Zenbait alkatek desjabetzeak salatu dituzte. Sustrai Erakuntza fundazioak alegazioak aurkeztu dizkio Castejongo zatiko proiektuari.
Edurne Elizondo
“2023. urtea erabakigarria izanen da Nafarroako abiadura handiko trenarentzat: zati guztietako obrak egonen dira bukatuak edo martxan”. Espainiako Garraio eta Mugikortasun ministro Raquel Sanchezenak dira hitzak; abenduan erran zituen, Iruñean, Nafarroako Gobernuko lehendakari Maria Txibiterekin bilera bat egin eta gero. Txibitek, hain zuzen, bere gobernuak AHTarekin duen “konpromisoa” berretsi zuen ekitaldi berean, eta azaldu zuen 2022an 64 milioi euro baino gehiago gastatu dituztela Nafarroako abiadura handiko trenaren obretan.
Azken hilabeteotan, agintari politiko anitzen adierazpenen erdigunean izan dira AHTaren obrak; herritarren artean ere kezka eragin dute azpiegitura horren inguruan egindako azken urratsek. Joan den astean, hedabideen aurrean agertu ziren Puiu, Barasoain, Garisoain, Tirapu, Tebas-Muru Artederreta eta Biurrun-Olkotz herrietako alkateak, Puiu eta Campanas arteko zatiko azken proiektua salatzeko. Castejonen, berriz, Zero zatia deritzona kritikatu dute herriko udalak eta Sustrai Erakuntza fundazioak; alegazioak aurkeztu dizkiote proiektu horri.
Puiu, Barasoain, Garisoain, Tirapu, Tebas-Muru Artederreta eta Biurrun-Olkotz herrietako alkateek nabarmendu dute herriok ukitzen dituen obren zatiko orain arteko proiektua aldatu dutela, eta udalerriotan hektarea gehiago desjabetzea eraginen duela proiektu berriak; zehazki, zazpi gehiago izanen dira Puiun; 30 Garinoainen; hogei Barasoainen; eta 65, berriz, Biurrun-Olkotz eta Tebas-Muru Artederretan.
Hektarea horiek, gainera, zabortegiak egiteko baliatuko dituztela ezagutarazi dute alkateek. Zehaztu dutenez, hamahiru zabortegi egin nahi dituzte, trenbidea egiteko obretan mugituko duten lurra botatzeko; denera, 5,3 milioi metro kubo lur mugituko dituzte, proiektuaren arabera, eta haietako 3,5 milioi metro kubo bota nahi dituzte zabortegi horietan.
Bertzalde, alkateek kritikatu dutenez, zabortegiak egiteko lurrak desjabetzen badituzte, herriotako herri lurrak galduko dituzte, eta horrek eragina izanen du udalerrien egoera ekonomikoan. Proiektuak despopulazioari mesede eginen diola erantsi dute, eta ezin dutela horrelakorik onartu.
Castejongo zatia
Castejonen ere kezka dute udaleko arduradunek. Alegazioak aurkeztu dituzte herri horretako Zero zatia deritzon obren proiektuaren aurka. Castejonen, zehazki, zazpiehun metroko zubibide bat egin nahi dute, Ebro ibaiaren gainean. Zubibide horri lotuta, lau kilometroko trenbide zati bat eraiki nahi dute, abiadura handiko trenaren plataforma eta oraingo trena batzeko, Tuterarako eta Zaragozarako (Espainia) norabidean.
“Proiektu horren zati handi bat tramitatu ere ez dute egin. Lehendabiziko proiektua berriki aurkeztu dute. Ingurumenean eta esparru sozialean kalte larriak eraginen lituzke”, salatu du Sustrai Erakuntza fundazioak, ohar baten bidez. Fundazioak erantsi du AHTa ez dela bideragarria, ez diola lurralde kohesioari mesederik eginen, eta dirua eta energia “xahutzea” ekarriko duela, gainera.
Espainiako Garraio ministro Raquel Sanchezen eta Nafarroako Gobernuko lehendakari Maria Txibiteren arteko abenduko bileran, Castejongo lanak ere izan zituzten mintzagai. AHTaren zati horri buruz, hain zuzen ere, erakundeok ezagutarazi dute Ebro ibaiaren gaineko zubibidea egiteko lanek ia 69 milioi euroko aurrekontua izanen dutela.
Tafalla eta Campanas arteko zatirako, berriz, 240 milioi euro baino gehiagokoa izanen da aurrekontua, Espainiako Gobernuko ordezkariek aipatu dutenez. Hamabost kilometro luze izanen da zati hori, eta, proiektuaren arabera, hiru tunel eta zubibide bat izanen ditu.
Argazkia: Nafarroako Gobernua.