“Orain, onartzen da estatuak eragindako biktimak badaudela”

“Orain, onartzen da estatuak eragindako biktimak badaudela”

Nafarroako Foro Sozialak hilaren 18an eginen du bidean lagun izan dituenen babesa eskertzeko azken ekinaldia, Iruñean. Foroko kide Expe Iriartek erran duenez, ate asko jo zituzten hasieran, baina gutxi ireki zizkieten.

Edurne Elizondo

Oraingoa ez da duela hamar urteko gizarte bera. Nafarroako Foro Sozialak egindako lanaren arrastoa sumatzen dela erran du, harro, foroko kide Expe Iriartek (Nabaskoze, 1957). Biktimen parte hartzea eskertu du, bereziki.

Helburuak lortuta, amaitutzat eman duzue Foro Sozialaren bidea. Egindako lanarekin kontent?

Lau ardatz zehaztu genituen lanean hasi ginenean, eta haien inguruan, berriz, hamabi gomendio. Hamabi auzi horietatik 11 konponduta edo konpontzeko bidean dira. Bakarra gelditzen zaigu batere jorratu gabe.

Desmilitarizazioarena?

Bai; polizia ereduari buruzko gogoeta bultzatu nahi genuen, baina ez da deus ere egin, ez ditugu lan hori egiteko baldintzak lortu.

Nafarroan bide propioa egin duzue.

Foro Sozialak lau ardatz nagusi izan ditu: armagabetzea; motibazio politikoko presoen egoera; biktima guztiak, ETArenak eta estatuarenak; eta memoria, kontakizunak. Hori guztia ezberdin bizi izan da Nafarroan, EAEn eta Ipar Euskal Herrian. Horregatik behar zen talde bat hemen.

Zeintzuk izan dira oztopo nagusiak Nafarroan?

Taldea biltzen hasi zenean, egonkortzea izan zen lehen erronka. Iritzi oso ezberdineko pertsonok bat egin genuen. Ate asko jo izan ditugu, baina, hasieran, oso gutxi irekitzen ziren. Denborak aurrera egin ahala, eta isileko lan handia egin eta gero, hasieran itxita zeuden ate batzuk ireki dira. Nik uste dut Nafarroan bereziki bizi izan dugula garaileen eta garaituen politika hori, eta zailagoa izan da elkarbizitza. Halere, hasierako korapilo batzuk askatuz joan dira.

Taldea egonkortzeko asmo horretan, lortu duzue esparru ideologiko guztietako jendea erakartzea?

Ez. Eskuina ez da taldera hurbildu. Izan dira zenbait hitzalditan, parte hartu dute, baina ez dira batu taldera. Dena den, taldean eragileak eta norbanakoak izan dira, eta uste dut askotarikoa izan dela.

Erakundeei dagokienez, zer-nolako harrera jaso duzue? Lagundu du 2015etik UPN Nafarroako Gobernutik kanpo egoteak?

Horrek erraztu du bidea. Hasieratik, urtean behin antolatu izan dugu ekinaldiren bat Nafarroako Parlamentuan, eta hori oso inportantea izan da. Erakundeen rola funtsezkoa da: inplikatu behar dute. Erakundeen babesak konfiantza pizten du herritarrengan.

Parlamentuan, bertzeak bertze, biktimei eman diezue hitza; ETAren eta Espainiako Estatuaren biktimei.

Bai. Oso inportantea da elkarri entzutea: entzutea, ulertzea, bestearen mina onartzea.

Parte hartu duten biktimen inplikazioa inportantea izan da?

Oso inportantea. Oso eskuzabalak izan dira, eta eskertu behar diegu parte hartu izana. Joera dugu gure eta besteen biktimak bereizteko, eta dinamika hori ere apurtu behar da. Uste dut biktimekin antolatu genituen mahai inguruak oso gogorrak izanen zirela haientzat. Eta haiek elkarrekin hitz egiteko gai izan badira, nola ez gara besteok auzokidearekin hitz egiteko gai izanen?

Biktimen auzian “asimetria” dagoela erran duzue.

