta langileen soslaiarekin. Emakumeak dira ia denak; haietako anitz, gainera, migratzaileak. “Zaintzari ez zaio duen balioa ematen”, azaldu du Bujandak.
Hiru gai funtsezko
Sindikatuek oinarrizko zenbait baldintza jarri dituzte erdigunean, herrialderako sektoreko lan hitzarmena sinatu ahal izateko. Hiru puntu jo dituzte funtsezkotzat: urtean 1.592 ordu lan egitea; soldatak duintzea, eta gaixoaldian soldata osoa jasotzea. Beste bat ere jarri dute erdigunean, laugarrena, patronalaren erantzunaren ondorioz: “Patronalak aukera izan nahi du herrialderako eskatzen ari garen sektore hitzarmena bazter uzteko; klausula bat ezarri nahi dute, hori egin ahal izateko zahar etxeko toki guztiak beteta ez badaude. Ezin dugu hori onartu”, salatu du Bujandak.
Patronalaren helburua dirua irabaztea dela erantsi du Bujandak, eta Nafarroako Gobernuari eskatu dio, hain zuzen, esku har dezala, zahar etxeetako langileena “gatazka sozial bat” delako. LABeko Izar Alkuazen hitzekin bat egin du: “Zahar etxeen auziak gizarte osoa ukitzen du”.
Argazkiak: Iñigo Uriz / Foku.