Onartu behar da biktima guztiek sufritu dutela. ETAren biktimek erakundeen babes handiagoa jaso dute, eta estatuarenak, berriz, ikusezinak izan dira; haien familiak ere ez ziren ausartzen hitz egitera.

Paco Etxeberriak erran izan du ETAren biktimek gizartearen babesa falta izan dutela, eta estatuaren biktimek, berriz, erakundeena. Ados zara?

Bai, baina uste dut egoera ezberdina dela herrialdearen arabera. Gipuzkoa eta Nafarroa ez dira berdinak izan, adibidez. Nafarroan, nire ustez, ETAren biktimek izan dute gizartearen babesa. Gertatu da gizartea ere oso polarizatua egon dela.

Asimetria hori gainditzeko ahalegin bat sumatu duzu Nafarroan?

Bai. Erakundeek urrats garrantzitsuak egin dituzte. Hori izan da gehien garatu diren bideetako bat. Torturaren auzia, adibidez, ezkutuan zegoen garai batean; orain, bada Nafarroako Gobernuak eskatutako txosten bat, torturatu dituzten herritarren ingurukoa. Torturatuen sare bat ere bada, eta bidea egiten ari da. Asko dago egiteko, baina urrats garrantzitsuak egin dira; itzalpetik atera da gaia.

Herritarrek elkarbizitzaren alde egin nahi dute?

Hori da helburuetako bat. Eta elkarbizitza ez da elkarren ondoan egotea; partekatzea da, hitz egitea eta lasai eztabaidatzea. Uste dut esperantza badela, baina korapiloak askatuz eta ateak irekiz joan behar dugu. Nire ustez, orain lasaiago hitz egin dezakegu estatuaren biktimez, lehen baino. Uste dut orain onartzen dela estatuak eragindako biktimak badaudela.

Hamar urte joan eta gero, zeintzuk dira oraingo oztopo nagusiak Nafarroan?

Lobby ideologikoa deritzoguna, eskuinarena. Oraindik ere saiatzen dira euren interes alderdikoien alde egiten. Memoriaren gaiarekin lotuta dago hori. Badute kontakizun jakin bat egiteko eta zabaltzeko nahia. Kontakizunaren arlo horretan ere uste dut aurrera egin dugula, eta badagoela, nolabait esanda, kontakizun poliedriko bat. Nafarroan hori onartzea gehiago kostatzen da, ordea. Zaila da, baina funtsezkoa da kontakizun bat baino gehiago daudela onartzea.

Ustekabean topo zikloko hitzaldi bat egin zenuten Iruñean, iazko ekainean, eta UPNko eta PPko parlamentari ohi Santiago Cervera aritu zen. Esanguratsua izan da?

Mahai inguru hartan ikusi genuen badela eskuineko jende bat prest dagoena zerbait lantzeko. Hori inportantea da. Gauzak ez dira egun batetik bestera aldatzen. Adibidez, desagertu ez balitz bezala hitz egiten dute ETAri buruz.

Autokritikarako beharra dago?

Agian, bai. Kontuan izan behar dugu estatuak ez duela onartu ere egin GAL eta torturak egon direnik. Eta hori inportantea da. Ezinbestekoa da biolentzia sortu duenak sortu duela onartzea. Estatuak, ordea, ez du halakorik egin.

Nafarroan, ezkerrak izan du autokritikarako gaitasun handiagoa?

Baietz uste dut. Uste dut ezkerrak urrats gehiago egin duela; akaso, behar handiagoa zuelako.

Otsailaren 18an eginen duzue Nafarroako Foro Sozialaren azken ekitaldia, Iruñean; orokorra, berriz, martxoan. Etapa bat ixteko prest?

Harro nago egindako lanaz. Prozesua gogorra izan da, baina aberasgarria, aldi berean. Isileko lan handia egin dugu, eta eragile askorekin bildu gara. Oraingo egoera ez da duela hamar urtekoa. Orain beste eragile batzuei dagokie aurrera segitzea.

Argazkia: Aitor Karasatorre / Foku.